1.02. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Zorigaiztoko eguna »  1.02. Irudia

Bigarren Irudia



On Juan eta Andre Kiteri, gero Roke





(On Juan eta Andre Kiteri eskuinetik sartzen dira)

Andre Kiteri (Izerditan, arnasez ezin beterik) Ai, ai, hau da itolarria!

On Juan Horrenbestekoa, emakumea!

Andre Kiteri Horrenbeste, horrenbeste! Ikusten ez al nauzu ia itoan nagoela.

On Juan Egun batekoarengatik...

Andre Kiteri Egun bat... udara guztian honela nabilkizue: Igeldora, Pasaiara, Lasartera; egunero Kontxara, Pigalera... Gelditzen al naiz bada!...

On Juan Alaba batengatik, hori eta gehiago egin liteke.

Andre Kiteri Gehiago? Hil orduan eta... tente jarri sonbrilla eta guzti.

On Juan Ba... ba...

Andre Kiteri Baba ez, baina eguerdiko tomatea dena aurpegira igo zait. Sutan nago eta! Ez da gutxitako; gainera, garaia dela uste al duzu, bero honekin, itolarri honetan, txalupan joateko?

On Juan Zer nahi duzu, bada? Pantxo eta gure Luisitari gogoratu zaie arrantzara joatea eta mutila pozik edukitzea komeni zaigu, berriz.

Andre Kiteri Neskak harrapatzen ez badu, zer uste duzu guk hobeto eutsiko diogula?

On Juan Gure aldetik ere ahaleginak egin behar ditugu.

Andre Kiteri Horretarako nire alaba nahikoa da. Amaren alaba ez da bada!

On Juan Eta ama-alabak biak. Ui! eta gainera txalupan!

Andre Kiteri Ez! ez! Ori ez! Hona etortze hutsarekin ia itoan nago eta, itsaso erdian eguzki galgatan nahi al nauzu? Alargundu nahi al duzu?

On Juan Zure ateraldia. Zer esango dute bakarrik uzten baditugu bi gazteak?

Andre Kiteri Berak behinik behin ezer ez. Gu gabe nahiago dute eta... Eta beste zeinek, uste duzu, ikusiko dituela orain? Gainera, hor darama neskak bere laguntzailea, bere Mis...

On Juan Bai, Mis, edo makila hau aldamenean ekartzea, berdin da

Andre Kiteri Gure Mis ondo taxuzkoa da.

On Juan Eskoba kirtentzat bai.

Andre Kiteri Ez zenuen hori esaten, nire ondoren ibiltzen zinenean. Mis hura honen antzekoa zen, bada.

On Juan Horrengatik, bada.

Andre Kiteri Pozik asko ihes egiten haren aldamenetik.

On Juan Horrengatik, bada.

Andre Kiteri Hogei urteren buruan, orain etorri al zaizu damua?

On Juan Damua... damua...

Andre Kiteri Zer bada? Zer uste duzu dela gure alaba?

On Juan Utz ditzagun berriketak, eta zoaz txalupara. Hor dago zain Roke.

Andre Kiteri Zoaz zu; ni etxeratuko naiz bakarrik.

On Juan Mareatu egiten naizela badakizu. Ni etorri naiz zuek txalupan jartzera.

Andre Kiteri Ni ez nauzu jarriko besoetan hartuta ere.

On Juan A zer marama zu besoetan ibiltzeko!

Andre Kiteri Marama honek bakarrik ibiltzen badaki... Gero arte. (Eskuin aldera pixka bat joanaz)

On Juan Zaude, emakumea (Ezker aldera deituaz) Roke!!

Andre Kiteri Adio... (Eskuin aldean gelditzen da)

On Juan Kiteri, banoala (Roke ezkerretik sartuaz)

Roke Arratsalde on.

On Juan Bai zuri ere, Roke. Badatoz goizean esandako gazteak: gure alaba bere senargaiarekin; eta kontu handia ibili.

Roke Bai jauna, bai.

On Juan Ezer gertatzen bazaie, berehala etxeratu.

Roke Nire kontu.

On Juan Meriendatxo bat ere badaramate eta jango duzue elkarrekin...

Roke Eskerrik asko...

Andre Kiteri (Eskuinetara begiratuaz) Hara, hara, badator... begira iezaiozu nire panpoxari.

On Juan Gure panpoxari.

Andre Kiteri Gurea? Amarengatik ez balu!... Txoratu behar du mutila!... Begira!... (Deituaz) Luisita! Luisitatxo!... (On Juan eta andre Kiteri joaten dira eskuinetik)

Roke Hara non datozen biak. Mari-panpalonak dirudite. Horiek ikusita arrainek itzuli ere egingo dute. Horiek harrapatu, ez dute ezer harrapatuko, baina, nik behintzat, horien merienda harrapatuko dut. Berak baino “sustantzia” hobekoa izango da eta. Bai noski. Bada, bada, atrakatu dezadan txalupa. (Ezkerretik soka bat ekarri eta gero eskaileretara bera jaisten da) (Ateratzean doinua)

(Pantxo eta Luisita eskuineko atzetik, arrantzarako tresnak dituztela)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org