01. agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Gai dagoenaren indarra »  01. agerraldia

Lehenengo Agerraldia

Andre Eulali eta Kleto

(Andre Eulali josteko mahai txiki aurrean dago, eskuan lana duela. Kleto, ate ondoan, norbaiti oihuka. Mahuka hutsean dago, izerdi blai, eta haserre)


Kleto Horratx azkenean!... orain zoaz bakean!

Eulali Baina, gizona, zatoz hona!

Kleto Zaude isilik zu ere.

Eulali Bai, denok isilduko gara zure aurrean. Zu gizon handia izan nonbait!

Kleto Eta zu berritsu handiagoa.

Eulali Andre gaixoa bidali duen itxuran!

Kleto Emakumea, nolabait ere bidali behar nuen, inola ez zuen joan nahi eta.

Eulali Saiatu gabe badakizu ez dela ezer iristen, eta horrengatik gaixoak horrenbeste bider eskatzen zizun.

Kleto Baina esaten ez nion bada baietz, esker hori egingo niola? Zazpiehun aldiz gutxienaz esan diot, eta, sorgin hark! beti berea... (andre ahotsarekin) “Ez zait niri inor inkomodatzea gustatzen, baina alargun gaixoek zerbait egin behar dugu...” eta inkomodatu gora, eta inkomodatu behera, alargun gaixoa gora eta alargun gaixoa behera, aspertu, mareatu eta ernegatu arte.... alargun gaixoa?... Ez, senar gaixoa!... zerbaitengatik hil zen.

Eulali Zaude isilik, gizona, zerori ere alarguna zara-eta.

Kleto Gaurko nire bazkalondoko lo kuluxka galarazi dit... Arranoen andrea!

Eulali Berriz?

Kleto Nola ez! Gaurko beroa eramatea nahikoa ez dela, etorri ez zait bada, enplasto hori!, bazkaria oraindik hortzetan daukadala? Begira nola nagoen, ukitu, ukitu nire garondoa... blai-blai!

Eulali Nahi duzulako.

Kleto A, bai! txit gustura nago! galeperra saltsan bezalaxe... txit gustura!

Eulali Gu hemen gaude, bada, horrenbeste ernegazio gabe.

Kleto Zazpi pañuelo busti nituen atzo. Gaur badaramatzat (galtzen patrikatik atereaz) bat... bi... Hiru... Eta gainera arkakusoak, eltxoak, andre alargunak... a!... txit gustura! txit gustura!





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org