|
XV. Irudia
Nikasio, Braulio, Juliantxo eta bi gizon
Nikasio bihurtuko da sukaldetik eta joango da ate ondora,
Braulio, oso larri, sartzen den garai berean.
Braulio Nikasio! Nikasio!… hoa… hoa…
Nikasio Zer du, jauna?
Braulio Hoa… hoa azkar laguntzera.
Nikasio Laguntzera? (Joango da Nikasio eta eseriko da Braulio .)
Braulio Hau gertaera! Baina hau gertaera! Agur nire asmoak… agur nire pozak… agur betiko nire amets gozoak… agur, agur. (Negarrez .)
Nikasio Sartu poliki-poliki. (Azalduko dira bi gizon, bat sotana z jantzia, ekarriaz Elizako aulki batean etzanda Juliantxo zuri-zuri korde gabe: jarriko dute erdian.)
Braulio Oraindik ez da beraganatu!
Nikasio (Zer gertatu ote da?)
Braulio Eman haize, eman haize. Alferrik da! Alferrik da! oheratu dezagun! Altxa berriz eta eraman ezazue nire ohera. (Eramango dute Braulioren gelara gelditurik hau bakarrik .) Nire Meza ederra!… hain ederki zihoana… horratx! dena galdu… Zer esango du alkateak! (Aterako dira bi gizonak Braulioren gelatik eta irtengo dira.)
Nikasio (Bai ote daki zein den?)
Braulio Zer esango du herriak Elizan honelako iskanbila jarrita?… eta Mateok?… baina alkateak, alkateak…
Nikasio Ba al daki hori zein den?
Braulio Jakingo ez dut, bada. Mateoren abeslaria!
Nikasio (Ez daki ezer.) Jauna, zer gertatu da?
Braulio Nik ez zakiat, Nikasio. Ederki zihoaan meza guztia eta gazte horrek abestu behar zuenean, sartu dituk bi baserritar, galdetu ditek nitaz, eta esan zidak zaharrenak gazteak abestu behar zuela.
Nikasio (Hemen izan direnak.)
Braulio Nik galarazi zioat, eta agindu zioat Juliantxori abesteko. Julian hastera doala etorri duk baserritar hura, altxa dik eskuan zeraman makila, animalia hark! jo buruan eta zerraldo bota dik lurrera…
Nikasio Juliantxo gizagaixoa!
Braulio Gero… ez zakiat nik zer gertatu den. Jaso ditek lurretik… hasi duk jendea marmarizoan… ni errietan… baserritarra, berriz, marruaz. Bidaltzen hasi gaituk baina asto hark! heldu naik lepotik eta… uste nian galdua nintzela! Nolabait ere askatu nauk eta Juliantxo hona ekartzeko esanaz etorri nauk itzuli, nola ez dakidala.
Nikasio Gizagaixoa!… Eta ez al daki zein diren baserritar horiek?
Braulio Ez, Nikasio.
Nikasio Berorren oso ezagunak direla esan dute, bada.
Braulio Nork?
Nikasio Biek… lehentxeago hemen izan dira.
Braulio Hemen? Nire etxean?
Nikasio Bai, eta derrigorrean hamaiketakoa atera didate.
Braulio Hamaiketakoa?
Nikasio Berorrek sarrarazi duen lukainka jan dute.
Braulio Hori ere badugu? Nikasio hoa berehala alkatea bilatzera eta harrapatu ditzala gizon horiek?
Nikasio Non?
Braulio Non-nahi. A! aurrean baneuka orain zaharrena!… meza galdu, lukainka jan… harrapatzen badut esku artean puskatuko dut. (Ernegatua dabilela entzungo da lehen bezalako oihu handi bat .) Ai Maria!!
Nikasio Hemen dira…
Braulio Zein? zein?
Nikasio Berak.
Braulio (Oso larri .) Ez datozela, ez datozela. (Karnabak atea makilaz joaz.) Ai Maria!! Ez ireki Nikasio… ai ama! ai ama!
|