11. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Aldiz, aldiz »  11. Irudia

XI. IRUDIA



EUJENIO ETA KRISTOBAL



Eujeniok azkeneko hitzak esaten dituenarekin batean sartuko da Kristobal antsika eta marruaz, norbaitengandik ihes baletor bezala. Etorriko da buru hutsik, eta hain hutsik non ile bat ere agertuko ez zaion, ileordea (peluka) galdu baitu. Soinekoak ere oso banatuak eta tresna oso txarrean. Eujeniok ez du ezagutuko, eta ikusten duenean itxura hartako gizona, etorriko da aurrera; orduan Kristobalek egingo du hori bera eta hark ikusirik gainera datorkiola, joango da mahaiz atzera, eta izur-zaparrian Kristobal ere bai; baina trabatuko da aulkian eta eroriko da lurrera aulki, mahai eta guzti.



Kristobal (Sartuaz.) Ai Eujenio, Eujenio!

Eujenio (Aurreratuaz.) Zein da hau?

Kristobal (Aurreratuaz.) Ai Eujenio, Eujenio!

Eujenio (Mahai atzera.) Geldi, geldi! Zoaz hemendik.

Kristobal Eujenio, lagundu nazazu! (Erortzen da mahai eta guzti.) Ai, ai, ai, ai!... hil naiz! hil naiz! zer sartu zait niri hemen?

Eujenio Oi! Berori al zen?

Kristobal Ai! ai! Eujenio, zer sartu zait hemen? (Ezten bat bere petik atereaz.)

Eujenio Takoi eztena!

Kristobal Hil naiz... ai, ai!

Eujenio Ez, gizona; altxa bedi, hara... aupa! Baina, zer da itxura hori?

Kristobal E?

Eujenio Nola dator? Zer gertatu zaio?

Kristobal Ez dakit; baina, Eujenio, hil naute. (Eskuak bururatuko ditu eta aurkituko da hutsik ileordea galduta; orduan eroaren antzera hasiko da batera eta bestera.) Oi?... non dut?... ez daukat... ez daukat... buru hutsik nago. Ai nire burua! ai nire ilea! zer esango dute ni horrela ikusten nautenek? Ai nire burua! ai nire ile ederra! ai nire erretena!

Eujenio Erotu egin da. (Bere aurrez aurre jarri eta oihu egingo dio.) Kristobal!

Kristobal (Geldituko da bat-batean bere aurrean eta eskuak burutik kenduaz erakutsiko dio esanaz.) Begira! begira!! begira!!!

Eujenio Flandesko gazta dirudi.

Kristobal Ekar iezadazu berehala, Eujenio.

Eujenio Flandesko gazta?

Kristobal Ez, nire ileordea.

Eujenio Nondik?

Kristobal Hor aurretik, sorgin horien etxetik.

Eujenio (Ai ama! haserretu egin dituk.) Baina nolatan galdu du?

Kristobal Galdu ez, kendu egin didate. Zoaz, zoaz azkar, Eujenio.

Eujenio Ni? Ederki eman ere! Ez noa.

Kristobal Egin iezadazu esker hori.

Eujenio Ez, ez, ni horrela jartzen banaute egun guztian doministikuka egongo naiz.

Kristobal Nire ileordea ekartzen badidazu, hartzeko nagoen diru guztia barkatuko dizut.

Eujenio Orain arteko guztia? Joango naiz. Baina, zer gertatu zaio?

Kristobal Nik al dakit? Nola zu agertzen ez zinen joan naiz neroni Roxitaren etxera, jo dut atea, irten zait andre motz bat, eta entzunik zein naizen hasi da marruka esanaz txarkeria haiek ez zaizkiola inori esaten, gutxiago berriz bere Roxita ederrari, eta gero gehiago eta gero gehiago igo da, haserrean sutu arte, nik hitzik ulertzen ez dudala, eta etorri zait gainera, eta atzamarka, eta ostikoka, eta horzka, eta ipurdi-trankaka atera nau ate ondotik eta bota nau amilka mailetatik behera hankaz gora.

Eujenio Gizona, gizona!

Kristobal Hori asko ez dudala, ni lurrean nagoela atera du oinetik eskalapoi halako bat, eta bota nau indar guztiekin burura.

Eujenio Gizajoa! Eta ez dio esan zergatik zeuden haserre?

Kristobal Eskutitzarengatik bada; baina ezin liteke horrengatik izan, oso ondo egina zegoen eta.

Eujenio Orduan?

Kristobal Presisamente zazpi egun behar izan ditut nahikoa hitz goxo eta egoki biltzeko.

Eujenio Sinisten dut.

Kristobal Eujenio, arren eskatzen dizut, zoaz eta ekar iezadazu ileordea.

Eujenio Emango al didate?

Kristobal Bai, gizona, zertarako dute hura? (Patrikatik atereaz.) Tori orain arte zor dizkidazun etxe-errentaren txartelak.

Eujenio Eskerrik asko, banoa; berehala hemen naiz bizirik uzten banaute.

Kristobal Zaude, zaude: eta norbait etortzen bazait bitartean? Zer egingo dut itxura honetan?

Eujenio Ez larritu, inor gutxi etortzen da.

Kristobal Eta etorriko balitz?... ezkuta nazazu bitarterako.

Eujenio Non? mahaipean?

Kristobal Ez, txikia da.

Eujenio Beste lekurik ez dut bada.

Kristobal (Ikusirik zintzilik dauden boina eta amantala.) A! hauek jantziko ditut eta honela inork ez nau ezagutuko.

Eujenio Ez, hala da, aja, ja, ja...! eta ez dago gaizki, zapatagile jatorra dirudi.

Kristobal (Bazeneki Ameriketan zer nintzen) Zoaz agudo barre gutxirekin.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org