Ofizio berria zaartu eta gero


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Joxe »  Ofizio berria zaartu eta gero

Joxe Ayerbe

Ofizio berria zaartu eta gero



Gizonok “matxista” fama degu eta ala izango gera amarretatik zortzi. Ori aitortzen degu, naiz askotan, geiegitan, aaztu egiten zaigun arren.

Baiña, emakumeek ere ez gaituzte, beti, bear dan bezela tratatzen. Inutiltzat artzen gaituzte: “Ez dakite ezer egiten; berak eginda jan bear balute, goseak ilko lirake; ez dakite gauzak billatzen; zikiñak jango lituzke” eta abar esanez. Ni, beintzat, ez nago ados ortan, ez da gutxiagorik ere. Asko ezagutzen ditut, kanpokoak ezezik, etxeko lanak txukun eta ondo egiteko iñoren bearrik ez dutenak.
Emakumeak gizonaren lanak egin ditzaken eta egiten dituan bezela, gizonak ere berdin-berdin egin litzake emakumeenak, beartu ezkero. Bearra da maixurik onena. Bearra eta borondate pixka bat. Gizonaren aldetik, izan dezaken borondateari dagokionez, andreak badu ortan zer ikusirik; zuek dezuten abildadearekin...!

Bertso auek ez dira zaarrak 1994’an jarritakoak; eta “Zapirain Anaiak” saria eman zidaten urte artan. Ea zer diozuten:


1
Nere denboran naiz ofizio
asko proatutakoa,
lana gogotik egiñagatik
beartsu bizitakoa.
Zaartuta gero beste berri bat
soldatarik gabekoa,
eta beldur naiz auxe izango
ote dan azkenekoa...
2
Ofizioa nolakoa dan
bear dizutet kontatu:
“etxeko lanak” deitzen zaiona,
au ere neri tokatu!
Ori dala-ta, nere bizitza,
orra zearo aldatu:
etxekoandrea lanera ta ni
“etxekojaun” izendatu!


3
Pozgarria da, edade ontan,
“titulo” auek lortzea,
eta etxeko jaun eta jabe
zerala konturatzea.
Baiña tristea leenago nuan
askatasuna galtzea;
ez dakit, baiña kosta bear zait
etxe-zuloan oitzea.
4
Ofizioaz ez da jabetzen
egun batetik bestera,
zer esanik ez, zaartuta gero,
ikasten asten bazera.
Baiña, bearra lagun, denboraz
aterako det “karrera”,
ederki asko bete ere bai
etxekoandreen papera!


5
Aserari naiko estu ta larri
lana arrotza izanik,
"filosofia" apur batekin
artu nuan, ordea, nik.
Organizatzen jakin ezkero
ez dago ezer astunik:
ez nuan asko pentsatzen orren
ondo pasako nuanik!
6
Esnatu eta leendabiziko
lana: piztu irratia,
eta oean nagola entzun
zazpiretako “partia”.
Komeni baita gertatzen danaz
jabetuta egotia,
batipat iges joandako “Roldan”
nun dabillen jakitia!


7
Zortzitan jeiki zer egin bear
dedan aurrez pentsatuta,
jeikitzerako edukitzen det
guztia programatuta:
oeak egin, bizarra kendu
eta ondo gosalduta,
garbiketari ekiten diot
aspiradora artuta!
8
Aspiradora martxan jartzean
artista banintz bezela,
esan bear det berealaxe
kantari asten naizela.
Jakiñagatik kantu lanean
tutikan ez dakitela,
zaratarekin iruditzen zait
ondo kantatzen detela!


9
Nolanai ere irratitxoa
beti belarri ertzean,
eta badakit zer entzun bear
detan une bakoitzean.
Berri txar eta politikoen
esanekin aspertzean,
gustoko zaidan musikarekin
igoal asten naiz baltsean...
10
Sukaldaritzan, berriz, nengoen
eskas antxean talentuz,
baiña ikasten ondo ari naiz
Argiñano’ri jarraituz.
Janari goxo-goxoak jartzen
ditut eta “pulamentuz”;
oso gustora jaten dituzte
beatz-muturrak txupatuz!


11
Baiñu, sukalde ta ontziekin
ez daukat buru-austerik,
denak ederki garbitzen dizkit
“Mister Proper” edo “Fairy”k.
Ez dago tanta bat bota eta
zapia pasa besterik;
edo ez al da zuen etxeetan
ikusten telebixtarik...?
12
Ez naiz arritzen etxekoandreek
soldata bat eskatzea,
proatu gabe ez baita errez
lan au zer dan oartzea.
Merezi arren ez det espero
xentimorik kobratzea,
baiña, gutxinez, lortu det beintzat
lanean dibertitzea.


13
Bestalde gure “ekonomia”
asko ondu da nerekin,
orain obeto jaten degu ta
diru gutxiagorekin.
Banku ta Kutxa bolara ontan
kontentu daude gurekin;
noiznai galdezka: “Zer egin bear
dezute diruarekin...?”
14
Nere burua famatutzerik
etzait sekula gustatu,
milla motibo izanagatik,
bestela zuek juzkatu:
primeran pasa, ondo jan eta
gaiñera gutxi gastatu;
gizon zaar bati gauza geiago
ezin daiteke eskatu!










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org