 |
|
 |
 |
Hamargarren Agerraldia
Kleto eta Andre Eulali
|
Eulali (atzetik sartuaz) Zer da? Zer da?
Kleto Hutsa! Lumatu baino lehenago hegatu. Zure ilobak gogoak ematen diona egin nahi duela baina nirekin ez duela egingo.
Eulali Gizona! zer eskatu dizu? Bart bezala gaur ere uzteko...
Kleto Bai, baina, berak nahi duenarekin.
Eulali Bere lehengusuarekin. Ez da harritzeko gauza, eta ez da aurrenekoa ere.
Kleto Izan zen agian azkenekoa. Eulali, entzun iezadazu ondo: Ez dut nahi gehiago Serapio nire alabarekin ibiltzea. Arranoen ezkailua! Sendagile egin dela eta horren harrokeriak! Zerbait idatzi duela eta horren lotsagabekeriak!
Eulali Iloba batentzako hitz politak hasi zara esaten.
Kleto Osaba batentzako gauza politak egiten dizkit niri honek.
Eulali Zuri?
Kleto Niri. Ez al duzu ikusi egundaino eskurik ez didala ematen? Etxeko zernahi gauza ukitzeko beldurrez dagoela? Jateko ere tximinoen antzera ibiltzen dela? Txorakeriak besterik esan eta idazten ez dituela?
Eulali Gogor hartu duzu gaur.
Kleto Behar bezala. Agian garaiz. (hartuko du Serapiok mahai gainean utzi duen idaztia, eta hasiko da berez irakurtzen)
Eulali (une batean irakurtzen utzi ondoren). Horrenbesteko txorakeriak idazten ote ditu, bada? Zuk daukazu zentzun gabekotzat, eta nik mutil azkartzat.
Kleto Emakumea! Esango duzu azkarra dela gauza hauek jartzen dituena (irakurriaz): “Eskua elkarri ematea ohitura txit txarra da. Besteen mikrobioak hartzen dituzu zerorren eskuan, eta hemendik erraz eramaten dira ezpainetara eta ahora!...” “Ohitura zikina, eta guztiz kaltegarria da haurrei musu ematea. Ezin litezke esan zenbat gaitz sortzen zaizkien aingerutxo horiei ohitura zikin horretatik...” “Gizaseme... bizardunak... musu ematean uzten dute, gaixoa, mikrobioz betea...” Gezur-zulo!
Eulali Askorentzat ez dator gaizki hori.
Kleto Horrek esaten dituen txorakeria guztiak egin behar bagenitu, gaixoak gu!
Eulali Nik badakit, bada, zure iloba ez dela, ez asko eta ez gutxi, txoroa.
Kleto Gauza batzuetarako ez. Nire alabaren ondoan dagoenean ez dute haren mikrobioek ikaratzen. Banoa, banoa. Etorriko naiz laster txokolatea hartzera.
Eulali Orduan gaur ez dago teatrora joaterik.
Kleto Serapiorekin ez. Patxirekin nahi badu, bai.
Eulali Patxirekin bai?
Kleto Patxirekin bai. Horrek aurrena baimena eskatu dit. Hori beste mutilik da! Hobe luke Serapiok horren patxada baleuka. Hara non den ekarri didan sarrera (emanaz); nahi baduzue hartu. (joan)
Eulali Tontoa dela baina azkar ibili da.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |