2.12. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Barriola Abelino »  Zulo madarikatuak! »  2.12. Irudia

Hamabigarren Irudia



Lehengoak eta Gergorio





Gergorio (dator lasterka eta arnaska eta sartuko da oihuka denen erdian) Ez da, ez da ahari jokorik!

(denok harriturik)

Lukas
Zer esaten duk?

Gergorio Gaur ez dela ahari jokorik... aharirik ez delako.

Jose Manuel Zer esan nahi duk hitz horiekin?

Gergorio Zure aharia ezkaratzean hila dago.

Jose Manuel (harrituta, oso bizkor) Nola?

Gergorio Aizkoraz burua irekita.

Jose Manuel (indar handiarekin) Nork hil du nire aharia?

Gergorio Ez dakit, ez didate esan.

Jose Manuel (indarrez denei) Nork hil du nire aharia?

Landazuri (poliki-poliki aurreratua z) Zuk.

Jose Manuel Nik?

Landazuri Zuk; gaur ez jokatzearengatik.

Jose Manuel Gezurra!!

Landazuri (hitz egingo du zorrotz, min emateko antzean baina behetik) Hitz polita gizonen aurrean esateko!!

Jose Manuel Zaude, bada, zu isilik.

Landazuri Egiak min ematen du... garratza baita!

Jose Manuel Gezurra berriz lohia, eta esaten duena bera zikintzen du. Eta zu, ez gizona baizik hontza zarena, gaueko piztia madarikatu haren antzera, begiak boteaz gizagaixoen baten argalkeriak harrapatu nahian beti ernai zabiltzana... zu, zu zara gezurtia.

Landazuri Berritsua zaude gaur.

Jose Manuel Eta zu likitsa. Nik hil aharia?

Landazuri Zuk! Hona ez ekarriak, dirua trabesetan jarri nahi ezak, bestez bila bidaliak, ez al digu nahikoa erakusten?

Jose Manuel Ez.

Landazuri Bai.

Lukas (erdian sartuaz) Geldi, geldi...

Landazuri Nork hil du bada zure aharia? Erantzun ezazu... Nork?







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org