Maite ditzagun mendiak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Joxe »  Maite ditzagun mendiak

Joxe Ayerbe

Maite ditzagun mendiak



Mendian ibiltzeak, osasungarria izateaz gaiñera, baditu beste alderdi on eta aipagarri ugari.

Esate bat erako, zenbait baserritarrekin berriketaldi bat egitea, neri beintzat, oso atsegin gertatzen zait.

Ez dakit zenbat denboran iraungo duan, sarritan ainbat iseka edo burla egiten zaion mendi ta baserri giroko izkera goxo ta jatorrak.

Baiña, laboratorio kutsuko euskera artifizial edo "estandarizatu" orrek irentsiko duala pentsatzeak, izugarrizko trisiura sortzen dit.
Orregatik, aukera dudanean, mendi baserrietakoekin itz-aspertu bat egitea, atsegiña bezin osasungarria zaidala iruditzen zait.

Kalean ezezik, mendian ere, txukun eta errespetoz ibili gaitezke, zenbaitek mendian nolanai ibiltzea eta edozer gauza egitea libre dala uste badu ere. Eziketa arazoa da, dudarik gabe.

Eta azkenik, neguan batipat, oiñetako onak eta jantziz osatuta joatea etzaizu iñoiz damutuko: gutxien uste dan garaian eguraldia aldatu, edo ekaitza sortu eta giroa aldatu daiteke-eta.


1
Gerta daiteke eguzkia ta
gerta daiteke goibela,
ifar-aldeko aize otza ta
ego-aldeko epela.
Mendi-goietan, giroa, sarri,
izaten bait da orrela,
ala ta guztiz, esan bear det
pozik aurkitzen naizela,
an goitik dena nere mendean
egongo balitz bezela.
2
Izadiaren aunditasuna
berdingabea izanik,
bada, oraindik, merezi aiña
errespeto ez dionik.
Nik, berriz, nere begiei ezin
eman diet atsedenik,
ikusi edo naiz aztertzeko
ainbeste gauza egonik;
nai ainbat asti ez izatea
nik ez daukat beste penik.


3
Besteak-beste, zuaitzak dira
benetan maitagarriak,
izadiaren oiñarri eta
mendien apaingarriak.
Baiña etsaiak asko dira ta
ez kanpotik etorriak:
gizonok, sua, gaitzak eta abar
guztiak beldurgarriak;
zaintzen saiatuz, artu ditzagun
bear diran neurriak.
4
Zaar eta gazte, berdin gizona
edo andrea bazera,
zoaz mendira, egon, ibili
nai badezu, jolastera.
Aize garbi ta osasuntsua,
bide batez arnastera;
nolako pake-giroa dagon
zeure begiz ikustera;
ezagututa errespetatuz,
maitatutzen ikastera.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org