3 07 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Goi argi »  3 07 agerraldia

Zazpigarren Agerraldia
Lehengoak eta Isabel
Isabel (Oso larri eta atzetik oihu eginaz) Andoni, hator hona... Aitonari zer egin diok? (Isabelek atera nahi dio haurra, baina aitonak eusten dio)

Antonio Zer, atera egin nahi dun? Nire biloba, nire odola daraman biloba, atera egin nahi dun? Ez dinat emango!

Isabel (Ezin ulerturik) Ez aita... Zuk nahi baduzu, zurekin izango da... Okerren bat egin zizula uste nuen.

Antonio Okerra ez, bihotza alaitu zinan. Enrike non den bazakin.

Isabel Enrike? (larri)

Antonio Bai.

Isabel (Ikaraz, jakin nahian) Non da, bihotza?

Antontxu Zeruan.

Antonio Entzun dun? (alai)

Isabel (Alaituaz) Bai, aita; eta ez badago ere, ez du luzaro jarraituko dagoen lekuan. Ahalegintzen gara, ez dela arras galdu ziur baikara. Haren heriotza larriko hitz labur haiek, sinestun batenak ziren. Horregatik ez dugu gehiegi estutu behar. Bizi garenok ahalegindu gaitezen haren alde, baina baita ere gu geuroni hobeto izaten. Ondo bizi gintezke.

Antonio Ni Antontxurekin. Hona ekarri behar dun.

Isabel Eta ni berarekin, ez baita egoki ama bati haurra kentzea.

Antonio Ez dinat kenduko. Hiretzat lekua izango dun etxean.

Isabel (Poz eta itxaropenez beteaz) Eta nire senarrarentzat?... Eta beste nire haurtxoentzat?... Esadazu baietz, aita... Hain ona zaren aita... Izerdi eta neke guziak gugatik pozik, hartzen zenituen aita.. Ni hainbeste maite ninduzun aita... Niretzat, dena gutxi aurkitzen zenuen aita, nahiz orain gogor eta zeken agertu, barrenean izan duzun eta daukazun maitasuna ezkutatu nahian... (Oso laztanki)

Zure gogozko ez zen ezkontzarekin nahigabetu zintudan, ezereztu nituelako zuk nire maitasunean zenerabiltzan asmo eta ametsak, baina... zoriontsu nahi baninduzun, zoriontsu naiz... Senar on bat dut. Bazeneki zenbat maite nauen, eta zenbat maite dituen bere haurtxoak!...

Antonio Eta ni? (Zeken)

Isabel Ez zaitu ezagutzen. Beti gogor hartu duzu, eta nola sinistuko du guraso bihotz handiko bat zarela?

Antonio Gogorra izan naiz, egia.

Isabel Ekar ezazu hona, agertu zaitez lehen zinen bezala, eta ikusiko duzu Pedro nor den. (Atzeneko hitz hauek esanaz belaunikatu edo eroriko da aitaren oinetan bere eskuari eutsiaz). Nire senarrarekin... nire haurtxoekin... nire amarekin... nire aitarekin... denok... batean... ezin gintezke bizi?

Antonio Altxa, Isabel, altxa... Esan iezaion Pedrori etortzeko. (Isabel altxa eta poz handiz atzera joanda hots egiten du)

Isabel Pedro... ama... zatozte, zatozte... (Bitarte honetan Antonio mahaira joan eta aterako du Jauregirekin egin zuen erosagiria)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org