1.08. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Zorigaiztoko eguna »  1.08. Irudia

Zortzigarren Irudia



Koxkor eta Roke, atzean beti On Pepito





(Roke oso triste, beso batean meriendaren xextoa, eta bestean Pantxoren jantziekin egindako fardela)

Koxkor Zer da, Roke?

Roke Zertzeta, burruntzian erreta,

Koxkor Neskame sartu al haiz?

Roke Neskame ez, haurtzain

Koxkor Amantal zuria “falta” duk.

Roke Beste guztia hemen zaukaat, bada, zuriz jantzi nahi baduk ere (Erakutsiaz fardela).

Koxkor Bustiak zaudek! Haurrak pixa egin al dik?

Roke Pixa ez... utz nazak bakean, haserre nagok eta.

Koxkor Ni ere bai, andrearengatik.

Roke (Indarrarekin) Ni, umeengatik.

Koxkor Eta familiako gauzengatik jartzen al haiz horrela?

Roke Ez dituk nire familiakoak.

Koxkor Mutil, zer duan, garbi esan ezak.

Roke Lehentxeago atera nauk txalupan bi gazterekin. Usoak baino poz handiagoa zeukaten arrantzara joateko, eta zalapartaka zebiltzan txalupan. Kaitik atera garenerako, hasi dituk zuritzen, eta arrantzako lekura joan garenerako “mareatu” zituan biak.

Koxkor Gehienei gertatzen zaiena.

Roke Nik ez nian etorri nahi eraman duten “merienda” jan gabe, eta esan zieat pasatuko zitzaiela. Baina alferrik! Pantxo izenekoa jarri duk apasta dariola, txalupatik erdi zintzilik; eta balantza batean han zoak buruz itsasora.

Koxkor Itsasora?

Roke Bai mutil. Nolabait ere atera diat, eta hor ekarri ditiat biak nire etxera.

Koxkor Gizagaixoak!

Roke Andreak eman zizkidak aldatzeko nire jantzi zahar batzuk, eta hemen zaramatzaat bustiak bere etxera, ordainak ekartzeko, eta... merienda ere bai.

Koxkor Merienda ere bai?

Roke Bai.

Koxkor Ekar ezak, nik eramango diat, hi nekatu gabe biekin.

Roke Ez nauk hirekin fidatzen. Bidean hor dagoen oilaskoa garbitzeko (…)

Koxkor Oilaskoa! To, oraintxe nengoan pentsatzen, nire “tripan” zenbat sartuko ote liratekeen... Eta ikusi al duk nolakoa den?

Roke Ezta nahi ere; gose gehiagorekin gelditzeko?

Koxkor Ez diat nahi hi gosetzea. Nik bakarrik begiratuko zioat.

Roke (Joan nahian, Koskorrek helduko dio xextotik) Uztak, utz ezak bakean.

Koxkor Mutil, ikustea ere galarazi egin behar al duk? Erakuts ezak, gizona.

Roke Errepara ezak, bada; nik ez diat begiratu nahi. (Luzatzen dio xextoa, baina bera beti beste aldera begira dagoela)

Koxkor Zer da hau? Oilaskoa! (Hartzen du eskuan) Ametsetan honelako batekin nenbilean.

Roke Hoa, bada, ametsetakoaren bila.

Koxkor Oilaskoa ez ezik honek oiloa zirudik. Zer ote da? Oiloa? Oilanda?... Oilaskoa?... Hi, ezagutzen al dituk hik? Begira iezaiok.

Roke Ez nazaala zurikatu. Utz nazak bakean!

Koxkor Hau haragi xamurra! Ikus ezak.

Roke Utz nazak bakean. Ez diat nahi.

Koxkor Mutil! Hire begiratuak urtu egingo duela uste al duk?... Begiratu egiok

Roke (Zeharka begiratuaz) A!!... eta... ederra duk!!

Koxkor Eta... Hau jan gabe utzi behar al diagu?

Roke Utzi beharko (kendu nahian oiloa)

Koxkor Eta, hi... Esan ez duk mareatu direla?

Roke Bai mutil; hilak ziruditean (Xextoa kenduaz)

Koxkor Zerbait hartuagatik, ez dituk konturatuko.

Roke Bai, baina...

Koxkor Har dezagun oilaskoa eta ogi bat eta goazemak sagardotegira.

Roke Mutil!

Koxkor Beste gainerako guztia eramango duk (Ateratzen du oiloa eta ematen dizkio Rokeri –ogi bat ere bai-) To...

Roke Usain gozoa zeukak gero (Usainka dagoen bitartean Koxkorrek hartzen ditu xextotik beste gauza gehiago, haien artean ardo botila bat eta ezkutatzen ditu denak)

Koxkor (Au niretzat, hau ere bai, eta zarpa!) Goazeman.

Roke Goazemak (Hasten da dena jasotzen).

Koxkor Denak eramango al ditugu?

Roke Ez, hemen utziko dizkiagu; bestela denak jango ditiagu guk.

Koxkor Horrekin nahikoa diagu.

Roke (On Pepitori) Har beza, on Pepito: egiteko bat dut eta bitartean hemen lagako dizkiot hauek. Berehala etorriko naiz. Pantxoren gauzak dira.

On Pepito Bai, bai... Utzi hemen... utzi hemen

Roke Goazemak gu orain.

Koxkor Nire andreak ez zidan eman nahi sardina zahar batentzat?... Hobe! Hura ez bezalako “mokadua” jango dut... Baleki! (Joaten dira biak atzeko eskuinetik)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org