 |
|
 |
 |
|
Joxe Ayerbe
Bertso auek jarri nituanetik, 1970´tik, gaur egunera, erruz aurreratu da gaitz beldurgarri oni buruz. Orduan izena esatea ere ia ez giñan ausartzen; itzegitea, berriz, zer esanik ez. Minbizia eta eriotza kasik eskutik lotuta ikusten genituan.
Gaur, zorionez, beldur aundia badiogu ere, normaltasunez itzegiten da. Erabat menderatzeko asko falta da baiña,
|
ez da sendatu eziñezko gaitza; sendakorra baizik kasu askotan beintzat.
Urte artan gure familiko etxe batetik, bi aizpa eraman zituan gaitz maltzurrak, gorriak ikusi ondoren.
Gaia ez oso alaia dalako baiña, neretzat balio izan zuan bertsoak jartzeko; eta ala bearrez, lenengo saria eman zidaten 1971´ko "Xenpelar" Sarian.
|
1
Nola edo ala baliatu bear
mundu ontako bizitza,
jaio giñanok or degulako
ain beltz zaigun eriotza.
Nekez da ona izatea nai
orren atzetik gabiltza,
baiña Jaunaren esku dago-ta
berea da azken itza.
|
2
Naiz garraztasun asko izanik
berez il bear bakarrak,
ori gogoan degula bizi
gera emen mumdutarrak.
Gazteak noiznai, ta eskaporik
ortik ez daukate zaarrak,
ikaratutzen gaituana da
ainbat sufritu bearrak.
|
3
Ia iñola ezin igaro
degu oraintxe egunik,
belarritara iritxi gabe
MINBIZIA´ren izenik,
eta bai al da entzundakoan
dardar egiten ez dunik?
Geien kezkatzen gaituan gaitza
dala esango nuke nik.
|
4
Aitatu utsak sortzen bait digu
otzikara gorputzean,
ortik pentsatu zer izango dan
guregana etortzean.
Zoritxarrean alakorikan
gertatutzen dan etxean,
pixkabateko irabaziak
laister dituzte utsean.
|
5
Aalegin danak egin ondoren
lortzen danean, gaitzerdi.
sendatzen danak badualako
berekin zerbait alderdi,
Baiña gaitz onek jotzen duanak
izanik ainbat pikardi
erremedioik ez da alperrik
bai diru ta bai izerdi.
|
6
Sendagillea asten danean
ezer esan nai ezikan,
galdetu eta: "geronek ziur
ez dakigu oraindikan".
Obe bearrez egingo dute,
nik ez dakit zergatikan,
dakitena da andik aurrera
ez dala izaten onikan.
|
7
Munduan diran jakintsu trebe
ospetsu eta aundiñak,
ondo dakigu ari dirala
urtu bearrean muiñak.
Sendagaienbat asmatu nairik
sendatzeko bizi-miñak,
baiña ez beti egi biurtzen
gizonaren alegiñak.
|
8
Aurrera erruz egin dutela,
ez dago esan bearrik,
artu dituzten neke ta lanak
danak ez dira alperrik.
Jakintsu oien buruan dago
pentsamentu au bakarrik:
egun batean lortuko dala
ez bada ezer okerrik.
|
9
Ojala gutxi faltako balitz
egun ori irixteko,
bearrean da estu daudenak
batez ere lasaitzeko,
gaitzaren mende aurkitzen dana
zuzenean sendatzeko,
eta sanoak, kezkarik gabe.
lasaiago bizitzeko.
|
10
Erremeioa nun billa leiken
ain gaiztoa da asmatzen,
izan leikenik ere askotan
ez bait zaigu iruditzen.
Nere buruak une onetan
orra zer duan galdetzen:
orren kontrako belarrik iñon
ia ez al dan jaiotzen?
|
11
Iñork ez zaitu begiz ikusten
eta dirudi gezurra,
ain ikusgaitza izanik nolaz
zu anibateko maltzurra?
Zuretzat txarrik ezer ez da ta
zorrotza dezu muturra,
txitxi xamurra bezela jaten
dezu mami ta ezurra.
|
12
Entzun izan det sortzez zaudela
gorputzaren barrenean
lotan bazeunde bezela agertzen
zaitugula aurrenean.
Baiña ez zera zintzo ibiltzen
beti gure esanean,
esnatu eta asten bait zera
gaitz egiten zuzenean.
|
13
Zertan ez dezu lotan irauten
gu bizi geran artean?
Ez al dakizu esna egoterik
ez daukagula batean?
Gero zuretzat izango gera
emengoa egitean,
bien bitarte utzi zaiguzu,
xomorro, arren, pakean!
|
14
Konturatu naiz au izan dala
amets hat balitz bezela,
eta parrezka egon daiteke
gure xomorro txepela.
Esanez: "Oiek uste al dute
orren txoroa naizela?
Janari otzik ez zait gustatzen,
naiago det jan epela".
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |