Mendia eta perretxikuak aska eziñezko lotura dute. Kale eta plazetan ez da jaiotzen -orairidik beintzat- perretxikurik. Mendira joan bear da ikusi eta bilduko bada, bein, gu, lau senar-emazte zein baiño zein ezjakiñagoak, Lizarrusti gaiñera joan giñan bezela. Ara...! esan egin det nora joan giñan, tonto arraio onek... Benetako perretxikozaleak ez luke iñoiz esango. Ez guk ere, gaur, baiña auek aspaldiko kontuak dira.
Bertsoak jartzeko modukoak ziran gure orduko ibillera aiek, baiña ez nuan jarri bertsorik; idatzi egin nuan:
Biltzea, kasik, jatea baiño geiago gustatzen zitzaigularik, asko zela-ta, an-joan giñan, esan bezela, lau senar-emazte, bada ezpada ere, dudakoak bereizi genitzan, perretxiku-liburuak besapean artuta. Zesto eta poltsa-faltik etzan, berriz, zer-gerta ere.
Begiak luze-luze eginda asi giñan bazterrak miatzen eta aurkitu ere bai perretxikuak. Tartean beti izaten da, norbait, besteak baiño geiago dakiala uste duan oietakoa, eta ari galdetzen genion onak ala txarrak ziran jakiteko. An etzan txarrik, denak onak. Guk txarrak geneuzkanak ere: ‘sartu-sartu poltsan, gero ikusiko ditugu-ta”. Emakumeak ere etziran aserre... Ura poza gurea!
Konturatu gabe joan zitzaizkigun orduak eta, nola-alakoekin, poltsak bete egin genituan.
Gosetu ere eguin giñan eta zerbait artzera gertueneko tabernara joan giñan. Perretxikuak bereizten zizkigun gidaria, ordea, etzegoen lasai eta, -ortik pentsa ze segurantzia zeukan- tabernako nagusiak ondo ezagutzen zituala baekian, nonbait, eta berari eskatu zion perretxikuak bereizi zitzan..
Ala, mai gaiñean zabal-zabal eginda jarri genituan eta laister bukatu zuan egitekoa. Guk salda artu genduanerako operazioa eginda zegoan. Baiña, leen ainbeste poltsa baziran, gero, batean errez sartu ziran bereizitakoak.
Emakumeak, batipat, kopetillun: "Onak zirala ta, orain au...? Ez degu alperrik egin ainbeste lan...! Gidariari ekin zioten. Eta onek: "Gure biziak arrixkuan jartzea baiño obe izango da, ezta? Jan-aldi ederra egiteko aiña badaramagu beintzat eta, ez da gutxi..."
Ori esan zuanean konformatu ziraneko itxura egin zuten... ze erremedio!
|
Ostatu edo tabernako nagusiari eskerrak eman eta etxeruntz abiatu giñan.
Bideari gentozela, noiz, nola jan eta nortzuk gonbidatu erabaki genduan. Amar bat lagun bilduta ere etzegoan lotsagarri gelditu beldurrik.
Busti xarnarrak zeudela-ta, ganbaran maindire baten gaiñean jarriko zituala, pixkat leortu zitezen, esan zuan batek. "Nere emazteak oso ondo maniatzen ditu gaiñera...".
Biaramon gauean zan egitekoa perretxiku-jana. Baiña gau artan, ala bearrez, ego-aize zakar oietakoa ibili zan gelditu gabe. Urrengo egunian, lanik geien garbitzeak eramaten zuala-ta, izendatu baiño ordubete leenago-joan gintzaizkien laguntzera emaztea era biok. Ordurako, lagunak, jetxiak zeuzkan perretxikuak ganbaratik.
Perretxikoak, aiek! Ezpal legorrak ziruditen! Bezperako erdia ere etziran. Emaztea, etxekoandrea, berriz, txit urduri: “Zer eman bear diet nik etortzen diranei...? Besterik ezean, tortilla egin naita ere, aiek jaten dutenarekin... naiko arrautza baneuka sikira....’’ Arrautzakikoa egingo degu, emakumea; gure etxean ainbeste izango da”, esan nion nik.
Salto batean etxera etorri, izotzgaillua zabaldu eta ara ustegabekoa! Emazteak erositako etxeko txanpiñoi mordo bat aurkitu. Ez nintzan aserre! Dozenerdi bat arrautzekin batera artuta, laister joan nintzan etorritako tokira. Ikusi nindutenean, ura ongietorria egin zidaten...! Zerua zabaldu zitzaien bat-patean.
Itxura gaiztoko perretxiku aiek, bere, onera etor zitezen, eta garbitu aitzakiz, ur freskotan sartuta zeuzkaten. “Atera itzazute azkar, oiek, ortik; bestela ez dira jateko gauza izango-ta, eta egin ditzagun, leenbaitleen, egitekoak” esan nien.
Txanpiñoiak txiki-txiki egin eta diximulatzeko oi baiño tipula geiagorekin zartagian jarri genituan martxan eta, baita tortilla ederra egin ere, iñor etortzerako.
Apenas iñor konturatu zan, iñork etzuan itzik atera beintzat. Alderantziz: “Ezin obeak zeudela eta txaloak sukaldariari“.
Orain jakingo dute eta entzutekoak entzun bearko ditu norbaitek. Erantzunik etzaie faltako.
|