2.03. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  2.03. Irudia

Hirugarren Irudia



Lehengoak eta Andre Anjela





Andre Anjela (Ezkerreko atetik, beltzez, apain jantzia sartuko da. Eskuak denei luzatuaz). Barkatu, barkatu horren luzaro itxaronarazi badizuet.

Apaiz jauna Guri barkatu horren goiz inoren etxera bagatoz.

Andre Anjela Inoren etxera ez. Zeuon etxean zaudete. Baina eseri... (Esertzen dira denok. Anjelak Ireneri musu bat eman eta hartuko du bere ondoan)

Apaiz jauna Anjela: Jaunak urte askoko bizia eman diezazula, zure zoriontzarako, eta herri guziko onerako. Gaurko egunean, zure aingerua bitartekotzat hartuta eska ezazu, eta zuk nahi dituzun, eta guk bihotz bihotzez opatzen dizkizugun esker guziak izango dituzu.

Andre Anjela Eskerrak, eskerrak, apaiz jauna.

Andre Kiteri Apaiz jaunak esan bezala, denok zure ona nahi dugu.

Irene Jauna hartu dudanean zuregatik arren egin diot.

Andre Anjela Sinesten dut, Irene, eta eskerrak zuri.

Paulita Gaur bezala, zoriontsu jarrai dezazula, nahi duzunaren... elkartasunean... (Apaizak begiratu zorrotz bat eta ejun, ejun eztarriarekin)

Andre Anjela Nik zuon denon elkartasunean. Ez baita gutxi. Laster bi urte, nire senar maitea galdu nuenean eta berarekin argitasun eta laguntza handia, nire bakartasuna ikusiaz, ikaratu nintzen. Baina denok agertu didaten ontasunarekin, nire senar zenak zerutik ematen didan laguntza handiarekin, ez dut bakartasunik aurkitzen. Jauna zenbat eskertu behar dudan nik bakarrik dakit, eta honetan bai lagun egin behar didazuela denok, batez ere berorrek, apaiz jauna, eskergabea ager ez nadin.

Apaiz jauna Ez zaitugu inork ahaztuko.

Andre Kiteri Ez horixe.

Apaiz jauna Zer diote erbestean ikasten dauzkazun hiru gazte jakintsu horiek?

Andre Anjela Ondo dira. Alemanian den sendagileak nire egunaren oparitzat bidali dit diru askoz ordaindutako gauza txit polita. Margolariak Italiatik nire irudia.

Apaiz jauna Ederra, ederra. Ikusi dut.

Andre Anjela Ni naizela dio; nik uste dut irudia ni baino ederragoa dela.

Paulita Arrazoi duzu: hobetua zaude.

Apaiz jauna (Maltzur). Zuk bezala gizendu egin al du?

Paulita (Haserre). Sudurra!

Andre Anjela Parisen galduta dabilena, Andres, nire ereslari gizagaixoa da. Gaur nire eguna denik ez da gogoratu.

Apaiz jauna A! Hori txoriburua!

Andre Kiteri Donostiarra izan.

Apaiz jauna Ez duzu horrekin ezer egingo: buru txar bat da.

Andre Anjela Ertilaria (artista).

Apaiz jauna Gogoraraziko nioke nik.

Andre Anjela Nik ere bai. Gaur bertan bidaliko dizkiot mila pezeta, idazteko (eskribitzeko) papera eros dezan.

Apaiz jauna A! Hori gehiegi da...

Andre Anjela Gehiegi, behin ere ez. Badakizue nire senarrak zer nahi zuen: aurrera joan nahi zuten euskotar gazte argiei laguntzea. Nahi nukeen, eta behar litzatekeen guzia ezin egin dudala ikusten dut, baina saiatzen naiz. Badakit hiru gazte hauek ongi lan egiten dutela, eta aurrera doazela.

Apaiz jauna Andresek ez du aurreratuko.

Andre Anjela Baietzean nago; eta hala ez balitz, kaltea ez litzateke beretzat bakarrik izango, denentzat baizik. Iritsi da euskotarra euskotartzat agertu behar den garaia. Gure izakia nonahi ager dadin ahalegin guziak egin behar ditugu. Gure anaia bizkorrak gora daitezen eman behar ditugu diruak, laguntzak, erraztasun handiak. Behar ditugu euskotar gailurrak. Entzun senarrak zioena: “Ez da dirurik, (aneirik) milioirik, gizon hauetako bat osatzeko lain.”

Apaiz jauna Abenda txiki honek gutxi eman lezake.

Andre Anjela Abenda txiki honek gizon argi asko eman ditu.

Paulita Harritzekoa da emakume bat honela hizketan entzutea.

Apaiz jauna Pozik entzuten diot.

Andre Anjela Ez naiz ni. Nire senarrak donetokitik ematen didan laguntza gero eta argiago ikusten dut. Bizi zela jaramonik egin gabe entzuten nion, baina orain bere esanez, bere egipen guziez gogoratzen naizenean, ikusten dut aberriaganako maitasunez zenbateraino zeukan sutua bere bihotza. Semerik ez dut. Jaunak badaki zer egiten duen; bada, dudan eta naizen guzia jarriko dut seme hori izateko. Ez nirea: denona, aberriarena, nire senarrak bilatzen zuen semea, aberriak behar duen semea.

Nire hizketarekin ahaztuta nengoen gosaldu gabe egongo zaretela. Goazen denok zerbait hartzera.

Denok (Altxatuaz) Eskerrik asko.

Andre Anjela Eskerrak ez orain eta ez gero.

Andre Kiteri Bagoaz gu. Agur, Anjela, osasun onez jarraitu, eta gaur urtebete zuri berriro zorionak opatzeko eskerra izan dezagula.

Andre Anjela Eskerrak, Kiteri. (Ireneri musu emanaz) Agur, Irene.

Irene Agur, Anjela.

Paulita Ni ere banoa.

Andre Anjela Zu ere bai?

Paulita Bai, orrazteko eta janzteko nago eta...

Andre Anjela Bazkaltzera zatoz. Baratzean jarriko dut mahaia. Asko izango gara.

Apaiz jauna Mutil gazteak ere bai?

Andre Anjela Nola ez!

Apaiz jauna Orduan, Paulita, etorri... ea gaur... bat edo bat... erortzen den.

Paulita Gaur edo bihar berdin izango da niretzat.

Apaiz jauna Nork daki?... Eta ez ahaztu teila kolorea masailean jartzea... Ondo ematen dizu.

Andre Anjela Eta berorrek horretaraino begiratu...

Paulita Eta gero apaizek begiratzen ez dutela esango dute.

Apaiz jauna Ixo.. Ixo... Hitz egiten diogun emakumeari norabait begiratu behar diogu, eta gaur ez dago erraz. Aurpegitik beheraxeago agerian... eta beheraxeago... (bere soina altxatuaz zangoa erakutsi nahian) zer esanik ez. Jauna! Ez dakit laster zer erakutsiko duzuen.

Paulita Aja, ja!... (Paulita barrez jiratuko da bizi zangoak erakutsiaz eta irtengo da)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org