2. 4. irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  2. 4. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

LAUGARREN IRUDIA



IV

Mikela eta Boni





BONI Goazen dantzara?

MIKELA ( Gogo gutxirekin ) Nahi baduzu...

BONI Ez daukazu gogorik?

MIKELA Ez askorik.

BONI Zer duzu bada?

MIKELA Bart ezkero, baina batez ere eguerdi ezkero ez dakit zer gertatzen zaidan; samin nago!

BONI Nigatik? ni al naiz samintasunez iluntzen dizkizuna bihotza, aurpegi eder eta begi zoragarri horiek?

Hala balitz, aitor ezazu, Mikelatxo, eta inor gizonek sortu ez dituen ahaleginak egingo ditut zu alaitzeko, zu pozak ikusteko.

Zurekin bat izanik bizi nahi dut, nire gogo eta arima, bihotzeko asmo eta nahi guztiak zurearekin bat eginik, eta honela elkar maitatuaz zoriontsuak izango gara biok, ni orain zure ondoan aurkitzen naizen bezala, zoragarrizko zoriontsu!

MIKELA Zu hala zaude?

BONI Ni, Mikelatxo, bai. Begira iezadazu begietara... baina ez horrela... aurrez aurre... bekokia igoaz... zure begi beltz eder horiek irekiaz, ikus ditzadan beren barrendik zure bihotzeko asmo sakonenak.

( Mikelak begiak itxi eta negar )

Negar egiten duzu? ez didazu entzun nahi? bartko asmo guztiak utzi ote dituzu? Mikela!

MIKELA Ez, Boni, esandakoan nago, eta hitz honi gogor eustearengatik aurkitzen naiz orain barrengo nahigabe honekin.

Bart zurekin nintzen amaren baimenarekin, orain... bakarrik nago, denok aurrez aurre ditudala.

Nire aitona, aita, eta baita senargai eman nahi zidaten Anjel ere jarri zaizkit aurrean erreguz aurrena, eta gogor eginaz gero, zuregana etortzea galarazi nahian. Aitak... aitak oihu egin dit leihotik, gehiago, egundo gehiago, ez naizela bere etxean sartuko, niri, bere alaba bakarrari...

BONI Aitak hori esan dizu? Gaizki, txit gaizki egin du.

MIKELA Nik behartu dut.

BONI Zerekin? gaur hona etortzearekin?

MIKELA Bai, zuregana.

BONI Zertzat naukate bada ni? Anjel baino gutxiagotzat? Ni aberatsa, itsasontzi, txalupa, bapore, tresna askoren jabea, hura adina zurekin ibiltzeko ez naiz? Zein da hori dioena? ama? ez, nirekin batean baitago; aita? zer daki hark itsasoan arrantza egiten baizik, eta lehorrean dagoenean taberna zuloan ke tartean, ez sendi, ez alaba, ez emazte, inorentzat gogoratzen ez dela zurrut egiten besterik?

MIKELA Nire aitak ez du tabernarako grinarik.

BONI Non uste duzu, bada, Anjel, gizon kirten, hitz gabeko horrek harrapatu duela bere alde jartzeko? itsasoan?... ez, baso ardoaren aurrean.

MIKELA Aitona da nahi duena.

BONI Aitona? horretarako egokiena... txanpon bat irabaziko ez du, eta etxera dirua eraman lezakeena bota nahi... Mikelatxo! ( oso xamur ) utzi denok eta zatoz nirekin.

Zure gurasoek ez dakite zeren jabe ziren eta bota egin zaituzte etxetik; bada nik, puskaturik bihotza zure gaurko gertaera samin horrekin, ez naiz zu ongi ikusi artean geldituko.

Nik bilatuko dizut etxea, nik jarriko dizut gelatxo bat, egundaino ametsetan ez bada, ikusi ez duzuna, eta han zu eta ni, eta ni eta zu, bat eginik biziko gara ongi, luzaro ongi...

MIKELA ( Atzera eginaz ) Boni, ez, ezin nezake... ez da hori neska ezkongaiaren bidea... ez.

BONI Gurasoek bota ez zaituzte? zaude bada berak bila etorri arte; eta sinistu iezadazu: nirekin bazatoz, azkar dituzu inguruan.

MIKELA Ez, ez...

BONI Nik egin nezake zure aita bapore jabe... ama etxejabe... zu aberats, ni eta nire ontasun guztien jabe... jantzi ederrak, txapel galantak, mahai ona, jolasak, ibilera alaiak, denak izango dituzu eta ezperik gabe, diru bila ibili gabe, zure esku polit hauek laztu gabe, lakartu gabe...

MIKELA Etxera joan behar dut.

BONI Galarazi ez dizute?

MIKELA Bai baina apalduko naiz, eta hartuko naute. Boni, zerorrek aitari hitz egingo diozu. Maite nauzula esaten ez didazu? lagundu iezadazu bada erru hau zuzentzen, gurasoekin adiskidetzen, eta orduan ikusirik zure asmo zuzenak, gure alde jarriko da aita, utziko dit ibiltzen, eta behar bezala, nahi baduzu, zurea izango naiz.

BONI Zure gurasoek ez dute gu apaltzerik merezi; berena da okerra; datozela bada.

MIKELA Mendekoa ni naiz, alaba bainaiz.

BONI Eta haiek gurasoak bai... eta haiek zuri erakutsi behar dizutenak... ez zuk haiei...

MIKELA Boni, nire aita ona da... nire aitona ere bai...

BONI Ni naiz orduan txarra?

MIKELA Ez diot nik hori...











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org