Ortiz eta Berrio


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Joxe »  Ortiz eta Berrio

Joxe Ayerbe

Ortiz eta Berrio



Bakoitzak bere gustoak eta griñak izaten ditugu, alperrik da, eta antxe aurkitzen degu gure gozamena. Baiña badira arrixku aundiko afizioak, eta zenbat eta arrixku geiago ura ta naiago, orduan eta gustorago, zenbait, itxura danez.

Mendi-gaillur beldurgarri oietakoak igotzea zan Erramun Ortiz eta Patxi Berrio´k zuten zaletasuna.
Oitura eta esperientzia izanagatik ekintza oietan, deskuidatu egin ziran, ezbearra izan zuten Asturias-ko Naranjo de Bulnes mendian eta antxe bizia galdu biak, 1969´ko neguan.

Ortiz ez, baiña Berrio oso ezaguna nuan eta, asko naigabetu nindun bere eriotzak.

Orduan ere zerbait egin nai eta:


1
Ain berri kezkatiak
asirik zabaltzen,
bereala jendea
asi zan kezkatzen:
"Mendira joan ziranak
ez dira etortzen...!",
gauz onik ez genduan
iñork esperatzen
2
Geroztik erne zeuden
begi-belarriak,
noiz entzungo, beti zai,
albiste berriak.
Etzaizkigun iristen
gero ta obiak,
azkenekoak berriz
txit penagarriak.


3
Jarritako plazoak
bete ziranean:
“Aiek ez datoz eta
goazen zuzenean!”
Ala asiak ziran
gau ta egun lanean,
eta illak topatu
biak azkenean.
4
Aurkitu zituzten da
gero komeriak!
Inguratu eziñik
dira ibilliak.
Alako parajetan
zeuden eroriak,
etziran ez makalak
aien baloriak!


5
Zergatik izandu da
oien eriotza?
Zerk gelditu diote
betiko biotza?
Ezbearra batetik
bestetikan otza,
nortanai ere beintzat
erremate motza!
6
Erramun Ortiz eta
Patxiku Berrio
jatorrak izatez da
askotxo balio.
Naigabetuak gaude
au dala medio,
Gipuzkoa guziak
negarra dario.


7
Mendi tontorrak izan
zuen gogozkuak,
ez zinduzten beldurtzen
iñoiz arrixkuak,
Eta naiz igo arren
orain artekuak,
geiago ez nai, nonbait,
gure Jangoikuak.
8
Iñork egin ez duna
egin nai zenduten
beste pentsamenturik
zuek ez zenduten.
Zoriona an zala
uste al zenduten?
Aurki dezazutela
beste toki baten.


9
Arkaitz beldurgarria
Naranjo de Bulnes,
mendizale guztiek
esaten dutenez.
Eskarmenta nai dunak
orain badu zeiñez:
udaran joan beti,
neguan bein ere ez.








     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org