 |
|
 |
 |
|
XIV. IRUDIA
LEHENGOAK ETA ROMUALDO
Romualdo
(Sartuko da oso bizi, eta zuzen-zuzen joango da Kristobalengana eskuko makila altxatuaz.) Zu, zapatagile zarpaila, zeinen eraman-ekarria zara zu?
Kristobal
Ni?
Romualdo
Zu, lotsagabe tzarra. Nahi al duzu burua puskatzea?
Kristobal
Ez, ez, nahikoa dut lehenagokoa.
Romualdo
Zer bidali diozu nire emazteari zapataren barrenean?
Kristobal
(1) Nik...
Eujenio
(Oi! Roxitaren eskutitza, nik sartu dudana.)
Romualdo
Bai zuk.
Kristobal
Ni ez naiz zapatagilea, hura da.
Romualdo
Hori? Eta nolatan zaude zu amantal horrekin?
Kristobal
Ez dakit.
Romualdo
Ez dakizula? (Emango dio bultzaldi bat eta jarriko dira biak hizketan.)
Eujenio
Goazemak, hi, azkar.
Leontxio
Zer egin duk?
Eujenio
Hik busti duan eskutitza ezkutatzeagatik zapata zaharren barrenean sartu, eta asistenteak eraman.
Leontxio
Eta horren emazteak hartu.
Romualdo
(Eujeniori.) Zu zara beraz, e?... Zatoz hona.
Leontxio
(Inguratzea galaraziaz.) Ez, utz iezaiozu honi. Hori da eskutitzaren jabea, zapataren barrenean bidali duena: Kristobal de los Ernialdes.
Kristobal
Ni, ni?... Nik horren emazteari idatzi?... Ez da egia.
Leontxio
Bai, jauna; eta baita beste bati ere: hona non dudan... Horretan jarduten da.
Romualdo
Ikusiko duzu, euli-mandoa!
Kristobal
Nik bati bakarrik egin diot, Roxitari, eta da asko maite dudalako.
Romualdo
E!!!... eta esan egiten du.
Kristobal
Bai bada, eta presisamente.
Romualdo
Hilko dut... tori... tori...
Leontxio
Eman, eman.
Kristobal
Ai, ai!... presisamente, presisamente. (Eujeniok helduko dio besotik Romualdori eta geldiaraziko du jotzeaz. Orduan ihes egingo du Kristobalek presisamente esanaz. Romualdo geldituko da errabiaz josirik iruditegiaren erdian, geldi-geldi, aurpegi hutsez ernegaziozko keinu zatar batzuk eginaz.)
Eujenio
Kristobal gizajoa!... zaude geldirik gizona!
Romualdo
A!! ez dut hil, ez dut hil... zuregatik.
(1) Eujenio, Leontxio, Romualdo, Kristobal.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |