1.04. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Zulo madarikatuak! »  1.04. Irudia

Aurreneko Egintza



Bigarren Agerraldia





Iruditegiak aurkeztatzen du ardotegi bat. Eskuinetan dago mostradore bat, gainean, aurre aldetik, zurezko errejarekin itxi bat duela, eta handik zintzilik eta etzanak fideo sortak, ogiak eta abar; atze aldean, berriz, dauka ardo-zahagi bat inguruan baso batzuekin eta erdian euliak harrapatzeko ontzia. Horman, mostradore atzean, apal batzuk botila eta beste ontziz beteak, eta ageri-agerian hiru barrika txiki Koñak, Kaña eta Anisete, izendatuak daudenak. Ezkerretan mahai handi bat, bi alboetan aulki luze bana dituela; atzean beste txikiagoko bat. Sarrerako atea da ezkerretan aurre aldetik, eta atzean, mostradore barrendik, beste bat. Hormak zikinak, kez belztuak eta dena oso arlote eta ilun. Gaua da, eta argitzeko ez dago petroliozko kinke bat baizik edo bestela bere haritik zintzilik eta hutsik elektrikako bonbilla bat.





Laugarren Irudia



Ilario, Gergorio, Lukas eta Amorratu





(Ezkerretako mahaian eserita, mostradoreari aurre emanaz Ilario eta Gergorio. Atzeko mahaian Amorratu bakarrik, botila ardoa aurrean duela. Ez izanagatik zaharra, da gizon edariak urteak baino lehenago menderatua daukana. Mozkor jatorren itxura aurpegian dauka. Egongo da bat ere hitzik egin gabe, eta ezer entzungo ez balu bezala, behe aldera begira, noizean behin altxatuaz burua, loak eta edariaren astuntasunak makurtzen diotena, eta era horretan jarraituko da, aldiz ardoa edanaz, irten artean).

Lukas Ez zakiat nik guk nola bizi behar dugun. Aiuntamentua batetik, Diputazioa bestetik, milioidunak bagina bezala gu nondik larrutu zabiltzak.

Ilario Petxak kentzea baino errazago da jartzea.

Lukas Kendu beharko ditiztek, bada; bestela zerbait asmo hartzeko gaian aurkituko nauk.

Ilario Gizona, ez ezazu horrenbeste negar egin. Zu berdindua zaude ardoari ur gehiago botearekin.

Lukas Zuek ez ezagutuko!

Gergorio (hitz egingo du ahots mehe eta argiarekin; da iharra eta gizon antz gutxikoa. Ilario da mardula) Nik bai behinik behin! Bai ardoa eta bai pattarra sendoak eta eztarria ondo garraztuko dutenak behar ditut.

Ilario Hi bezalako gizonak, jakina duk.

Gergorio Hire beldurrik ez diagu, bada, inongo aldetan.

Ilario Itxura handirik ez duk bada, mojaren aurpegi horrekin.

Gergorio Kristok guarda, niri horrelako gauzarik esan!

Ilario (barrez) Mahaia zulatu duk!

Gergorio Nik sinistu! Baita hire garondoa ere azkar asko.

Lukas (keinu Ilariori eginaz) Gaizki egiten duk, Ilario, horrela Gergoriorekin aritzea. Frogak emana zagok gizona dela: bi bider egon duk kartzelan mutur joka ibilita.

Gergorio Bai motel... sendoak emanda.

Ilario Emanda edo hartuta?

Gergorio Emanda, emanda... gauza izan behar horretarako ere.

Ilario Hi gizon handiren bat haiz!

Gergorio Hik uste duan baino handiagoa... Aja-ja...

(…)

Lukas Jakin al duzue gaurtik tabernariok lege berriak ditugula? Hamaiketan zareten denok atarian jarri eta atea ixteko agindua zaukaagu.

Ilario Beraz, hamaikak arte bakarrik egon beharko diagu?

Gergorio Hamaikak arte? Gezurra duk! Ez nagok ni hamaiketan etxe zuloan sartzeko.

Lukas Atarian geldituko haiz bada.

Gergorio Nor da agindu duena? Alkatea?

Lukas Bai.

Gergorio Jakina duk: fraideek edo erretoreak behartuta. A gizagaixoak! Uste ditek beren berriketarekin tabernako gure gizartea galduko dutela. Aja, ja, ja! Zazpi urte badituk konfesatzera joan ez naizela, eta gogoak ematen zidak zer ordutan gauero etxeratzen naizen esatearengatik orain bertan joatea.

Ilario Ez ezak esan gauero, bai goizero.

Gergorio To! Herorrek gogorazten didak zer egin lezaketen horiek.

Lukas Konfesatzera joan?

Gergorio Ez, ez; ez duk hori... Hik egin behar duk itxi hamaiketan eta gero hamabietan ireki, eta nola ordu hori ezkero beste eguna den, alkatearen aginduak ez hau harrapatzen.

Ilario Ederki sortua! Aja, ja, ja!

Lukas Ederki esana!

Gergorio Bai bada: hurrengo egunarekin ez dik oraindik alkateak agintzen.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org