 |
|
 |
 |
|
Bosgarren Agerraldia
|
Antonio, Faustino eta Enrike
(Enrike sartu)
|
Faustino Ez dut joan nahi izan zuri agur bat egin gabe. Gertatua gertatu arren, lehen bezain adiskide aurkituko nauzu eta lehengo eran jarraituko dugu bi sendiak.
Enrike Eskerrik asko.
Faustino Eta orain, zorionak, pozteko bidean sartzera zoazelako. (Enrike harritu). Aitak esan dit Jauregiren landola erostera doala eta zuri ematen dizula.
Enrike Hori esan dizu?
Antonio Bai, hiretzat erostera noak; nahiko duk?
Faustino Ez dizu ezetzik esango. Nork leuzkakeen honen urteak eta honelako irabazpide bat eskuetan. Amets gozoak eta zenbaterainokoak egin litezkeen. Bizieraren jabe izatea, nahikoa diru irabaztea, inoren beharrik gabe, eta laguntzarik gabe non-nahi agertzea; ez da hori pozgarria?
Enrike Eta nor atzipetuko dudan, nori salneurri handiagoak sartuko dizkiodan izaera guzia eramatea. Dirua nori eta nola kendu, zenbat eta zenbateraino gorde, gero, agian, etxean sortutako seme batek arrunt bota dezan. (Azkeneko hitzak oso ilun).
Antonio Horretarako ere jaso egin behar aurrena.
Enrike Ba.
Faustino Batere ez naiz harritzen zuri honela entzunda; norekin zabiltzan jakitea nahikoa da; egun hauetan, gainera, adimena ere ilunpetua daukazu. Has zaitez lanean, eta gogoz heltzen badiozu, beste erara hitz egingo duzu.
Enrike Bai, lanak uztarpetzean.
Faustino Lana beharrekoa da. Agindu bat da.
Enrike Bai, “kopetako izerdiaz irabazitako ogia jango duzu”. Polita besteri esateko, baina ahal duenak izerdirik atera gabe bizi nahi du.
Faustino Horrenbesteko izerdi atera beharrik ez duzu izango.
Enrike Egia. Nik egingo dudan lanarengatik...
Antonio Makinatxo bat egina nauk zuen ontasunari begiratuaz, eta orain ere horrengatik nabilek. Erosiko al diat? Esan ezak!
Enrike Nork galarazten dizu?
Antonio Galarazi, inork ez; baina hire gogozkoa dela entzun nahi diat.
Faustino Bai, gizona, bai.
Antonio Hiretzat, orduan.
Enrike Niretzat edo besterentzat.
Antonio Hiretzat.
Enrike Niretzat. (Bukatzearren amore eginaz).
Faustino Zori onak, Enrike, eta hiri ere bai, Antonio.
Antonio Bai, pozik hartzen dizkiat.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |