 |
|
 |
 |
Hamahirugarren Agerraldia
Andre Eulali, Luisa, Patxi
|
Eulali Ez zaio ahaztuko etortzea ez. Kontxo, kontxo! laster ezkontzak ditugu. Ez dute ezer, ez dute ezer, baina ez gogorik ez daukatelako.
Luisa (atetik) Etxekoandrea!
Eulali Zer da?
Luisa Señorito Pako.
Eulali Orain hori? Arratsalde ederra daramat. Datorrela. (Luisa joan) Kletok bere alabarentzat nahi lukeena. Neskak ez du nahi... Nik ere ez... Andarikotako soinekoa eman behar nik.
Patxi Hemen naiz berriz, Andre Eulali (eskuak luzatuaz).
Eulali Poliki, e?
Patxi Eta, Karmen?
Eulali Oheratu egin da.
Patxi A, bai! Bart lo gutxi egingo zuen eta gaur gauean loak hartu ez dezan.
Eulali Ez, gauean ere ondo egingo du. Ez doa teatrora.
Patxi Nolatan ez?
Eulali Halatan.
Patxi Gauean beron bila automobilarekin etorriko nintzela esatera bainentorren.
Eulali Alferrik; gaur ez goaz. Karmen gaixo dago.
Patxi Karmen? Zer du ba?
Eulali Buruko mina.
Patxi Orduan bihar.
Eulali Ezta. Ez gaur joatea bakarrik, baizik aurrera ere zurekin ibiltzea galarazi egin dio aitak.
Patxi Zergatik?
Eulali Ez dakit, baina...
Patxi Andre Eulali, ezin daiteke hori egia izan.
Eulali A, ez?...
Patxi On Kletok hori esan dionik ezin sinistu dut.
Eulali Etxean ez dago; irten da.
Patxi Ez al da beti bostetan etortzen zerbait hartzera?
Eulali Bai.
Patxi Etorriko naiz, lehenago kalean ikusten ez badut.
Eulali (alde batera) Kontxo, kontxo! Bestea baino beroago dago hau... Eta nire anaiak baiezkoa emango dio.
Patxi Gero arte.
Eulali Begira Patxi; zatoz nahi baduzu aitarekin egotera, baina jakin behar duzu alabak nahi duena bakarrik egingo duela. Badakizu hasiera onak eman dizkiogula hemen eta erbesteko ikastetxe onenetan, eta ikasi eta ikusitakoaz, ohitura egokiak hartu dituelako, bere lagunetan ere hori bera aurkitu nahi du.
Aberatsa zara, mutil ona, baina hori ez da ezer nire ilobarentzat. Nire iritzi batez, eta hau esanaz ez uste ematen dizudanik aurrerapenik, eta ez baietzik eta ez ezetzik, nire ilobak nahiko luke senargaitzako mutil jakintsu bat, eta zu ez zara; tankera egokikoa, eta zu, barka iezadazu, trakets xamarra zara. Serapio, Karmelo, Antonio... Horrelakoak.
Patxi Serapio?
Eulali Bai, Serapio. Dirurik ez izan arren non-nahi agertzeko gauza da, zernahi gaitan ongi hitz egiten du; idazten ere ederki daki. Hara! gaur bertan ekarri digu berak egindako lan bat.
Patxi Tuberkulosi edo gai horretan egin duena?
Eulali Bai.
Patxi Niri ere eman dit. Hemen daukat.
Eulali Irakur ezazu, bada. Gauza asko ikas zenezake orri horietan.
Patxi Irakurriko dut. Baina Karmentxorekin nahi nuke egon.
Eulali Ezin zenezake gaur.
Patxi Aitarekin orduan.
Eulali Zatoz bostetan.
Patxi Etorriko naiz (joanaz) Sendagile, ez, osasuna dutenen hiltzaile hori nire aurrean jarri?... Ez...
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |