2.11. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  2.11. Irudia

Hamaikagarren Irudia



Anjela eta Pedro





Pedro Ondo egina. Lotsagabe horrek irabazitako bidea darama.

Andre Anjela Bihotza porrokatu arren, bidaltzea behar-beharrekoa zen. Emakume batek ezin eduki lezake aldamenean horrela mintzatzen den gizona.

Pedro Jateko lain ez duen behartsu horrek zugan begiak jartzearekin ausarkeria handia egin du.

Andre Anjela Behartsu eta aberats berdin dira niretzat.

Pedro (Apalki) Ni ere bai?

Andre Anjela (Arduratsu). Nahi baduzu gure artean lehengo adiskidetasuna izatea, eta etxe honetako sarrera irekia aurkitzea, ez nazazula gehiago aitatu ez zure nahikeriarik eta ez hemen gertatu denik.

Pedro Horrenbeste, Anjela?

Andre Anjela Gutxiagorik ez.

Pedro Baina orain ez bada, geroagoko... itxaropen apur bat utziko didazu...

Andre Anjela Egundaino ez! Ni izango naiz beti, entzun ondo, Aizpuruatar Juan jaunaren alarguna, eta zu izango zara... Karmentxoren senarra.

Pedro Ez; alferrik zabiltza. Karmentxo ez da nire emaztea izango. Ez nago ni harentzat, zuretzat baizik. Urte hauetan asko ikasi dut, ez naiz umea eta jantzi apain pean badakit ezagutzen zein den egiaz emakumea, eta zein zentzun gabeko marama anderea.

Andre Anjela Karmentxo zuk nahi duzuna izango da. Bihotz ona du, argia da, eta zuk nahi duzun eran erraz eraldatuko duzu. Ni ere ez nintzen zuk orain aurkitzen nauzuna; nire senarrak egin ninduen.

Pedro Alferrik! Zu gabe ez daukat bizitzerik; zurekin bai. Hemen nagoen bitartean zalantzan egon arren pozik nago. Karmentxoren ondoan asperturik... Ihes egin nahian... beti... beti gogo txarrez. (Baratzeko atetik, isil-isilik Karmentxo agertuko da. Lore-sorta eder bat dakar eskuan. Pedroren atzeneko hitzak entzungo ditu, eta ondoren esango dituenak)

Andre Anjela Irudimenaren kasketaldiak!

Pedro Bihotzaren aginduak! Eta ez dauzkat ukatzeko. Zurea izango naiz, zurea bakarrik!...







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org