|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
VII
Boni, gero Joxepatxo. Barrendik Andre bat
( Eseri. Zigarro bat atera eta piztu. Dena txit astiro
Eskaileretan zarata handia )
BONI Zer oihu dira horiek? ( Atzeko atera joanaz ). Joxepatxo da marruaz... gehiago ere badira... Zer diote?
ANDRE BAT ( Barrendik ). Baporea, baporea ukatu tirillas alu horrek!
BONI ( Aurreratuaz barre-irrian ). Ez dakit haiek itsasoan, baina ni lehorrean gaizki ibili beharra naiz. Ba! Emakumeen berriketak! Lehorreko ekaitzak! Zarata handiarekin etorri arren ez didate ikararik ematen. Buila puska bat... Trumoia! Bi edo hiru hitz zorrotz... Tximistak! Malko batzuk... Euri pixka bat. Eta ondoren eguzkia bere urrezko printza ederrekin.
JOXEPATXO ( Atetik oihuka ). Boni, Boni.
BONI Zer behar ote du sorgin honek?
JOXEPATXO Kosmek, zure baporeko patroiak, bidaltzen nau. Badakizu Kosme nire iloba dela.
BONI Ez, eta ezta jakin nahi ere.
JOXEPATXO Kosme da bada nire iloba, nire senarraren anaiaren alabarekin ezkondua delako, eta nik hari ezin niezaioke ezer ukatu.
BONI Zoaz hor barrena eta utz iezadazu bakean.
JOXEPATXO Ez, ez... zuk ez dakizu zer egin duzun. Baporea ukatu! Baina ba al dakizu zer jardun eta berriketa jarri dituzun kaian? Hilko zaituzte, gizona!
BONI Zoaz hortik isilik.
JOXEPATXO Ez, ez, ez... ni neroni ere ia jo ninduten ikusi nautenean, ez, ez, ez, Boni, ez dakizu zer egin duzun, ez, ez, ez.
BONI Baina, berritsua.
JOXEPATXO Ez, ez, ez, ez da hori egiten ez, ez... niri ez agindu joateko, alferrik duzu, alferrik, eta nik Mikelari esan behar diot.
BONI Zer, zer esan duzu?
JOXEPATXO Mikelari esan behar diodala. ( Mikelaren gelara joanaz, Bonik besotik helduaz ).
BONI Zuk...
JOXEPATXO Mikela, Mikela.
BONI A sorgina!
|