2 04 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Goi argi »  2 04 agerraldia

Laugarren Agerraldia
Antonio eta Faustino
Faustino Egun on, Antonio.

Antonio (Gogo txarrez eta eseriaz). Egun on.

Faustino Etxetik natorrek. Han utzi diat hire Isabel gure Maritxurekin. Ahaleginak egiten zizkiok hona etortzeko, baina alferrik; horregatik natorrek ni... hire alaba gaixoa negarrez ikusiak gupidatuta. Maritxuk ez dik etorri nahi, ez guk galarazten diogulako. Zer izan duten guk ez zakiagu, eta guk ez zioagu galdetu ere. Neskak egun txarrak erabili ditik, baina beti bezala agertu duk gure aurrean, aski duk eta, bere atsekabeak bakarrik eramateko.

Antonio Axaleko minak...

Faustino Bazakiat egun txarrak daramatzazuela eta zergatik? semea ez duzuelako alai ikusten. Uste duk gurasoen egitekoa dela beti semea alaitzen egotea. Latzago, latzago hazi behar dituk semeak. Ikas dezala bizitzen; agian ongi etorriko zaiok gertatua (Antoniok barre-irri bat); eta ez uste pozten naizenik, nik eta nire emazteak zartada handia hartu diagu eta... Baina uste duk itxurakoa dela honela ibiltzea?... Denak haserre honela bizitzea? Ez: beti bezala jarrai dezagun eta lasai gaitezen... Ez duk hori heriotza... (Antoniok ez dio erantzuten; isilaldi luzea). Eta orain banoak... barka nazak... eta agur...

Antonio Hago. Hik ezagutzen duk Jauregi, burdina tratuan ibiltzen dena?

Faustino Nola ez?

Antonio Saldu egin nahi dik.

Faustino Bai, atzo jakin diat, bere emazteak esanda.

Antonio Irabazpide polita izan behar dik. Enrikerentzat hartuko ote dudan nagok.

Faustino Gizona pozten nauk! Nork zekik lanean haste horrek ez ote duen osoro bihurtuko... Eta agian berriro...?

Antonio Horretan nabilek, baina Enrikek ez dik nahi.

Faustino A! Hori txarra! Hain gaizki ohitua zagok...

Antonio Agian hik esanda…

Faustino Nik, pozik; baina zer nezakek?

Antonio Maritxuren osaba haiz... Aitatzakoa ere bai... Hik esanda...

Faustino Berehala, nahi baduk. (Antoniok mahai gaineko zintzarria joaz).

Antonio Jauregik zergatik uzten dik?

Faustino Aberastu delako, eta premia gehiago ez daukalako. Ondotxo eskatzen dik.

Antonio Bazakiat.

Neskamea Jauna.

Antonio Hots egin señoritoari.

Neskamea Bai, jauna (Joan).

Antonio Berrogei mila duro.

Faustino Eta ez dik gutxiagoan emango; ba! hiretzat hori ezer ez duk.

Antonio Hemen zetorrek, zerbait esan iezaiok.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org