Barriola Abelino


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino

Abelino Barriola

1885-1944


Abelino Barriola Donostian, Parte Zaharrean, jaio zen 1885eko azaroaren 10ean. Ezin hobeto ezagutzen zituen, beraz, Parte Zaharreko eta Kai aldeko giroa eta kontutxoak, eta horien berri ematen digu bere antzezlanetan.

Izen osoa Juan Abelino Barriola Aizpurua zuen. Ikasketak Donostian egin zituen eta, ondoren, zapata-denda jarri zuen Garibai kalean.

Bere aurretik Biktoriano Iraola idazlea zen bezala, Donostiako zinegotzia izan zen Abelino 1914, 1915, 1916 eta 1917an. Bere anai Paul ere Donostiako Sindikoa izan zen 1918 eta 1919an eta alkateorde 1920, 1921 eta 1922an. Bi anaien ahaleginari zor zaio Donostiako Udalak Artikutzako lurren jabetza eskuratzea eta hango urak hiriko etxeetako iturrietaraino ekartzea.

Garaiko Donostiako idazle eta antzerkigileen, Toribio Altzaga, Biktoriano Iraola eta beste hainbesteren laguna izan zen. Zinegotzi zela, Abelinori eta Lukas Zulaika zinegotzi sozialistari esker sortu zen, 1915ean, Toribio Alzaga gerra bitartean eta Maira Dolores Agirre gerra ostean zuzendari izango zituen Euskal Iztundea, Euskal Hizkuntza eta Deklamazio Eskola. Euskal Iztundek Donostiako mugak gainditu eta Euskal Herri osora zabaldu zuen euskal antzerkiaren mugimendua.

1936ko gerra hasi zenean, Frantziara alde egin behar izan zuen familiarekin. Handik zortzi urtera hil zen, Pauen, 68 urte zituela, 1944ko apirilaren 19an.

Donostiako Udalak bere izena eman zion kale bati Berion, 1992ko irailaren 21ean.

Antzezlanak

Antzerki lan ugari idatzi zituen eta ospe handia izan zuen. Behin eta berriro antzeztu ziren bere antzezlanak eta Kirikiñok bizkaierara itzuli zuen Meza Berriya (Meza Barriya). Marcelino Soroa eta Toribio Altzaga maisuen jarraitzailea bazen ere, literatur kritikak garai artako obra erraz eta barre eragileak idazteko joera gainditu eta ikuspegi modernoago eta urbanoago bat lantzeko joera ikusi du bere lanetan. Obra horien artean dramak, tragediak, bakarrizketak eta zartzuela bat utzi zizkigun:

Meza berriya ekitaldi bakarreko komedia. 1908ko Eibarko euskal festetako lehen saria jaso zuen. 1909an Antzoki Zaharrean antzeztu zen eta, urte berean, argitara eman zuen Baroja etxeak. Iztundek berriro antzeztu zuen 1917 eta 1926 urteetan. Kirikiñok bizkaierara itzuli zuen.

Aldiz, aldiz! ekitaldi bakarreko antzezlana 1910ko Azkoitiko lore-jokoetan saritua eta 1911n Baroja etxean argitaratua.

Zulo madarikatuak. Bi ekitaldiko komedia honek lehen saria jaso zuen Euzko Gaztedik Bilbon, 1911n, eratutako txapelketan eta Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztu zen, 1912ko apirilaren 14an.

Zori gaiztoko eguna Jose Olaizola lagunaren musikarekin osatutako ekitaldi bakarreko zartzuela. 1909ko Hernaniko Euskal Jaietan antzeztu zen lehen aldiz eta gero ere maiz taularatu zen. 1911n argitaratu zen.

LagunTxarBat hiru ekitaldiko drama. 1912an Baroja etxean argitaratua. Donostiako 1912ko lore-jokoetan saritua eta 1916ko apirilaren 6an Antzoki Zaharrean antzeztua. Iztundek 1916, 1917 eta 1929 urteetan antzeztu zuen berriro. Antzezlan honek sekulako arrakasta izan zuen eta garaiko lehiaketetatik kanpo utzi zuten hiru sari irabazi ondoren. Bilbon eta Bergaran ere antzeztu zen.

Gai dagoenaren indarra ekitaldi bakarreko antzezlana. 1934an Antzertik argitaratua eta Donostiako Antzoki Zaharrean 1915eko ekainaren 5ean jendaurrean emana. Iztundek berriro antzeztu zuen 1915, 1916, 1918, 1920 eta 1931 urteetan.

Maitasunak hiru ekitaldiko komedia argitaragabea. Iztundek 1923ko urtarrilaren 20an antzeztua.

Brokoliyo eta Zozoarro bakarrizketak

Goi argi drama 1935ean Baroja etxean argitaratua. 1935eko martxoaren 19an Victoria Eugenia antzokian antzeztua



Garibai kalea


Kanpoko estekak
Literaturaren zubitegia
Bagera.net. Donostiar haiek






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org