Ezbearra


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Joxe »  Ezbearra

Joxe Ayerbe

Ezbearra



Ezkondu eta andik iru urtera, 1967’an, 33 urte nituala izan nuan ezbear gogor batek, zearo aldatu zuan nere bizitza. Luzaroan egon nintzan osatu eziñik. Osatu bai azkenean, baiña nere lanerako aalmenak naiko mugatuak gelditu ziran. Ainbestean konten ala ere... Egoera artan, pentsatzeko denbora asko izaten nualako edo, berpiztu egin zitzaidan idazteko zaletasuna. Orduan asi nintzan berriro. Gaia asmatzeko, berriz, ez neukan burua asko nekatu bearrik.

Ezbear ura gertatu ezean ez nintzan asiko lan auetan: bertso-idazten, euskera lantzen eta geroago itz lauz idazten eta abar. Ortan seguru nago. Beraz, alde txar askoren artean dena kalterako izan zanik ere ezin esan. Ezbearrari buruz ez det besterik esango: bertsoak irakurriz jabetuko zera ondoen.


1
Ezbear txar bat dala medio
asi bear det mintzatzen,
okerra noiz da nola datorren
iñork ezpaitu asmatzen.
Ustez seguru gabiltzanean
aundiñak dira gertatzen,
errez min artu baña ez dira
guk nai orduko sendatzen.
2
Milla beatzireun irurogei ta
zazpigarrengo urtean,
gogoan ondo jasotzearren
Santa Kruz egun goizean.
Zer gertatu dan esan bear det
ta Loyola‘ko partean,
berialaxe jakingo dezu,
itxogin pixka batean.


3
Nonbait guretzat sortuak dira
bai goxo eta bai miñak,
bakoitzarentzat bere neurrian
gure Jainkoak egiñak.
Une onetan neretzat dira
ordu ta egun samiñak,
pazientzia emango al dit
zeruko Ama Birjiñak.
4
Adierazi al dan ondona
nai det gure gertaera,
garbi esaten saiaiutzeko
lagun bi ere bagera.
Azensorian topo egin da
igo bai giñan batera,
seigarrenera iritxi eta
erori andikan bera.


5
Bata besteai begiratuaz
biok zarrazki batian:
“Zer etorkizun ote daukagu
lurreraño irixtian”.
Nere orduko pentsamentuak
geiago ere bazian,
kontentu egon gaitezke, lagun,
alere orrenbestian.
6
Kolpe gogorra artu genduan
bera iritxitakoan,
lendabiziko itzak auk ziran
oraindik dauzkat gogoan.
Galdera auxe egin zenidan:
“ia zer moduz nengoan?”
Burua argi gendukan baña
gorputza al zan moduan.


7
Lagun jatorra, egin didazu
zintzo ta zuzen bixita,
azaldu dezu ez naukazula
alde batera utzita.
Ni berriz ezin geiago poztu
ondo zaudela ikusita,
zuretzat gaitzik ez bedi izan
ez dezu ba merezita.
8
Adiskidea sendatu zera
ni baño askoz lenago,
bietatik bat ondo bear da
zu izatea naiago.
Orain ni ere ondo arkiturik
oso asarre ez nago,
garai batean ez bai nun uste
alkartutzerik geiago.


9
Ordu ezkeroz ementxe nago
mintsu elbarri tartean,
iñola ere ezin mugitu
beti postura batean.
Eguna joan da eguna etorri
ainbatxo illabetean,
ondo jartzeko itxaropena
alere nere ustean.
10
Badakit, jaunak, dirala auek
txit oso kontu tristiak,
baiña egiak ez du merezi
aitortu gabe uztiak.
Oraindik geio badira eta
esango ditut guztiak,
eskarmentua izan dezaten
gero nerekin bestiak.


11
Okerra bear duan garaian
ez da izaten zuzenik,
nereak ala bearko zuan
ta ez dago zer esanik.
Badakit emen ez dala iñor
deskuidatutzen ez danik,
baiña arretaz jarrai dezagun
ez dedin galdu gizonik.
12
Nola litezke ola puskatu
oraindik gauza berriak?
Ez noski, auek, egon ba’ lira
bear bezela jarriak.
Orra ze kalte ekarri duan
gizonen zabarkeriak,
edo ez al du bate balio
kristau batzuen biziak?


13
Ainbat garrantzi duan gauzekin
ajola gabe asita,
ezin gaitezke lasai ibili
orrela gauzak jarrita.
Kontzientzia zer da nola dan
ez dezute ikasita,
baizik dirua gogoz maitatzen
kristautasuna utzita.
14
Nagusi eta langille ere
berdintsu ditut juzkatzen,
bakoitzak bere eginkizunak
ez badituzte betetzen.
Nolanai lana egin da berdin
oiek bait dira ordaintzen,
okerrik asko egingo dute
ez baditugu zigortzen.


15
Anai-arrebak, konsejutxo bat
asi bear det ematen,
biotz-biotzez beste gauzikan
ez diot iñoi esaten:
“Saiatu zaite gauza guztiak
bear bezela egiten,
nola zuk ala besteak ere
lo lasai egin dezaten”.
16
Pazientzian sufritzen Jaunak
erakutsi dit ederki,
ori ez duna galduta dago
berak’e ondo badaki.
Neure ustetan ez izan arren
askok dun ainbat aitzaki,
zenbat naigabe pasatu deten
Jainkoak bestek ez daki.


17
Orain eskerrak eman nai diet
nere ingurukoari,
ta batez ere etxeko eta
nere emazte onari.
Nai ez detala eman dizutet
eginkizuna ugari,
ala dalako, gaur bizi naiz ta
eskerrak berriz danari.
18
Ez bedi berriz olakorikan
iñoiz iñori gertatu,
bestela berriz Jaungoikoari
pazientzia eskatu.
Zuk, nagusia, lana ondo egin,
lagunikan ez zanpatu,
sekula ez aaztu zabarkeria
nun naitan dala pekatu.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org