|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
IX
Lehengoak eta Karlota
KARLOTA Aja, ja, ja! nahi al duzue apaizaren bila berehala joatea?
MIKELA ( Karlotagana joanaz ) Karlota, goazeman.
KARLOTA Bakarrik ala horrekin?
MIKELA Bakarrik.
KARLOTA Hori ez zagon behinik behin gure arterako txukuna.
MIKELA Utz iezaion eta goazeman.
KARLOTA ( Lehen bere antzera ) Ez doa... zoaz bakarrik... aja ja! zer uste ote du horrek, beretzat orrazten garela gu? aja ja!... eltze zaharraren aurpegi horri begira...
ANJEL Zaude isilik eta zoaz azkar hortik.
KARLOTA Ni? azkarrago joango zara zu. Koñe! Zer egiten duzu zuk hemen? Zertara etorri zara? Tresnak ekartzera? bada utzi eta ospa... ikusiko da mazopa! aitzakiatan etorri patroiaren etxera eta alaba atzitu nahi somolo... somolo... ezer egingo ez balu bezala.
MIKELA Utz iezaion eta goazeman.
KARLOTA Goiz egin dun etxearen jabe; azkar hasi dun agintzen. Kontxe! marikita arranoa! etxetik ni joateko, nork esan? horrek... eskaileretatik baino leihotik hankaz gora lehenago bota behar genukeen mutur beltz horrek.
ANJEL Lotsagabe hori!
KARLOTA Lotsagabea? ez zu bezain handia.
MIKELA Goazeman, Karlota.
KARLOTA Ez dinat nahi hau joan artean; hemen egongo naun.
MIKELA Ni banoan bada. (Joango da ate ondora eta ondoren jarraituko dio Anjelek).
KARLOTA Mikela, bazoan, hor dun atzetik. ( bihurtuko da Mikela Anjelen aurretik geldituaz, honek hitza ahoan duela ).
ANJEL ( Karlotari ukabila altxatuaz ). A zikina!
KARLOTA Aja ja!... amutik dontzeilak ihes egin! Nahi zenuen isilik harrapatu eta... poto... Mikela, begira iezaion zer aurpegia daukan; bart bailean zebilen haur negarti haren maskara zirudin...
MIKELA Hau neska! honen ateraldiak!
KARLOTA Moñoño, bakarrik joan beharko duzu... haurtzainak ez du zurekin joan nahi eta. Kontu punpalax egin.... eta aurpegiarekin lurra zikindu...!
ANJEL Deabruaren neska!
KARLOTA Apa, apa, apa, ama, ama, ama, aita, aita, aita!...
ANJEL Isildu hadi azkar, bestela...
KARLOTA Barre pitin bat egitean... ez da hala, potxolo?
ANJEL Emango dinat nik hiri barrea. ( Anjelek botatzen dio ukabilkada bat eta Karlotak egiten du garrasi ).
KARLOTA Ai!
|