|
III. IRUDIA
EUJENIO ETA LEONTXIO
Leontxio sartzerakoan egingo du Kristobalekin estropezu; ibiliko dira ezkerretara eta eskuinera, leku egin nahian elkar galaraziaz eta azkenik Leontxiok erdian geldituaz esango du.
Leontxio
Ezkerrera edo eskuinera; batera edo bestera. (Egingo du batera eta joango da Kristobal.) Hamaika kaiku Ameriketan aberasten da, eta hau ere bai! Hi, Eujenio, diru bila al huen orain ere?
Eujenio
Bai, mutil, gaur bigarren aldiz.
Leontxio
Eta zer esan diok?
Eujenio
Gogora etorri zaidan guztia, sartu zioat hankatik iltzea, eta halaz guztiz ere egundaino baino alaiago joan duk.
Leontxio
(Eujenioren aurrean eseriaz.) Dirua eman al diok bada?
Eujenio
Dirua? Berak eskaini zidak.
Leontxio
Erotu egin duk orduan.
Eujenio
Bazirudik zerbait. Emakumeei idazten ere hasi duk eta.
Leontxio
Nola? nola?...
Eujenio
Begira iezaiok. (Eskutitzaren gaina irakurriaz.) “Rosita Sudurpoliteneko”, hor aurreko neska gazte eder horrentzat.
Leontxio
Eta hiri utzi al dik?
Eujenio
Hori berari ematearengatik agindu zidak, bada, dirua, baina ez noak hauek egin artean, laster bila ditiat eta. (Erasoko dio lanari eskutitza mahai gainean lagata. Leontxiok hartu eta irekiko du, eta irakurtzen ariko da barreak galarazi arte.)
Leontxio
Aja... ja... ja... ja...!!
Eujenio
Zer duk?... mutil! zer egin didak?
Leontxio
Hutsa, irakurtzen hasi... aja... ja...!
Eujenio
Xahutu nauk, Leontxio!... Orain nola eraman behar diat nik hori.
Leontxio
Entzun ezak zer jartzen duen, apur bat entzun ezak.
Eujenio
Ez diat nik zer jakinik, ekarzak.
Leontxio
Hori duk usakumea!
Eujenio
Ekarzak, Leontxio.
Leontxio
Ez, irakurritakoan.
Eujenio
Habil bada azkar.
Leontxio
Entzun ezak:
“Konparaziorik gabeko Roxita, Donostiako lore presiosa. Zu ezagutu zintudanetik ez naiz gehiago nire bihotzaren jabe eta dabilkit galdurik kalma guzia, saltoka eta saltoka.
Eujenio
Iltzea ote dauka han ere?
Leontxio
“Zure begi ederrek naukate inutilizatua, eta gau eta egun, goiz eta arratsalde, beti, beti, nire imajinazioa zure ondotik dabil. A ermosa!!”
Eujenio
Ikusiko duk?
Leontxio
Ez da agurea motela:
“Siertamentean Jaungoikoak elkartu nahi ditu Roxita eta Kristobal. Horrengatik atrebentzi hau hartzen dut seguridadean zuk ondo hartuko duzula nire pentsamendua. Presisamente etxe berria egiten ari naiz eta han jarri genezake gure palazio eta habia. Responditu iezadazu baietz eta egingo nauzu, o Roxita presiosa!, gizonik ditxosoena.- Kristobal de los Ernialdes.”
Eujenio
Hori jartzen al du?
Leontxio
Hori bera, eta hago, zerbait gehiago ere bai: “Egiten ari naizen etxe berriak balio ditu berrogeita bi mila peso, eta beste gehiago ere baditut.”
Eujenio
Hori beita duk, hobeto heltzeko.
Leontxio
Beitarekin ere ez duk erraz amu oker horri heltzen.
Eujenio
Rositak nahiko ote du?
Leontxio
Mila duro asko dituelako bakailao gazi hori hartu?
Eujenio
Bakailaoa!... saltsan ondo maneatua zagok ordea!
Leontxio
Hago isilik, hori ez lukek senarra izango, baizik diruz betetako eltze zaharra. (Zimurtu eta biribili eta botako du eskutitza tinakora.)
Eujenio
Zer ari haiz?... laga ezak hori! (Altxatuta eta oso bizi.)
Leontxio
Txorakeria hau eramatera joango al haiz bada?
Eujenio
Astoa hi!... niri zer zaidak... Esan ez diat, bada, hori eramateagatik eskaini didala dirua?
Leontxio
Hori beste gauzarik duk.
Eujenio
Eta ez dakik hik nire etxe jabea dela, eta lau hilabete zor dizkiodala... eta...
Leontxio
Eta... zer gehiago?
Eujenio
Eta hi txatxu bat haizela... Hi... Hi... zazpi urtean Madrilen sendagile ikasten jardun eta oraindik urte bete osatu ez duana...
Leontxio
Eta zortzigarren urtean ez nauk joango dirurik ez didatelako ematen.
Eujenio
Hiri, hiri dirua, hoa hemendik bestela...
Leontxio
Joango nauk, baina hirekin... baxoerdi bat edatera.
Eujenio
(Tinakotik eskutitza atereaz.) Hoa hemendik, bestela botako diat mailua... eskutitza jarri duen itxuran!... gizonak hala emandako eskutitza!
Leontxio
Era horretan Kristobal baino itsusiagoa hago.
Eujenio
Leontxio!!
Leontxio
(Beti barre antzean.) Sendagile ez nikean ikasiko, baina neskari idazten ondo zakiat, eta eskutitz hori egingo diat berriz.
Eujenio
Bai, hik nahi duana... baina...
Leontxio
Ez mutil, hori bera, hitz horiekin, hizki (letra) berekin, dena den bezala; indianoak berak beretzat hartuko duena.
Eujenio
Egin iezadak, bada, berehala, nahi baduk nik gehiago aurpegira begiratzea.
Leontxio
Bai al duk zerekin?...
Eujenio
Hemen ez.
Leontxio
Orduan goazemak auzoko ardotegira eta han egingo diat.
Eujenio
Hoa bakarrik, lana zeukaat.
Leontxio
Ez duk etorri nahi?
Eujenio
Ez.
Leontxio
Zaputzengatik hamaiketakoa galduko duk.
Eujenio
(Eskutitza emanaz.) To hau bestea egiteko.
Leontxio
Ez diat beharrik, buruz bazakiat.
Eujenio
Dena?
Leontxio
Dena.
Eujenio
Egin ezak bada azkar, gero ikusiko diat. (Eskutitz bustia zabalduko du mahai gainean. Sartuko da Liborio eta geldituko da atzean Leontxio joan artean.)
Leontxio
Hemen nauk berehala hi adiskidetzera. (Ate ondotik.) Hi, eta jarriko al dut Roxita ermosa?
Eujenio
Baita presiosa ere.
Leontxio
Agureari begira!
Eujenio
Hiri zer zaik?
|