Munduratzera zoazen orri


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Joxe »  Munduratzera zoazen orri

Joxe Ayerbe

Munduratzera zoazen orri



Onoko arazo onek ere kezka sortzen dit eta ez txikia: Alde bateko eta bestekoen seta eta egosgorkeria dala medio, pake-giroan bizi aal izateko konponbide bat lortzeko iñor kapaz ez izateak. Ez dute nai, edo etzaie komeni, pentsa oi det askotan; borondaterik eza nabarmena bait da. Bien bitartean, au dalako edo ori dalako, negarra eta sufrimentua ugari ainbat familitan.

Kezkaren eragiñez edo, bertso askotxo ditut jarriak gai oni buruz, baiña ezin ditzaket denak sartu. Betekada aundia emango lieke liburuari, batetik; eta, bestetik, aspergarri gertatuko litzake. Batzuk bai ordea:


Doiñua: Aizak i motell Maiñontzi...



Aizak i motell Maiñontzi



1
Okerren bat ez badezu,
munduratzera zoaz zu,
eta, jakiña, munduko berri
ezer ez dakizu.
Zerbait jakin nai badezu,
orain entzun ezaidazu,
gero, agian :"Arrazoi zendun
esango didazu".
2
Makiña bat amets zoro
egin dezu onezkero,
ezin-obea ametsa egi
biurtu ezkero.
Naiz nik onena desero,
ikusiko dezu gero,
guztiak egi biurtutzerik
etzazu espero.


3
Ez daukagu atsegiñik
badago buruko-miñik,
bekaizkeri ta gorrotoak gaur
ez dute berdiñik.
Orrela dala jakiñik,
ezin ukatu egiñik:
bixta ona ta askotan alkar
ikusi eziñik.
4
Ez badago maitasunik,
ezin izan zorionik,
nik ez det uste zuri oraindik
faltako zaizunik.
Gerora ezin esan nik,
berdin gerta daitekeenik,
galtzeko ere ez bait det uste
asko bear dunik.


5
“ASKATASUNA” deritza,
eder askoa da itza,
zer dan ikasi gabe aurrera
dijoa bizitza.
Galdezka asko gabiltza:
Nork ote du bere giltza?
Duenik bada, ate giltzatu
denak zabal bitza!
6
Nai dezuna izateko
edo naia egiteko,
oztopo eta traba ugari
bada bitarteko.
Bateko eta besteko,
oso gutxitan aldeko,
nai ori ere, agian, iñoiz
ez dezu beteko.


7
Lautatik iru gezurra,
ori da gauza ziurra,
egia esan duanarentzat
askotan “egurra”.
Nola ez izan beldurra,
austeko bizkar-ezurra?
Ondo pentsatzen jarrita ere:
au MUNDU maltzurra!
8
Ezer esaten ez asi,
mutu egoten ikasi,
naiz bidezkoak ez diran gauzak
aurrean ikusi.
Indarra beti nagusi,
argatik ez du merezi;
ta bitartean, gizarte ontan
zenbat INJUZTIZI!


9
Gauzak orrela dirala
eta naikoa ez dala,
ezin ukatu pake bidetik
urrun gabiltzala.
Ixuri arren odola,
biziak gutxi ajola,
esan daiteke: alkar-iltzera
jarriak gaudela.
10
Beste gauza bat berria,
ez bakarrik etorria,
DROGA da eta mendean artzen
ari da ERRIA.
Benetan kaltegarria,
aurtxo errukigarria,
galduko zaitu ez badiozu
artzen neurria.


11
Aintzat artzen badituzu,
zer pentsatu badaukazu,
baikortasuna galtzeko naiko
motibo or dezu.
Laguntza bear badezu,
nerekin konta ezazu,
zer gerta ere, beti ondoan
edukiko nauzu.
12
Aitortzea da samiña,
naiz izan egi gordiña,
tamala bait da MUNDU obe bat
eskeiñi eziña.
Ez dago erreza baiña,
badaukagu zer egiña,
obeagotzen egingo degu
biok aalegiña.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org