1.09. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Zorigaiztoko eguna »  1.09. Irudia

Bederatzigarren Irudia



On Pepito eta Tomax





On Pepito Orain ere huts! Ez ote dut gaur ezer harrapatuko? (Beitatuko du amua eta botako du uretara) Alferrik da dena! Eta zer esan behar diot nik, gaur, nire Klotildetxori? (Boteaz berriz) Huts berriz ere!!... Pastel kremazkoek dute kulpa. Botatzen ditut apastatzat, eta ur gainean gelditzen zaizkit. (Tomax eskuineko atzetik) (Sartzen da eta gelditzen da itsasoari begira. On Pepitok beitatuta botatzen du berriro) Hara! Oraingoan badut! Harrapatu dut! Harrapatu dut! Eta handia da! Ezin altxa dut (Altxatu eta indarki) Itzul egingo dit! (Oihuka) Zu, arrantzale, lagundu nazazu! Banekien, laguntzailea beharko nuela.

Tomax Zer da?

On Pepito Atuna, edo izugarrizko izokinen bat.

Tomax Izokina kaian?

On Pepito Eta handia!

Tomax Ea, bekar (hartuko du kanabera, ariko da tiraka, eta ikusirik trabatua dagoela emango dio esanaz) Har beza, har beza... Ez dio ihes egingo.

On Pepito Zer da, bada?

Tomax Arroka

On Pepito Zaude isilik, zer izan behar du arroka. Ez al dut bada nik nabaritu teinkatekoa!

Tomax Bai, e?... Bada eutsi, ea ekartzen duen

On Pepito Ezin dut... Ea hemendik... Alferrik... ea honetara... (Atzeraka indar handian eta bi eskuekin tiratuz) Badator! Badator! (Puskatuko zaio tira, eta eroriko da atzeko aldera, lurra buruarekin joaz) Ai!!!!... (egongo da pixka bat etzanda, eta gero eseriko da lurrean bertan. Tomaxek lagun eginda)

Tomax Gizagaixoa!

On Pepito Hau kankarrekoa!... Zerbait puskatu zait! (burua ibiliaz) Bai; bai, uste dut kolokan daukadala... Ai! Klotildetxo nirea! (altxatzen da neke handiarekin, Tomaxek ere lagunduta) Ai buruko mina!... Eta lepokoa... Eta bizkarrekoa... Eta gerrikoa... Eta... (Ipurdia ukituaz) hemengo... Ai! baina burukoa... Karrakatu egin behar izan dut! Lotu dezadan badaezpada ere (Ateratzen du patrikatik painelu handi bat eta lotzen du burua)

Tomax Tantza eten, eta galdu ditu beruna eta bi amuak.

On Pepito Ekarzu, ekarzu eskura (hartuko ditu bere gauzak utziaz ahaztuta Pantxorenak) Ai, Pepitotxo gizagaixoa! Hau itxura! Zer esan behar diot nik Klotildetxori? Ez daramat arrantzarik baina ni hark ikustean... Hark bai egingo duela arrantza!... Ai Klotildetxo bihotzekoa! Ai, nire emazte kutuna!







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org