2.03. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Zulo madarikatuak! »  2.03. Irudia

Hirugarren Irudia



Migel jauna eta Jose Manuel





(Pernandori agur egitera joaten denean, ikusiko du Migelek Jose Manuel, eta hitz egingo dio barren aldera)

Migel
Zu ere hemen al zara?

Jose Manuel (atean agertuaz) Bai jauna; alaba ikustera.

Migel Ederki, zoaz sukaldera.

Jose Manuel Berorrekin ere egon beharra badut. (aurreratuko dira biak)

Migel
Nirekin? Zatoz orduan aurrera. Zer duzu? Auzi gainean?

Jose Manuel Bai jauna; oraintxe nator handik. Auziak hautsi nau!

Migel Beldur nintzen. Ez al duzu esan zinez, egiatan ez zinetela ari?

Jose Manuel Bai jauna, bai: berorrek esandako guztiak aitortu ditut; baina alferrik! Denok nire kaltez nituen: tabernaria, Ilario, Gergorio...

Migel Zer zioten, bada?

Jose Manuel Apustua jator egin zela, nik ukatu nuela altxatuaz dirua galtzera nindoalako, eta ez zuela Landazurik urretan beteko zuenik agindu, baizik baita ere, hala nahi bazen.

Migel Gaizki, gaizki.

Jose Manuel Hain gaizki non denak niri bota dizkidaten... baita auzitako gastua ere.

Migel Denetara?

Jose Manuel Bi mila erreal ondo joak.

Migel Etxerako alderdi ederra!

Jose Manuel Jas! Ederra!

Migel Emanda izango zarelako kito, bestela ez.

Jose Manuel Ez dut asmorik, orain behinik behin. Semearen soldadutza pagatzeko behar dut diru hori. Bihar da azkeneko eguna, eta Josetxo askatu nahi dut.

Migel Zure kaskarkeriengatik semea soldadu joatea ez da biziro egokia; orain: itxoiten badizu besteak…

Jose Manuel Beharko! Nire Joxe ez da soldadu joango, baina horretarako berorrek ere, Migel jauna, egin behar dit beste esker bat. Horiek gordeagatik ez dut nahikoa diru eskuartean, eta nahi nuke bi bat mila erreal berorrek ematea.

Migel Gizona! Horrenbeste erori zara?

Jose Manuel Nahikoa aldi honetan; halaz ere ez beza kezkarik izan. Sagar urte ona da, alabaren soldata ere geldi lezake, eta azkenik lur puxka batzuk badira eta...

Migel Emango dizkizut; baina ez zenuen zuk horretaratu behar. Inguruko ondoena zuk atera behar zenuke, eta zabiltza aspaldian txit oker.

Jose Manuel Nahikoa, jauna.

Migel Badakizu zergatik? Tabernarako grina hartu duzulako. A, Jose Manuel!, han galtzen duzue osasuna eta etxea. Lagun txarrekin elkartu, hitzaldi zitalekin berotu, edariarekin gero sutu, eta bat-batean aurkitzen zarete, gizon zaretelakoan, haur bat baino okerrago, zeuen buruaren jabe ez zaretela. Demak, apustuak, errietak, haserreak, etxerako gogo txarrak, oker guztiak, nondik, handik ez bada, dauzkazue?

Jose Manuel Jas!! Egia da.

Migel Hain egia!

Jose Manuel Baina gizon arte pixka bat...

Migel Gizartea...? Tabernako egoerak gizontasunak? Edariz betetzea gizon artea? Gizona gizon denak ez du edariaren laguntzarik behar gizon izateko.

Jose Manuel Hala da.

Migel A, nire gain balego! Galduko nituzke gizarte horiek guztiak (patrikatik erlojua atera eta begiratuaz). Ia hamaikak... Atera beharra dut. Alaba ikusi nahi baduzu, zoaz sukaldera.

Jose Manuel Ez, hurrena ikusiko dut; ni ere irtetera noa.

Migel Goazen bada (joanaz). Gizon artea beraz...? Ez, ez dira horiek gizon arteak, baizik gizonak galtzeko arteak.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org