2 03 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Goi argi »  2 03 agerraldia

Hirugarren Agerraldia
Antonio eta Enrike, bukaeran Josefina
Enrike Zer nahi nauzu?

Antonio (Altxa, semearengana joan eta oso maiteki hitz eginaz). Mutil... Ikus al litekek hire aurpegia? Itxura ona hartzen ari haiz!... Argaldu... begiak garondoraino sartu zaizkik, bekokia zimurtu... zahar itxura hartu... Eta dena zergatik?... Hutsagatik... Neska batengatik... Horrenbeste diren lekuan... Hator, hator hona; hau al da gazte baten biziera, etxe zuloan sartu eta zortzi egunean atera gabe?...

Enrike Irtetera nindoan.

Antonio Behingoan! Nora?... Kasinora?... Lagunartera?... jairen batera?... Nora? Esan ezak.

Enrike Noranahi...

Antonio Ezingo haiz beti horrela egon. Zer edo zertan hasi hadi... zer edo zer egin ezak.

Enrike Egin? Egundaino egin al dut? Gauza al naiz ezer egiteko?

Antonio Ez dezaala hori txantxetan ere esan.

Enrike Alfer, eta alferrikako bat naiz.

Antonio Oraindik gehiago?

Enrike Txantxetan!... Zer da nire biziera? Egundaino ezer gauza denik egin al dut?... Zertarako jaioa naizen ba al dakit nik?

Antonio Burua galdu duk. Hire ikasketa guziak alferrikakotzat dauzkak?

Enrike Ikasi, eta nola! Eta zertarako ikasi ikaste horien bitartez neronen, edo besteren ontasuna aurkitzen ez badakit?

Antonio Artez hoa... Hori duk. Has hadi lanean. Lanak ez nekatu, baizik poztu eta alaitu egiten dik. Nire gazte egunetako lan egiteak! Gau eta egun, ekiten nioan, neurririk gabe, nire sendiaren beharrak beti begi aurrean neuzkala... Hasi, has hadi...

Enrike Ez naiz gauza, gainera sendagintzan ezer ez dakit.

Antonio Hasieran besteek zekitena. Ikasiko duk; saia hadi. Nahi al duk izen handikoren batengana joan?

Enrike Ez...

Antonio (Isilaldi bat). Eta beste lanen batean?

Enrike Zertan?

Antonio Pedrorentzat eskatu hidan irabazpide horretan nahiko huke?

Enrike Ez. Berari emaiozu.

Antonio Hari ez, hiri, nahi baduk.

Enrike Pedro nire aldean gizona da, emaiozu.

Antonio Eta hik... (Enrikek bizkarra altxatuaz). Enrike, ez haut horrela ikusi nahi. Zer nahi duk? Neskarekin berriro hasi.

Enrike (Bizkor). Ez...

Antonio Hori ere ez? (Antonio gelditzen da harriturik. Isilaldi labur bat). Hoa, bada, orduan ibilte handi bat egitera, Frantziara, Ingalaterra... Alemaniara... Nahi duan lekura... Hoa... beste lurrak ikustera... beste emakumeekin hemengoa ahaztera...

Enrike Ez dut nahi. Trenak... hotelak... nekeak... beti aurpegi berriak... Aspergarria zait.

Antonio Zer nahi duk, orduan?

Enrike Bakean uztea. (Bizkor eta gogor).

Antonio Eta etxean baztertuta bizitzea. Nola nahi duk guk hori onez eramatea?

Enrike Eta zergatik ez? Ez zaiteztela nire ondotik ibili, mukitsu bat banintz bezala, utz nazazue nahi dudan biziera egiten; zaudete nigatik ardurarik gabe.

Antonio Ez, ez.

Enrike Zergatik ez?

Josefina (Senarrarengana joanaz). Antonio, Faustinok zurekin hitz egin nahi du.

Antonio Orain?... Orain ez.

Enrike Niregatik, bai... Ni kalera noa.

Antonio Ez diat behar nian guzia esan. Itxoin ezak.

Enrike Gelan egongo naiz.

Josefina Zer esango diot?

Antonio (Isilaldi bat eta gero dio Antoniok:). Datorrela. (Josefina atzeratuko da eta eskuarekin hots egingo dio Faustinori).






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org