05. agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Gai dagoenaren indarra »  05. agerraldia

Bosgarren Agerraldia

Lehengoak eta Kleto

(Sartuko da mahuka hutsik, galtza hutsak jantziarekin; esku batean zapatila eta airean dabilen zerbait harrapatu nahian. Atzenez makurtu eta joko du Serapio bizkarrean)


Kleto A! a!... Harrapatuko haut!... Harrapatuko haut!... a!... a!... to!!

Serapio (ondorengo hitzak eta egite guziak oso bizi) Ai!

Eulali Zer zabiltza?

Karmen Aita!...

Kleto Zikin hau zen, hau zen.

Serapio Ni?

Eulali Hori eta ni eta denak. Horrenbesteko buila egiten al genuen?

Kleto Buila... Iuuu... belarri batean... jo eta huts! iuuu... bestean zapla! (aurpegia joaz) eta huts, iuuu... berriz, azkenean ernegatuta jaiki ohetik eta atzitu arte ez naiz gelditu.

Serapio Baina zein zen?

Kleto Bart lo egiten utzi ez zidana; prexko-prexko ni joan zain gelan zegoena zanpa-zanpa eginda zure bizkarrean hil dudan eltxo madarikatua.

Eulali Hau gizon eroa!

Serapio Ja, ja, ja!... Eman didan ikara.

Karmen Nire aitaren gauzak.

Eulali Eltxo batengatik ibiliko zara horrela?

Kleto Bat, bai, baina nolakoa! Ziur nago-eta emea zela.

Eulali Zergatik diozu?

Kleto Berritsua eta mingain luzea zelako.

Eulali Eskerrik asko loreengatik.

Kleto Ez dut zuregatik esan.

Eulali Bada nik zuregatik diot lasai handia zarela. Itxura horretan inoren aurrean etorri!

Kleto Nire iloba aurrean dagoelako?

Serapio Ez, ez, niregatik...

Karmen Ondo daki nire aita nor den.

Kleto Lasaiagoa da hor aurreko atsoa. Ez dakizuela zer egin duen?

Eulali (galarazi nahian) Ezta jakin nahi ere.

Serapio Zer egin du? (Jakin nahian)

Karmen Zer egin du, aita?

Eulali Bada, bada, bada...

Kleto Harrapatu arkakusoak eta bizi-bizirik kalera bota. A, zikina! Kalean doan gizagaixoak jaso ditzala hark guri-guri hazten dituen zezenak.

Karmen Serapio, ez al duzu ikasi nola galtzen diren pizti horiek?

Serapio Ez, nik agertzen ez direnak galtzen dakit.

Kleto Niri ez zaizkit bada axola agertzen ez direnak, agertzen direnak bai. Hara! (gerrira eskuak eramanaz) hemen dabilen hau azkazal tartean baneuka! Zenbatekoa ote da! Bi egun bada nire jaun eta jabe dela, hara!... orain bulebarrean dabil...

Serapio Non?

Kleto Bizkarrean.

Eulali Emea ote da hori ere?

Kleto Emea eta alarguna, lehengo andre hura bezala. Serapio, jo ezak hemen, jo ezak hemen...

Serapio (goantea jantziaz) Berehala.

Kleto Goante eta guzti? zertako janzten duk hori? eskua ez zikintzeko?

Serapio Min gehiegi ez emateko (bizkarreko txiki batzuk emanaz)

Kleto Mutil, jotzen ala arkakusoari azkura ematen ari haiz? Jo ezak sendo, ez nauk puskatuko. (Serapiok gogor jo)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org