Adiskide artekoak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Joxe »  Adiskide artekoak

Joxe Ayerbe

Adiskide artekoak



Adiskide edo lagun-arte onak ez du gutxi balio. Beti eziñezkoa da baiña, tarteka benetako adiskideekin une atsegiñak eta umoretsuak pasatzea bezelakorik zer? Asko aaztu eta arintzen ditu izan ditzakegun araso eta penak. Eta nork ez ditu izaten?

Koadrillan adiskide bat bagenduan oso lagunartekoa zana: Ceferino G.B. "Cefe" guretzat. Gozokin edo pasteleroa zan ofizioz. Asko gozatzen zuan lagun-artean eta gu ere gustora joaten giñan, urtero, San Sebastian bezperan, txoko artan, lagunentzat prestatzen zuan afarira.
Afari eta afari-ostean, kantu ta broma, giro ederrean pasatzen genduan gaua. Eta naiz, berak, euskeraz jakiñez, gustatu egiten zitzaizkion eta bertsoak eskatzen zizkidan, esanez: "Joxe, echa unos bersos... Yo, porgue no sé euskera, si no...''

Nik, berriz, beti zerbait eramaten nuan prestatuta, eta kantatu edo lardaskatu ere bai, eta denok kontentu.

"Cefe", bera, ain zan esku-zabala, leiala eta borondate onekoa, ara zer nion, broman, irugarren bertsoan, gu emen utzita aurretik beste mundura joango zala asko pentsatu gabe:




1985’ko San Sebastian Bezperan



1
Gaurko egunez txoko onetan
urtero gera gu biltzen,
San Sebastian bezpera denok
orrela degu ospatzen.
Au baiño talde jatorragorik
nik ez det iñon aurkitzen,
olako une atsegin auek
ez dira diruz ordaintzen.
2
Zeruan ez naiz izan oraindik,
ango berri ez dakit nik,
eta besterik ez da izango
emen ori dakianik.
Baiña une ontan ez det pentsatzen
antxe bertan ez nagonik,
izan ere, an bai ote dago
txoko ontan ez dagonik?


3
Zeruan zuzen-zuzen sartzeko
badaukat itxaropena,
naiz mundu ontan ez izan beti
zintzoa eta zuzena.
Batipat “Cefe” zerura joaten
baldin bazaigu aurrena,
atea berak zabalduko du
sartu gaitezen barrena!
4
Baiña lagunok ez da komeni
kanpanak jotzen astea,
gauz bat da ustea, eta bestea
zerua irabaztea.
Gerta daiteke San Pedro’k gauzak
alderantziz ikustea,
eta, agian, Ceferino’ri
berai sartzen ez uztea!


An ere, “Cefe”k bereala egingo zituan adiskideak, eta San Pedro bera aien artean izango dala seguru nago. Beraz, zeruko ateak zabalik edukiko ditu. Goi artan ere adiskidetasunak balioko du, ezta?









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org