|
Zazpigarren Irudia
Pedro, Xanti, Karmentxo, Don Luis sendagilea.
Gero Andre Ilari eta Don Lukas
Karmentxo (Atzetik barrenera hitz eginaz. Eskuan ontzi bat dakar). A! Don Luis sendagilea... Betor, betor barrena... (Sartzen da gelan).
Don Luis Egun on.
Pedro Ongi etorri. Sartu barrena, alferrik da baina...
Don Luis Horren gaizki al dago? (Gelara joanaz).
Pedro Txit gaizki.
Xanti Oraingo honek sendatuko du.
Pedro Batek sendatzen du. Bik... gutxitan; eta hiruk... egundaino ez.
Karmentxo (Gelatik irtenaz). Ekartzeko hirugarrena.
Xanti Nik, nik ekarriko dut... Esan iezadazue zein eta... Non bizi den.
Andre Ilari (Agertuaz negar antzean). Zoazte apaiz bila. Osagileek ezin dute ezer egin. Anjela gaixoa!... Zer atsekabea!
Karmentxo Banoa apaiz bila.
Pedro Ez, Karmentxo; zaude. Inguruko elizatik ekarriko dut (Pedro joaten da. Lukas agertuko da neke handia erakutsiaz).
Don Lukas Alferrik dena!... Alferrik! Hil da!...
Denok Hil da!!... A! (Denok gelan sartzen dira. Entzungo da berehala andre Anjela negarrez zotinka. Xanti gelan sartzerakoan ikaratuta ate ondoan buruari eutsi eta geldituko da. Andre Ilari otoi egiten hasiko da eta denok erantzuten diote .)
Andre Ilari (Barrenean) Aita gurea... zeruetan zaudena...
Xanti (Apur batean egongo da lehen esan bezala eta dio) Nagusirik gabe gelditu naiz! (Bat-batean, mahaira joan, Juan jaunaren atzen-nahia hartu eta irekitzen du). Bi milioi... zortzi milioi... Alargun horren gazte... eta ederra...
Andre Ilari (Lehen bezala barrenean). Aita gurea...
Xanti (Belauniko erortzen da atzen-nahia lurrera erortzen utziaz eta burua makurtuaz antzeztokiko oihala jaisten den bitartean barrengo otoitzari erantzungo balio bezala). Aita gurea...
Andre Ilari (Berdin) ...zeruetan zaudena...
Xanti ...zeruetan zaudena...
Ezkuta-zapia jaisten da
Lehenengo egintzaren amaia
|