GU , zaarrak batez ere, gaur entzuten ditugun gauzak entzunda, arrituta gelditzen gera askotan.
Baiña, bestaldetik, pentsatzen jartzen naiz eta, gure gazte denboran, erri txikiak batez ere, apaiz jaunaren mendean egoten zirala esango nuke. Alkateak baiño geiago agintzen zuten apaizak. Aren esanera egoten ziran denak.
Orduko kontuak eta gaurkoak ez dira berdiñak. Orduan, esate baterako, geiegizkoak izango ziran sinismen kontuak. Gaur, berriz, gutxiegi. Zeiñek artu neurri juxtua gauz oieri? Nik ezin dezaket esan ori.
Guk ikasi genduan dotriñak amar mandamentu ditu, baiña bi mandamentu dira batipat, nere ustez, bete bearrekoak: Jainkoa maite gauza guztien gaiñetik edo serbitu, eta lagun urkoa maitatu nork bere burua bezela.
Baiña mandamentu au betetzen al degu? Nik ez uste, eta ez badegu betetzen, ez degu Jainkoa ondo serbitzen, nere ustez.
Mandamentu edo Jainkoaren agindu oiek ondo betetzea ez da erreza izan len. Orain ere ez, eta gero ta zaillago izango da nere ustetan.
Nere iritzi apalean au esango det:
“Gure bizitzako artu-emanak al dan juxtuen eraman edo bete; iñori kalterik ez egin, al bada, eta premian dagonari lagundu, nola edo ala. Esaten dutenez, badago mundu zabalean premian dagon jende ugari-ta. Aieri laguntzeko eman limosna borondate onenarekin. Eta abar. Ori egin ezkero, an nunbait ibiliko gerala uste det.”
* * *
Beste gauz bat ikusten dana gaurko egunean, ezkontza kontuak asko narrastu zaizkigula. Ajola gabetu egin da jendea.
Badakigu matrimonioko sakramentua ez dala ain erreza ondo eramaten, baiña inportantzi aundikoa da geroko etorkizunerako. Batez ere seme-alabak dituzten gurasoentzako.
Lenengo egin bear dana, beren arteko utsegiteak alkarri barkatu. Danok baigera utsegiteak ditugunak mundu ontan, gutxi edo geiago.
|
Gero, seme-alaben etorkizuna. Beti izan da kezkagarria, eta gaur, zer esanik ez. Badaukate zer pentsatua.
Gurasoak, beintzat, alegindu zaitezte al dan ondoen erakusten eta ejenplo onak ematen, etxean da kanpoan. Gaztetan ondo ikasia nekez aaztutzen da-ta.
Etxea da aurreneko eskola, eta gurasoak maixu. Baiña guraso, aiton-amona eta eskolak, saia gaitezen danok al dan ondoen azitzen gure aurrak, erakusbide onak emanez. Eta ez itzez bakarrik. Ea lortzen degun maitasun geixeago gure artean eta mundu osoan.
* * *
Gu, zaar-abarrok, fede sendoa degunok, asko sufritzen degu sinismena orrenbeste oztu zaigun ontan.
Nik esan bear banu, fedea ez da galduko oraindik, oztu eta auldu baizik. Entiarrotan beiñere baiño jende geiago ikusten da; mezetan Jauna artzen ere bai; Confesión General oietan, berriz, zer esanik ez; aurrak lenengo Jaun artzea egiten dutenean, eliza gaiñezka. Eta orrek, neretzat, zerbait esan nai du. Ez da itxura bakarrik izango.
Egun batean, elizara ninjoala, iru lagun ikusi nituan etxetik ateratzen, eta irurak “Gurutze Santuaren...” egiñaz atera ziran. Pertsona elduak, baiña etziran ain zaarrak oraindik. Eta neri poza eman zidan ura ikusteak.
Urte asko dira pralle batek esan zidala:
Egunero etxetik ateratzekoan, danok egin bearko genduke “Gurutze Santuaren...”. Gauza ederra da benetan. Artzazu oitura ori, lanera, eguna pasatzera edo biajeren bat egitera zoazenean. Ondo itzuliko zera beti. Ori egingo bagenu danok, ez litzateke ainbeste ezbear eta dezgrazi izango. Pentsatzen det alperrik ari naizela gauz auek idazten. Txorakeriak dirala esango du zenbaitek. Baiña nik lenengo dotriña zaarrean ikasia etzait aaztutzen, eta segitzen diot aitaren egiten etxetik ateratzekoan. Eta baita lotara joatekoan ere. Ez daukat, gaiñera, damurik eta batere lotsik esateko.
Etxetik noranai joan naizen guztietan ondo eta pozik itzuli naiz beti. Eta orrela jarraituko det onezkero, Jainkoak nai duan arte.
|