2.10. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  2.10. Irudia

Hamargarren Irudia



Pedro eta Xanti; gero Anjela





(Xanti joango da mahaira, hartuko ditu idazki kartak eta erantzuteko asmoan irakurtzen hasiko da. Pedro aurreko irudi guzian eserita egon da, oldozti, burua esku batez eutsirik. Bakarrik gelditu direnean, era berean iraungo du oraindik apur batean; gero altxa eta joango da baratzako aterantz irteteko asmoan. Atean geldituko da, bihurtu eta berriro lehengo lekuan eseriko da. Egonaldi txiki bat egin ondoren bat-batean altxatuko da, eta Xanti dagoen mahai aurrean jarriaz, eta hitz labur ilunaz esango dio)

Pedro Xanti: ausarkeria handi bat egin duzu.

Xanti Nik? Zerekin?

Pedro Anjelagan begiak jartzearekin.

Xanti Nork esan dizu?

Pedro Nork?... Neuronek ezagutu dut.

Xanti Ez da egia.

Pedro Egia da.

Xanti Eta hala balitz ere... Nor zara zu niri ezer esateko?

Pedro Zugandik mila kana gorago nagoena.

Xanti (Txit bare) Anjelagandik ni bezain urruti zaudena.

Pedro Xanti, etzazula Anjela aitatu; etzazula bere izena zure ahotan hartu; ez zaitezela nire bidean jarri... Alde egizu aurkitu nahi ez banauzu.

Xanti Ni betiko lekuan nago. Ikusten dudanez zu ez zaude zurean... Karmentxoren ondoan.

Pedro Nik Anjela bakarrik nahi dut.

Xanti Anjela ez da, bada, zurea izango, nirea baizik... Nahiz orain arte bezala... asmoz.

Pedro Zaude isilik. (Xanti altxatuko da .)

Xanti Ni biziko naiz hemen, beti hemen, bere inguruan, eta beste inorena ez den bitartean nik nirekotzat edukiko dut.

Pedro Ixo!

Xanti Horrengatik, nik zuri adina zuk niri galarazten didazu, eta gizon bazara, zoaz eta osa ezazu aspaldian emakume bati emana daukazun hitza.

Pedro (Atzeko ate zabalean -ezkerrekoan- Anjela eskutik Mirentxu duela agertuko da; Mirentxuk besoan marama bat dakar) Ez, zu irtengo zara... onez ala txarrez.

Andre Anjela (Entzunik Xanti eta Pedroren hitzak, Mirentxu sarrerako atetik bidaltzen du) Zer gertatzen da?

Xanti Ez sinistu!... Ni egongo naiz hemen... bere inguruan... bere begietako suaz beroturik... bere nahimen guziak eginaz, ametsetan bada ere emaztetzat aitortuaz.

Pedro Ixo, eta hitz egin dezagun... Zoaz hemendik!

Xanti Zuk nahi ez arren hemen ikusiko nauzu, bere ondoan... berarekin batean.

Andre Anjela (Aurreratuaz eta samintasun handiz, baina gogo osoaz) Xanti.

Xanti Anjela! Nire etxekoandre eta jabea.

Andre Anjela Zoaz etxera... ez zaitut gehiago behar.

Xanti Jauna! Zer egin dut!

Andre Anjela Zoaz... (joan edo ez bere buruarekin guda gogorra dauka baina azkenik hartaratzen da, eta Xanti burua makurtuta hitzik esan gabe irtengo da)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org