1.04. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Zorigaiztoko eguna »  1.04. Irudia

Laugarren Irudia



Treineru bateko gizonak, patroia, Koxkor, Pantaleon, Erroman, Loentxo, Sopas eta Kastor





(Kai gainean agertuko da aurreneko Erroman, hartuko du botatzen dioten soka eta amarratuko du horretarako dauden burdinazko ertzetan)

Erroman Bota txikota.

Kastor (Barrendik) Har ezak, amarra ezak ondo (botatzen du txikota)

(Etorriko dira eskaileretan gora, banaka, gizon denak, bakoitzak bere otartxoa besopean duela) (Koxkor, Pantaleon, Loentxo, Sopas eta Kastor, eskaileretatik.)

Koxkor Gaur, kale!

Pantaleon Bai, mutil. Egun guztian ibili gaituk, eta zer harrapatzeko?

Koxkor Kolaio batzuk, dozena erdiren bat neskazahar, eta legatz koxkorren bat.

Pantaleon Eguraldi hau itsasorako baino, emaztearekin paseatzeko hobea zagok.

Koxkor Bai; hoa nirearengana. Moko polita edukiko dik!

Pantaleon Orain ere haserre al zarete?

Koxkor Beti horrela zagok! Oraingoan ez zioat, bada, nik haserrebiderik eman. Hitz bat ez diat izan, eta hiru egunean sekulako muturrarekin zagok.

Pantaleon Zergatik?

Koxkor Hiru egunetan etxeratu ez naizelako.

Pantaleon Hau aparejua! Joan bahintz txintxo-txintxo etxera, ez zuan horrela egongo.

Koxkor Baita. Orduan ere zer edo zer izango zian. Berriketan ari ez bada, ondo ez zagok. Nola ote dago orain!

Pantaleon Adiskidetuko zuan.

Koxkor Bart, ez zakiat jakin zuen oker xamar nentorrela, eta “pentsatu” zian gaizki ibiliko nintzela bosgarren bizitzaraino igotzen; baina Sopasekin eskailera buruan berriketan ari nintzela bota zizkidaan goitik otarra zirarekin, eta ondoren bi eskalaproiak, batek jo izan banindu, gaur alargun zegoan.

(Patroia eskaileretatik)

Pantaleon Hobe izango diat mutilzahar egon.

Koxkor Nik ere hori esaten nian, eta erori ninduan; baina jarri egiten duk. Berriketan hasten denean, jira;... Isiltzen ez bada, ospa;... Eta bueltako pasatzen zaiok. (Hizketa hau egin bitartean igoko dute txalupatik, horretan ibiltzen dituztenetako xexto bat. Aterako dute arrain guztia eta jarriko dituzte gizonak diren adina mordoska, “partilla” egiteko ohi den bezala. Denak egongo dira inguruan, beren otartxoak eskuan edo lurrean dituztela)

Patroya Trainerua garbitzean, zabaldu pixka bat.

Erroman Bai (Patroia joango da eskuin aldetik etxera).

Kastor Erroman, egin ezak deia. (Erroman jarriko da ezkerretara iruditegiko aurrean, denei atzea emanaz eta honetan dagoela erantzungo du zeinentzat esanaz) Hau?

Erroman Leontxorentzat.

Kastor Hau?

Erroman Sopasentzat.

Kastor Hau?

Erroman Niretzat.

Kastor Hau?

Erroman Patroiarentzat.

Kastor Hau?

Erroman Pantaleonentzat.

Kastor Hau?

Erroman Hiretzat.

Kastor Hau?

Erroman Koxkorentzat... Besterik ba al da?

Kastor Ez. Hori duk hirea... Eta hori patroiarena. (Bakoitzak hartzen du bere partea, Erromanek gainera patroiarena eta joaten dira)

Pantaleon Zer duk hik, Koxkor?

Koxkor Nahi ez dudala ere, nire “familia”.

Pantaleon Zer familia?

Koxkor Esan diat, bada, neronena. Traman bat, bi melkarekin. Andrea bi alabarekin... Eta hik?

Pantaleon Bi neskazahar.

Koxkor Kontu egin ezak, bestela harrapatuko haute.

Pantaleon Ez zagok beldurrik. Sudur luzea diat.

Koxkor Hainbat okerrago! Hobeto trabatuko haute. Mutil! Ezkongaiek luzea ditek amua.

Pantaleon Eta ezkonduek?

Koxkor Azkazalak (Joaten dira eskuinetatik otarrak besopean dituztela).

(On Pepito eskuineko atzetik – antzeztokian inor ez, arrantzarako tresnekin, eskupean silla bat, xextoa, eta abar)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org