 |
|
 |
 |
|
Joxe Ayerbe
OSATU edo sendatu bitartean, Antiguan bizitu nintzan, emaztearen etxean. An, premia ere bai eta denek, baiña bereziki emazteak eta Axun amagiarrebak oso ondo zaindu ninduten.
Alaba eta bere ama, biak “konkistatu” bear omen dira ondo izateko; eta nik ere orrelako zerbait egingo nuan... Baiña, orain, nik ere ondo zaintzen det amagiarreba; ez al da ala, Axun? Eta alaba, berriz...
Garai aiek eta, batez ere, Agustin Miner gogoratuz -aspaldiko bere berririk ez detnik oso gustokoak ditudan bertsoak eskeiñi nai nizkioke. Zergatik?
|
Egun batean, ariketa bezela “DIARIO INACABADO” izeneko lan bat jarri zigun euske-ratzeko.
Berak esan zigunez, artista bat il zanean bere gelan-edo, paper artean aurkitutakoa omen zan. Zana-zala, gu euskeratzen saiatu giñan eta, neri beintzat, bertsoak jartzeko gai egokia zala irudi-tu. Jarri ere bai egin nituan, eta Agustin’i era-kutsi nizkionean, asko gustatu zitzaizkion. Sariketara bidaltzeko modukoak zirala esan zidan eta nik bidali. Sarituak izan ziran gaiñera, oker ez banago.
|
|
-Urriak 5-
1
Aita ta ama, zuek oraindik
ezer ez dakizutela,
gaurtik aurrera badet bizia
beste ainbatek bezela.
Utsen urrengo izanagatik
pentsa zerbait banaizela,
badakit begi urdiñarekin
nexka izango naizela,
loreak ere gogozko eta
nik maiteko ditutela.
|
-Urriak 19-
2
Apur bat azi arren oraindik
ain txikia arkiturik,
bakarrik ezer ez nuke egingo
ez baneuka laguntzarik.
Amak lan guzik egiten dizkit
ezer ez dakielarik,
ez daki ere ni nola naukan
biotz azpian sarturik,
eta azitzen ari naizela
berai odola kendurik.
|
-Urriak 23-
3
Aurpegitxoan agoa ere
asia dago, egiten,
aurki parrezka asiko naiz ta
gero berriz itzegiten.
Beste guziak bezela: AMA!
lendabiziko esaten,
norbait naizela ez dakit, beraz,
zeiñek ukatu lezaken,
ogi apurrik txikiña ere
ez al da ogi izaten?
|
-Urriak 27-
4
Ain zuzen ere gaur asia da
lanean nere biotza,
eta artu du eten gabeko
oso egin bear latza.
Luze bezela berdin liteke
ura izatea motza,
bakarrik dakit gelditzen bada,
neretzako eriotza!
Baiña oraingoz ez naiz azkena
baizik asi dan bizitza.
|
-Azaroak 2-
5
Atzo baiño gaur aundiago naiz,
beti nijoa azitzen,
ankatxo eta besoak ere
or ari zaizkit tajutzen.
Baiña oraindik noiz asiko naiz
ni neure buruz ibiltzen?
Lasterka nere ankatxoekin
AMA zugana urbiltzen,
eta, aita, zu besarkatzeko
nere besoak zabaltzen?
|
-Azaroak 12-
6
Leen ez nituan beatz txikiak
sortu zaizkit eskuetan,
zeiñen txikiak diran oraindik
arrigarria benetan.
Baiña bizkorrak izango dira
beren eginkizunetan:
loreak bildu ta arkumetxoak
maite beste batzuetan,
esku-soiñua jo ere berdin
aparteko tokietan.
|
-Azaroak 20-
7
Sendagilleak gaur esan dio
nere amari lenengo:
“Andrea, zure barruan, noski,
beste bizi bat badago”.
“Ez al zenidan, ama, entzuten?”
esaten nizun lenago,
alkarren berri jakiteko ere
oso urruti ez nago,
baiña ez dakit gaur poztu zeran,
ni zoraturikan nago.
|
-Azaroak 25-
8
Aitamak ez dakite oraindik
ni nexkatoa naizenik,
bixkiak edo mutil naizela
egongo dira esanik.
Ze ustekabe artzeko dauden
ori bakarrik dakit nik,
izena ere erabaki det
AMA Mirari izanik,
nik ere berdin nai det jartzea
ez det nai beste izenik.
|
-Abenduak l0-
9
Umeak sortzen geran ezkero
jartzen degu naiko neke,
gauz ori AMA danak bakarrik
egitan esango luke.
Baiña zuk orain aurpegitxo au
ikusiko bazenduke,
nik nai bezela zure antzeko
naizela esan dezazuke,
eta ondoez denak aaztuta
musuka jango zenduke.
|
-Abenduak 13-
10
Pixkat argitzen asiagatik
illun dago neretzako.
gogorik asko badaukat, AMA,
illunpetik irteteko.
Nere begiak zabaldu eta
mundu ori ikusteko,
orko eguzki, mendi, itxaso
zertsu diran jakiteko,
zeiñen ederra zeran zu, AMA,
ikusi ta esateko.
|
-Abenduak 24-
11
Zure taupadak entzun nitzake
naiz zuk ez entzun neriak,
ez naiz arritzen, auek izanik
txiki ta indar gabiak.
Badakit zenbait ama ez dula
pozten aurra ekartziak,
naiago dute lasai bizi ta
egin ditzala bestiak,
baiña olakorik ez du pentsatu
iñoiz nere AMA maitiak.
|
-Abenduak 26-
12
Lenago ere banekien nik
bazirala egun beltzak,
eta etsaiak menderatutzen
izaten zirala gaitzak.
Baiña ez nekin ziñatenikan
orren guraso eskasak,
neri bizia ola kentzeko
zer ziran nere akatsak?
Alper gaiztoan ez ditut egin
orain arteko ametsak
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |