3.10. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  3.10. Irudia

Hamargarren Irudia



Lehengoak eta Apaiz jauna





Apaiz jauna Zer da? Zer da?

Karmentxo Berriketak zirela denak... Pedrorekin ezkontzen naiz.

Apaiz jauna Noiz?

Andre Anjela Datorren hilean, bere egunean.

Apaiz jauna Egia al da, Pedro?

Pedro Bai.

Andre Anjela Ni bihar bertan irtengo naiz erbestera. Nire Andresek Parisen norbaiten beharra daukala uste dut, eta neuronek lagunduko diot. Ezkontza izango da hemen, Karmentxok galarazten ez badigu.

Apaiz jauna Eta ezkonduko ditut nik.

Karmentxo Nola ez?

Andre Anjela Dena antolatzera egun batzuk lehenago etorriko naiz; eta uste dut ordurako isilduko direla berriketa guziak.

Apaiz jauna Eta, baita, aspertu ere izengeko idazkiak bidaltzen ari dena.

Andre Anjela Ez, ez da gehiago izango. Pedrok... eta nik aurkitu dugu egilea.

Apaiz jauna Xanti al zen?

Andre Anjela Ez; eta oraintxe gogoratzen naizela, gizagaixo horrekin eta bere aita zaharrarekin berehala egon behar dut. Poztuko ditut!.

Apaiz jauna Neuronek ekarriko ditut. (Pedrori) A! eta Paulita aurkitzen badut entzun behar dit... “Gizon eta emakumeak...” Ja!... ja!... (Baratza aldetik haurtxo baten garrasia entzuten da)

Andre Anjela Zer da? Nire Mirentxu negarrez?

Apaiz jauna (Baratz aldera joanaz) Mirentxu da. Hor zebilen matrakakerian Pedrotxorekin eta min hartuko zuen. (Anjela bizkor irteten da) Agur... Beaz... gizon eta emakumeak, emakume eta gizonak... beti berdin... Ja, ja! (Azkeneko hitz hauek berez esanaz joango da baratzako atetik)

Karmentxo Pedro! Anjelarekin ez nintzen adiskide, eta arestian berriro elkarrekin ikusi zaituztedanean haserre jarri naiz. Baina... ez zen ezer... Nire ezpa batzuk... besterik ez.

Pedro Maite ezazu Anjela. Gaurko poz eta atsegin guzia hari zor diozu.

Karmentxo Gaurkoa bakarrik?

Pedro Ondorengoa ez baitago haren gain, gure gain baizik. (Laztantzen dira. Pedrok Karmentxori eskuan musu ematen dio. Anjela Mirentxurekin atean agertuko da, ikusiko ditu eta malko bat lehortuko du)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org