1 01 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Goi argi »  1 01 agerraldia

LEHENENGO EKITALDIA
Jaun-gela ondo apaindutako bat. Atzean, ezkerraldera, ate handi bat etxeko atze-aurreak ikusten direla. Ezkerretan aurre aldean gelarako ate bat. Atzerago alderdi berean, idazmahai bat. Eseri-aulki apainak eta beste edergarri asko.


Lehenengo Agerraldia
Antonio, Enrike eta Julian (hirurak lasai eserita)
Antonio Eta bart?

Julian Jator. Hango afaria, hango jolasak, hango algarak eta hango... emakumeak.

Antonio Emakumeak ere bai?

Julian Asko, eta ez nolanahikoak. Apal ondoren zoratu gintuzten beren algara, dantza, abesti eta jolasekin. Ez zuen zure semeak asti askorik galdu.

Enrike Nik zer egin nian, bada?

Julian Ezer ez. Denak gutxi zituan hiretzat. Bati heldu, besteari bultza, honekin dantzatu, harekin txu-txuan baztertu, ezer ez.

Enrike Ageri askoan eta nabarmen asko ibiliak badituk, bada. Emakume andaluziar bat, Jazz Band jotzen zuen beltzarekin dantzatu ez zen, bada? Eta nola heltzen zion!

Antonio Odolak tink egiten. Odol beltzak.

Enrike Ez dakit nik asabaren odolak, baina jan-edanaren berotasunak bai. Nazkatzen ninduen.

Julian Ikusi al huen injineru alemanaren emaztea?

Enrike Nola ez? Hark guregana etortzeko zeukan, gogoa!, baina ez zioan senarrak altxatzen uzten.

Julian Hura emakumea! Begi urdin; masail zuri-gorriak; ezpain irrigarri politak. Aingeru aurpegi bat emakume soin eder batean ipinita. Haren lepo... beso... bular...

Enrike Mutil, mutil!

Julian Oraindik begi aurrean zeukaat eta ez duk harritzekoa, gau erdia berari begira igaro nian eta.

Antonio Eta senarra?

Julian Zenbat eta gehiago begiratzen nion emazteari, orduan eta itsusi eta zakarragoa aurkitzen nuen bere senarra. Hura aberea!... Eta kirten hark halako emakumea eskuratu!

Antonio Zein dira?

Julian Ez dakit. Baina jakin arte, eta emakume hori, ahal badut behinik behin, nireganatu arte, ez naiz geldituko. Schutz duela izena badakit eta Hotel Continental-en daudela ere bai... Gainerakoa jakingo dut...

Antonio Beti berdin.

Julian Ba al da gai hau baino atseginagorik? Emakumez hitz egin, beren asmo eta nahiak sumatu, berekin jolastu, berekin zoratu... Zer pozgarriagorik?

Antonio Gainera, besterenak izanez gero…

Julian Niretzat, denak dira besterenak, nirerik ez baitut.

Enrike Ezta izango ere oraingo eran.

Julian Ez, mutil; apaingarri garestia duk emakumea. Ez diat nik horretarako.

Antonio Ez duk, beraz, hik neskarik aberastuko.

Julian Ez dudalako hik bezalako aitarik (Antonio barrez) eta hori apaizetarako iaioa haizelarik (Antoniori). Ikusi bazenu zein ederki eman zuen honek meza!

Antonio Afaldu ondoren.

Julian Bai. Hau apaiz, Dionisio monagilo, Lukas organista, eta beste batzuk abeslari. Hango zorokeria! Honek “Dominus vobiscum” aita santuak baino dotoreago esan eta...

Enrike Hik zer dakik aita santuak nola esaten duen.

Julian Hik baino dotoreago ez. “Dominus vobiscum”... Eta denek “et cum spiritu”... Eta, zas! kopa bat koñak... barrena. (Barrez denak) Gero Kirie. Hasten dira Kirie, kirie kantatzen, Dionisio zintzarriarekin tilin, tilin jotzen, denak orpoekin lurra joaz eta eskuekin txalo eginaz dantzatzen, eta hango zalaparta!...

Gero organistak bakarrik, berak jo, eta berak abestu, nik Cartagenan entzun nuena (piano jotzeko antzera eginaz). A los pies de usted, Conchita ¿cómo sigue, cómo sigue su mamá?

Antonio Elizan hori jotzen al dute?

Enrike Honen gezurrak.

Julian Ez, jauna; egiak. Nik neronek entzun nian.

Enrike Balitekek.

Julian Eta Sevillako Eliza nagusian nik entzun nuena?

Antonio Zer ote da?

Julian Aldare inguruan nengoan ikusmiran, eta sermoi edo berriketa hori bukatu zuenean esan zian: “la gloria eterna como a todos os deseo”... Eta kanonigo batek erantzun zioan “Gracias, compare” (denok barre). Zer uste duzue, bada? Hemen bezalako ilunpekoak direla hango elizgizonak? Hemen dituk honelako labezomorroak. (Agertzen da atzean Faustino patrikatik zerbait atereaz eta neskameari emanaz).

Faustino Tori, eman iezaiozu hori ere. (Neskamea ezkutatzen da)

Julian Orain hemen datorren hau bezalakoak.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org