 |
|
 |
 |
|
Hirugarren Agerraldia
|
|
Pedro eta Faustino
|
Faustino Egun on, Pedro.
Pedro Egun on, Faustino.
Faustino Nola zarete?
Pedro Gaizki... Egunetik egunera okerrago, hau ez da bizitzea! Edozeinek esango luke nire aitaginarreba ez dela pozten negarrez denak jarri artean. Bi emakumeei horrek ematen dien nekea! Niri, berriz, zer esanik ez... Eskerrak ez diodala nik jaramonik egiten, baina honela ezin gintezke izan.
Nire emazte gaixoa urtu da; ama, zer esanik ez, eta nire etxea agindu eta zuzentzeko inor ez daukala; goiaz behera dena dabil.
Faustino Gogorra gerta zaio ere Antoniori. Bere seme kutun hura galdu!
Pedro Ez du etsi nahi. Enrike oraindik ere nahi du. Hor dabil beti Enrikeren galdezka, Enrikez hitz egiten, Enrike aurkitu nahirik. Jarri dizkigu Enrikeren irudiak alde guzietan, hormetan, mahai eta txoko guzietan... badarabiltza patrikan... otorduetan mahaian oraindik bere lekua gordetzen zaiola esanarekin, dena ikusia dago.
Faustino Itxura gabeko gauzak dira horiek. Etsi behar luke. Inor hil ote da! Eta hauek dira gizon gordinak, hauek geroko ezeren beldurrik ez dutenak, eta hauek heriotza batek porrokatu eta bururik altxa ezinik gelditzen direnak.
Pedro Badakizu, nola... ez duten ezer sinisten.
Faustino Sinistuko ez balute, ez lirateke horrela izango. Ukatzen erraza da, baina ez barrendik isil-isilik datozen galdera setatsuari erantzuten.
Pedro Ez baitira isiltzen.
Faustino Antonio non da?
Pedro Hor barrenean. Enrikeren gelan agian, gehienetan han da eta.
Faustino Ez dakit hots egin edo dakardana zuri esan.
Pedro Entzungo dizut, eta nik egin nezakeena bada, agindu.
Faustino Eskerrik asko. Jauregik bidaltzen nau.
Pedro Badakit zertara.
Faustino Hila gaur bukatzen da, eta, nola hiru idatzi egin arren ez dion erantzun, jakin nahi luke zer asmo daukan.
Pedro Guri ez digu esan nahi.
Faustino Galdetu diozue?
Pedro Egun hauetan guzietan aitatu diogu. Arestian, azkeneko bere emaztearekin izan duen errieta horregatik zen.
Faustino Eta zer dio?
Pedro Enrikerentzat ez bada, beste inorentzat ez duela erosiko.
Faustino Zorakeria da hori.
Pedro Ez dugu, bada, horretatik ateratzen.
Faustino Eta agiritzat jarritako bost mila duroak?
Pedro Gehiago balio zituela bere semeak, eta galdu duela.
Faustino Eman diezazula zuri bere eskubidea, eta zuk osa ezazu gainerako dirua. Ez ote duzu aurkituko?
Pedro Orain erraz. Nireak bakarrik dira bere ondorengoak. Baina etxean izanda, besteri eskatzea ez da itxura onekoa. Esaiozu zuk. Zuri entzungo dizu. Zurekin jardunean ari arren, gehienetan zure esana egiten du. Hitz egiozu.
Faustino Ez neukan gogo handirik. Gertaera tamalgarri hura ezkero ez dut ikusi. Nire iloba nola tartean baitzen! Eta gaixoak egun onak daramatza! Ez zuen senartzat nahi; gaur ere, uste dut, ez lukeela nahiko, baina, hala ere, bizia opa lioke berari ontasuna ekartzearren.
Pedro Bai, Isabelek hala esan dit.
Faustino Lehen baino adiskideagoak direla uste dut bi lagunak...
Pedro Nahi duzu aitari hots egitea?
Faustino Bai, hots egiozu. Noiz edo noiz ikusi beharra naiz eta gaur izango da.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |