2.02. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  2.02. Irudia

Bigarren Irudia



Lehengoak eta Apaiz jauna





Apaiz jauna Egun on. Aurrena nintzela uste nuen, baina badira hemen goiztiarragoak.

Paulita Aurrera, apaiz jauna, ikaratzen ez badugu (Gero berez). Gizona nola baita...

Apaiz jauna Zuek? Ez horixe (Paulitari aurreratuaz). Kaixo, beti panpoxa.

Paulita Nahiz alferrik!

Apaiz jauna Andre Kiteri... eta, zu, Irene... ondo?

Irene Txit ongi, Jaunari eskerrak. (Esertzen dira)

Apaiz jauna Paulita, gizentzen ari zara.

Paulita (Haserre antzean). Ni... ni... ez horixe... Joan den neguan baino meheago nago.

Apaiz jauna Uuuu! Ez zait, bada, iruditzen.

Paulita Atzo pisatu (astundu) nintzen eta... bi libra gutxiago naiz. (Apaiza barrez eta Paulita ernegatzen)

Apaiz jauna Eta neguan, gainean eramaten zenituen zamar eta larruak nola baziren gutxienaz bost... bada... Hiru nire alde.

Paulita (Oso haserre). A!...

Apaiz jauna Anjelaren zain al zaudete?

Andre Kiteri Bai, eta ondotxo.

Apaiz jauna Gaur lana erruz izango du... Zein ona den! Arestian, meza ondoren Jauna eman diodanean, oldozten egon naiz: hona hemen emakume ona, bihotz hutsa, herri koskor honetan sartu eta denei on egiten bizi dena. Beretzat ez da etsairik, denak lagunak baititu. Ez da behartsurik horren eskua aurkituko ez duenik; samintasunik, horren hitzez eta malkoz gozatuko ez denik. Sendietako larrietan, jaiotze eta hiltze guzietan han da. Baina ez galarazten, on egiten baizik.

Andre Kiteri Ona baita Andre Anjela.

Apaiz jauna Beste bat ez bezalakoa. Bere Haur-jaso-etxeko haurrak, inongo aberats etxetan baino hobeto daude. Bera beti han da: zer behar duten ikusten, berekin jolasean, berekin negarrez, berekin barrez... ama onena bezala!!

Paulita Luzaro izango al da herri honetan?

Apaiz jauna Jaunak nahi duen arte... baina luzaro. Bere osasun on eta herriko guztien otoitzek urte askoko bizia ekarriko diote.

Paulita Entzun dut, bada, nik, zer edo zer badabilkiela... Eta ez dela luzaro alargun egongo. Hala balitz, horrek dituen dirutzekin ez luke hemen jarraituko.

Apaiz jauna Bada, bada, bada... Berriketak... berritsuen marmarrak.

Irene Hasi da berriro... Hori mingaina!

Apaiz jauna Askorentzat, gizon eta emakume gai direnek hitz egiten badute, edo elkarrekin ibiltzen badira, ezkontzeko lanetan dira. Ezin oldoztu dute gizonek beren artean eta emakumeak berenean dituzten hartu-emanak gizon eta emakumeak ere izan ditzaketela. Horientzat, gizonak ez du emakumean ikusten emea baizik, egokia edo eza... Eta emakumeak, gizaseme ederra ala itsusia, gizonetarako ona ala txarra. Ez!... Ez!

Paulita Ez da beti izango, baina gehienetan bai.

Apaiz jauna Ez da, bada, izan behar: gizonak eta emakumeak, elkarrekin ibili behar dute gizon eta emakumeak beren artean ibiltzen diren eran. Ezkontzarik oldoztu gabe, gogoratu gabe gonaz ala galtzaz jantzia dagoen. Eta honela... honela da gure Anjela: trebe eta zintzoa gizon artean, eztitsu eta mamitsua zuen artean.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org