|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
HIRUGARREN EGINTZA
Eraz antolatutako gela bat. Hiru ate. Atzekoa sarrerakoa, ezkerretakoa Mikelaren gelarako, eta eskuinetakoa etxe barrurako. Atzean, eskuin aldera, mahaitxo bat, eserlekuak...
I
Joxepatxo. Gero Boni
JOXEPATXO ( Ezkerretako atetik irtenik ). Gaixoa, bakar-bakarrik dago. Beti Boniren zain, eta Bonirik agertzen ez zaiola badira hiru egun; eta zer egun? onenak, alaienak, gazteentzat ederrenak, inauteriko egunak.
BONI ( Behatza ahoan daukala, eta hanka puntetan ). Joxepatxo...
JOXEPATXO Oi, Boni, zu al zara?
BONI Isilik... etxean al da Mikela?
JOXEPATXO Ohean. Orain esan dit berriro zure bila joateko.
BONI Gaizki al dago?
JOXEPATXO Gaizki, gaizki... badakizu.
BONI Bai.
JOXEPATXO Gaitzik handiena zu ez ikustea du. Aurrenetan hona ekarri zenuenean elkarrekin zineten beti... Gero... lana eta, zer egin batzuengatik ez zinen egunero etortzen; eta orain... hiru egun badira ez zarela agertu, eta zer egunak! onenak...
BONI Egia da.
JOXEPATXO Gaurko egun guztia negarrez darama; inauteriko hiru egunetan ere hala egon da. Gogoratzen zaizkio joan den urteko egunak, gurasoen etxea, zurekin hona etorri zen gaua. Eta ikusirik oraingo bere bakartasuna, iruditzen zaio zuk gutxiago maite duzula, eta negar egiten du.
BONI Arrazoi du.
JOXEPATXO Nik isilarazten dut. Esaten diot ez diozula biderik eman horrela jartzeko; beti berea izango zarela, bere ondoan egonarekin lanik ez daukazula egiterik, gauza askori aurre eman behar diozulako: etorriko zarela, eta honela... ez al dut ongi egiten?
BONI Ez.
JOXEPATXO Zer bada? Zer nahi duzu esatea?
BONI Ez naizela gehiago etorriko.
JOXEPATXO E...!
BONI Entzun duzuna. Bukatu egin behar dut.
JOXEPATXO Aspertu al zaitu?
BONI Bai.
JOXEPATXO Mikelatxo gaixoa, on askoa da bada...
BONI Onegia, bestela aspaldi ahaztuta neukan... baina orain azkendu behar dut. Josepatxo, ezkontzen naiz, eta honekin daukadan korapiloa eten behar dut.
JOXEPATXO Ai, ai, ai...! Beste baten gutizia sortu zaizu...! Karnabaletako beste adixkideren bat.
BONI Ez, ez, egiatan da oraingoa.
JOXEPATXO Hala zen azkenekoa ere.
BONI ( Haserre ). Azkenekoa edo oraingoa, egia den zuri ezer ez dizu. Mikelarekin bukatzera noala jakitea nahikoa duzu, gela hauek libre izango dituzula ere bai. Orain arte ondo ordaindu dizkizut lan guztiak; Mikelagandik alde egiten, hau bere gurasoengana, ahal bada, eramaten laguntzen badidazu, hobe izango da zuretzat... bestela, emanak eman, hartuak hartu, eta kito.. hor konpon.
JOXEPATXO ( Larri ). Ez, ez, ez, Boni, badakizu zuk agindutakoak egiteko pronto nagoela beti.
BONI Orain arte bai.
JOXEPATXO Orain ere... hala egin beharko.... Mikelatxo gaixoa... maite nuen bada... hain neska polita da... baina...
BONI Honela konponduko gara. Orain kaiera noa, bapore bat oraindik ez zait etorri, eta ikusi nahi dut ezer badakarren. Gero etorriko naiz, eta zuk bitartean, egokierarik baduzu, badakizu zer egin.
JOXEPATXO Ez da lan erraza baina... zer egingo da bada?
BONI Gero arte.
|