1. 4. irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  1. 4. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

LAUGARREN IRUDIA



IV

Aitona eta Bitor





BITOR Arratsalde on.

AITONA JOXEPE Jaungoikoak eman diezagula.

(Bitorrek atera txamarra eta botak eta mahairatu aitonak sutatik ekarri dion bazkaria jateko).

Gaur gutxi zenuten.

BITOR Gutxi; jende horrekin nora joan?

(Bitorrek jan. Isilaldi bat).

AITONA JOXEPE Bitor, gaur oso larri nagok.

BITOR Zergatik?

AITONA JOXEPE Mikelarengatik. Gure neskatila ez zebilek zuzen... Mikela, urteek edo lagunek, lagunek hobeto urteek baino, harrotu egin ditek dena.

BITOR Aita, zentzu gabeko zure kezka batzuk izango dira horiek.

AITONA JOXEPE Ez duk badaezpadan hartzeko gauza.

Mikela okertzen ari duk. Mikelak burua haizez josia zeukak. Bestela uste al duk egingo lizkiokeela horrenbeste urruin eta burla hire baporeko mutilik zintzoenari?

BITOR Gazteen gauzak!

AITONA JOXEPE Gazteen gauzak? Bitor, neska gazteen gauzak al dituk aitonari barre egitea? neska gazteen gauzak al dituk amari barre egitea? neska gazteen gauzak al dituk, entzun ezak ondo, gauean ez etxeratzea?

BITOR Nola?

AITONA JOXEPE Bitor, bart hire alaba ez duk etxeratu. Goizeko ordu bietan ohea oraindik hutsa zegoan, geroago etorri bada, ez zekiat.

BITOR ( Jatez utziaz ). Ba al daki amak?

AITONA JOXEPE Zer edo zer bai, nire galdera bati erantzun gabe joan duk eta.

BITOR Aita, jar ezazu berehala Kaitana jakinaren gainean eta biek har ezazue Mikela gogor.

AITONA JOXEPE Kaitanak ez, herorrek hartu behar duk gogor.

BITOR Nik?

AITONA JOXEPE Herorrek bai. Esan ez diat, bada, barre egiten digula guri? Herorrek esan behar diok.

BITOR Lan horietako ez naiz ni gauza.

AITONA JOXEPE Gauza ez haizela eta zer uste duk, beste gehiago gabe utziko haudala? Deun Jose! hi ez haiz bere aita? Zer uste duk, mantendu eta jantzi beste zereginik ez duzuela gurasoek? Hi haiz ludi honetara, Kaitanarengandik, Jaungoikoaren eskerrez, sortu eta ekarri duana. Hik herorrek, gaur edo bihar, Jaungoiko horren beraren aurrean kontu eman behar duana, erakutsi dizkiozuen haziera eta ikasbide guziez.

Hala ez balitz ere, ikusten ez duk Mikelatxo gure alaba bakarra dela? (Oso xamur).

Entzun iezadak gogoz, eta ahaleginak egin itzak gure neskatila zuzentzen, eta Deun Joseri eskatzen zioat betaz hasteko; bestela, seme!, samintasun horrek hilko naik.

BITOR ( Zakar, eskuan daukan ogi puska lurrera boteaz ). Datorrela neska.

AITONA JOXEPE Bai, Bitor, etorriko duk; baina zakarkerian ez duk askorik aterako.

BITOR Zer egin behar dut bada?

AITONA JOXEPE Taxuz hasi. Aurrena bart zer zuen jakin, eta zer dabilen esanarazi.

BITOR Ondo da.

AITONA JOXEPE Nik uste diat lagun txar bat dela okertu duena, eta galarazi behar diok harekin ibiltzen.

BITOR Lagun txar bat? nor?

AITONA JOXEPE Beti berarekin dabilena, Karlota, Katalin negarti-ren alaba.

BITOR Amaren antzekoren bat?

AITONA JOXEPE Okerragoa ez bada. Eta ez duk harritzekoa; zer nahi duk ama haren eskuetatik irtetea?

BITOR Onik ez.

AITONA JOXEPE Ikusten duk bada, seme, larri egoteko eran nagoela eta baita hi ere. Inauteriko jolasen bat bakarrik balitz bartko errua, baina ez zekiat, ez zekiat.

BITOR Zuzenduko dut aita, utzi niri.

AITONA JOXEPE Banoak sotora tretzak zabaltzera, eta seme, ez ahaztu gurasoa haizenik eta Mikela, nire bihotzeko Mikelaren izaera on guzia, oraingo ibilera zintzoetan dagoela.

BITOR Ez.

( Irtengo da aitona. Entzungo dira atarian barre hotsak. Begiratuko du Bitorrek leihotik ).

Barre hotsak?... berak dira. Orain ere Anjelekin dute. Neska arranoa! Nor behar ote du hori baino hobea?











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org