1. 1. irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  1. 1. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

Barriola Aizpurua’tar Abelinek Sortua

Lagun Txar Bat

Hiru Egintzatan Antzerti Ituna

Donostian 1912. urtean
«Euskal Itz Jostaldien Batzarreak»
Egindako Indar-Neurtzeetan Aurreneko
Saria Irabazia

Donostian
Joakin Barojaren Etxea



AURRENEKO EGINTZA

Iruditegiak «Barrio Jaranako» arrantzale baten etxeko sukaldea agertzen du.
Eskuinetan, aurrena ate bat, eta bigarren leihoa.
Atzean, eskuin aldean, sukaldea bere tximini gain eta guzti, eta beste aldean sarrerako atea.
Ezkerretan beste ate bat. Inguruan mahai bat bere sillekin. Denean arrantzako tresnak, kanaberak, sare puskak...
Leihoan zapiak, eta ertzean arrain zakarrak (potak) zintzilik lehortzen.



LEHENBIZIKO IRUDIA



I

Kaitana eta Aitona Joxepe. Atarian Mikela

AITONA JOXEPE eserita tretzak askatzen eta kulubixetan kordela lotzen. Erraina, Kaitana, sutan eltzeak jartzen.



MIKELA ( Ataritik oihuka ). Ama!

KAITANA Alaba al zen?

AITONA JOXEPE Hala uste dinat.

KAITANA ( Leihotik begira ). Zer da?

MIKELA Aita badatorrela.

AITONA JOXEPE Goiz zetozan gaur, ez zitunan urruti.

KAITANA Bai, inauteri biharamunean nola ez diren buruak lan asko egiteko egoten, bertan geldituko ziren.

AITONA JOXEPE Inauteria! Deabruak sortutako egunak. Buruan sartua zeukanat oraindik egun horiek ekarri behar digutela guri negarra.

KAITANA Guri? Zertatik?

AITONA JOXEPE Deun Jose aita nireak ez dezala nahi! Baina, Kaitana, kezka handi bat zeukanat barren honetan... batez ere gaur goiza ezkero.

KAITANA Zerk egina?

AITONA JOXEPE Hire alabaren ibilerak.

KAITANA Ba! gazteen gauzak!

AITONA JOXEPE Deun Jose nirea! ama baten erantzupenak!

KAITANA Zer nahi duzu bada; gazteago dela ez da ibiliko.

AITONA JOXEPE Okerrago ere ez. Kaitana, nik izan dizkinat alabak, baina egundo ez diten gaurik galdu, hireak galdu duen bezala.

KAITANA Nire alabak?

AITONA JOXEPE Bai, hire alaba, nire biloba Mikela, bart ez dun etxeratu. Gau erdian sotorako hots egitera joan naizenean ez zegonan ohean. Deun Jose! ez, ez zunan ohean eta ez zekinat gero noiz sartu den.

KAITANA Harritzen naiz, aita, esaten duzunarekin.

AITONA JOXEPE Harritu? ni bat ere ez oraingo bere ibilerak ikusita.

KAITANA Ez gaitezela larritu gehiago gabe; ez da haurra.

AITONA JOXEPE Haurra ez delako okertu dun. Ez dakin hik inauteri madarikatu horietan zenbat sare jartzen dituen deabruak gazteak galtzeko?

KAITANA Gazte txoroak.

AITONA JOXEPE ( Gogor ). Hire alaba bat. Kaitana: noiz sartu da bart etxean Mikela?... erantzun iezadan... noiz?...

MIKELA ( Lehen bezala ), Ama! sartu da baporea.

KAITANA ( Leihotik ). Banoan! (Aitonari). Hara pronto mahaia, sutatik bazkaria atera, eta eman semeari.

AITONA JOXEPE Emango zionat.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org