3 05 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Goi argi »  3 05 agerraldia

Bosgarren Agerraldia
Faustino eta Antonio
Faustino Antonio!

Antonio Zer? (Oso labur)

Faustino Hiregana etorri nauk.

Antonio Niregana, eta hor habil etxean diren guziekin batera eta bestera.

Faustino Lehengo eran.

Antonio Ez zagok orain lehengo konturik.

Faustino Ikusten diat. Zeuon elkarganako maitasuna eta atsegina itzali dela. Aurpegi ilunak eta negarrez estaliak ikusten ditiat.

Antonio Ekar iezadak Enrike, eta denok alaituko gaituk.

Faustino Enrike!... (Ezinezko gauza dela agertu nahian)

Antonio Enrike bai, Enrike; hura zelako etxe guzia altxa eta pozten zuena.

Faustino (Harrituta). Zer egiten zian hark bere etxearen alde? Bere senide eta gurasoen alde?

Antonio Hura zuan nire bizia.

Faustino A! Hori beste gauzarik duk... Haren begietatik bakarrik ikusten huela, egia duk... Horregatik horren gaizki hazi huen.

Antonio Gezurra diok!

Faustino (Poliki, poliki) Gaizki hazi... barka nazak... eta haur gaizki hazi batek gehienetan, gurasoen hondamena ekartzen dik... Hiri negarra ekarri dik. (Andonik ezpainak estutu eta burua makurtu)

Antonio Handia!

Faustino Zer egiten duk alaitzeko?... Begira ezak hire ingurura eta ikusiko duk emazte on bat, inork ez duen bezalako emazte bat, hiri on nola egin asmatu ezinik; alaba bat, gutxi diren bezalakoa, bere gaztetasuna ahaztu, eta bere senar eta haurtxoak nahikoa ez dituela, beti bere aita eta amaren begietara begira; zeuon nahirik txikienak, asmatu nahian, berehala betetzeko.

Eta hi... entzungor, seta txarrarekin, goikoz behera gauza denak hartzen dituala, emakume errukarri horiei une bateko bakea ematen ez dieala...

Antonio Nik, e?... Berek bai, ez bazekitek ni sutzeko zer egin.

Faustino Uste txarrak.

Antonio Usteak? Bazirudik Enrikeren heriotzak poztu egin dituela.

Faustino Etzakela hori esan.

Antonio Zergatik ari dituk, bada, beti ahaztarazi nahian.

Faustino Arrazoi ditek. Egongo haiz, bada, beti eta beti, jardun berarekin burua zoratzen. Egun tamalgarri hura aldentzen ari duk. Berak ekarritako oinaze zorrotza barrentzen ari duk. Ez dezagun, bada, gertatutakoa beti eta beti gogoraturik, zauria berritu. Inork adina min nik hartu nian...

Antonio Esanak.

Faustino Nik, eta nire etxeko guziek.

Antonio Bai, Maritxuk.

Faustino Maritxuk bai. Eta agian hi baino gehiago ahalegintzen duk Enrikeren on bila.

Antonio Hil eta gero... salda bero.

Faustino Hil eta gero, Jaungoikoaren eskuetara joan denean eta bere gogoa...

Antonio (Haserre altxatuaz) Jaungoikoa? Ixo!... Ez iezadakela aitatu. Baldin bada, eta esaten duzuen ahalmena badu, petral ona, seme bakarra aita bati kentzen diona. Atzaparretan baneuka!

Faustino Bereetan bai, bagaudek gu... eta hire semea... Eta ondo irteteko, emakumeak, batez ere gure etxeetan diren emakumeak, egokiak dituk. Behartu, eta bihurtuko ditek, esate batera, Jaunaren asmo bera hire semearen alde.

Antonio Berriketak!

Faustino Hiretzat bai. (Isilaldi bat)

Antonio Eta honetara etorri al haiz?

Faustino Honetara, eta beste gehiagora ere bai... Jauregik hiru idatzi egin ditik.

Antonio Eta ez zioat erantzun.

Faustino Gaur duk azkeneko eguna. (Dena eztiro eta geldi)

Antonio Bazekiat.

Faustino Zain zagok.

Antonio Alferrik, ez nauk joango.

Faustino Eta jarritakoa?... Galdutzat eman nahi duk?

Antonio Enrike ekartzen ez badidak, bai.

Faustino Enrike ez ezik gehiago ere badituk. Pedro gizon on bat duk. Eros iezaiok.

Antonio Ez.

Faustino Eman iezaiok, bada, hik daukaan eskubidea.

Antonio Eta gainerako dirua?

Faustino Aurkituko dik.

Antonio (Sutsu eta haserre bizia agertuaz) Lehen ez eta orain bai! Sumatzen diat! Enrike hil, eta berak bakarrik dituk nire ondorengoak... Esan iezadak ez direla hura hilarekin poztu!

Faustino Orain ere txarrera jo duk. Lotsatzen ez haiz hire odolekoen kaltez beti honela hitz egiten? Pedro alde batera utzita, behar den gizona izan arren, ez daukak Isabel, hire odolekoa, eta ez ditik bere sabelean sortu, eta bere bularrez hazi, hire bilobak diren bere hiru haurtxoak? Horra hor non dituan hire ondorengoak, hire etxe hau alaitu lezaketenak, hire zahartzaroa poztu lezaketenak... Ez iezaiekela etxeko eta bihotzeko ateak itxi.

(Antonio oldozkor eta itun esertzen da. Faustino joaten da, eta atzean norbaiti etortzeko esaten dio eskuarekin. Agertzen da Antontxu, Faustinok isilik hitz egiten dio eta joaten da. Antontxu poliki-poliki etorriko da aitonaren aurrera. Honek nabaritzen duenean norbait, burua altxatzen du, eta biloba ikusirik zoro antzera, baina gozoki heldu eta ekiten dio)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org