Bilintx


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Bilintx

Indalecio Bizcarrondo

Bilintx

Bertso ta Lan Guziak

Auspoa Liburutegia 12



Auspoaren argitalpena PDFn

Bilintx, 175 urte direla eta…. liburua


Bilintx
Indalecio Bizcarrondo Ureña
Bilintxen jatorria auxe izan zan: Aitona, aitaren aldetik, Berastegi’tarra; Rafael zun izena, Amona, Juana Bautista de Amunarriz, Tolosarra. Aita ere, Jose, Tolosarra zan..

Beste aitona, berriz, andaluza zan: Dionisio Ureña, Ayamonte’n (Huelva) 1743 urtean jayoa. Ez da paperetan ageri zer bizimodu zun; ezta ere nola etorri zan. 1785 urteko Mayatzaren 19’an San Bizenteko elizan ezkondu zan; andregaya, Manuela Antonia Arbizua, Donostiarra zan. Alargundu ta 1792 urteko Apirillaren 22’an berriro ezkondu zan San Bizenten; andregaya Donostiarra zun: Gerarda Zamora. Berriz alargundu ta berriz ere exkondu egin zan 1796 urteko Azaroaren 3’an, San Bizenten oraingoan ere; ta ontan ere andregaya Donostiarra, Maria Josefa de Alana. 1797’urteko Azaroaren lenengo egunean, alaba bat izan zuten. San Bizenten batayatu zuten. Joakina Santos jarri zioten izena. Onek ekarri bear zun mundura Bilintx..

Bilintxen gurasoak, Jose ta Joakina, 1819 urteko Garagarrillaren 25’an ezkondu ziran, San Bizenteko elizan. Emengo paperak diotenez, bost seme alaba izan zituzten: Jose Ramon (1820-IV-16), Teresa Martina (1821-IX-5), Josefa Hilaria Petra (1825-IX-17), Josefa Franziska: Zipriana (25-IX-1827), ta danetan gazteena, Bilintx, 1831 urteko Apirillaren 30’an eguerdiko amabitan jayoa..

Urrengo egunean batayatu zuten, San Bizenteko elizan. Jarritako izenak: Gillermo Joakin Indalezio. Aita ta ama pontekoak Gillermo Mansaso ta Maria Joakina de Huici izan ziran. Beraz, auen izenak jarri zizkaten aurretik, bañan irugarrena zan beti betiko gelditu bear zitzayona..

Aitona andaluzak etzun billoba au ezagutu. Bederatzi illabete ziran illa zala (1830-VII-20), 87 urteekin. (1)..

Asieratik esan nai degu iñondik ere ezin somatu izan degula “Bilintx” izengoiti ori nundik ote zun..

Aurra zala, erori egin zan ta arpegia zearo itxura galduta gelditu zitzayon (2). Orregatik “Moko” edo “Indalezio Moko” esaten zioten..

Geroago zezen batek adarra iztarretik sartu ta oso gaixo utzi zun. Zenbait astebete oyean pasa bear izan zitun. (3) .

Arotza izan zan. Arzuaga zeritzayon baten aroztegian ibilli zan lanean. Laneko bi lagunen izenak badakizkigu: Domingo Kanpaña famatua ta Erramun “Moko”. Beraz, onek Bilintxen izengoiti ber-bera zun..

Argitasun auek Pepe Artolari zor dizkiogu, Onek Bilintxen gertaera batzuk idatzita utzi dizkigu. Liburu onen bukaeran jarri ditugu. Ez dira asko, bañan mesede ederra egiten dute Bilintxen alderdi danak ezagutu-arazteko..

Bestela ere badakizkigu beste gertaera batzuk. Danen aurretik kontatuko deguna oso ezaguna da, batez ere Donostian. Bañan emen jarriko degu “Euskal-Erria” aldizkarian 1885 urtean, beraz Bilintx il da amar urte bete baño len, dagon bezelaxe. Ala dio:

Bein batean kalean zijoala Bilintx gogoangarria, igaro zan bere aurretik gizon bat zerbait moxkortua, eta esan dio:

Adio Bilintx...

Eta Bilintxek, itzetik ortxera, erantzun zion:

Adio Balantx.

Aldizkari onek berak (T. 41, 1899) Bilintxen beste ateraldi au kontatzen digu:

Buru soil edo illegabekoa zuen antzera, lagunen batek, far egin nayean, kentzen omen dio txapela esanaz:

¡Oi, oi, Indalezio, ire buruak, gazta zirurik, motell!.

¿Zergatik?.

Legun leguna ta zuriya dagoelako..

Eta ireak, berriz, illerri edo kanposantua..

¿zergatik?.

Illez betea dagoelako.

Beste bein, nagusiak bialdu omen zitun Bilintx ta beste langille bat Ixturin ta Miraconcha tarteko “palaziyo” batera, “mueble” batzuk eramatera. Garai artan, inguru artako Muntto baserrian-eta, sagardotegia izaten zan. Batak besteari esan zion: “Aizak, sagardoa eran bear diagu. Ara, palaziyo ontan zakurra izaten dek, bai, ta egin zagun papera zakurra zaunkaka irten ta guk alde egin bear izan diagula”. Alaxe egin zuten: mueble, gurdi ta guzi bertan utzi ta sagardotegira. (4).

Noiz ez dakigula, Teatro zarreko konserje egin zuten. Bizi tokia ere an bertan zun. (5) Jendeari “refreskoak”, ura “eskonfakin” ta orrelakoak saltzen aritzen zan. Artarako dendatxo bat-edo an bertan omen zun. (6) .

Bein zortzi milla errial lapurtu zizkioten. Manterolak ala dio: “de su establecimiento”, ta dendatxo ontatik eramango zioten diru pilla ori. (7) .

Konserje izanik ere, etzion arotz-lanari laga. Bein Teatro zarraren atarian “trintxa” deritzayon erreminta zorrozten ari zan. Egun artan komeria edo zer edo zer bazan Teatroan. Mutil bat alderatu ta esan zion: “Aizu, Bilintx, sartu nazu”. Ta Bilintxek: “Bai, zorroztean”. Alegia, zorroztutakoan trintxa sartuko ziola. (8).

Bere emaztea Nikolasa Erquicia Macazaga izan zan. San Bizenteko paperak Azkoitiarra zala diote. 1846 edo 1847 urtean jayo zan. 1932 urtean il zan ta oraindik ere asko daude Donostian artaz oroitzen diranak. Oso emakume prestua omen zan..

Bañan ez San Bizenten ta ez Santa Marin, ez degu ezkontzako paperik arkitu. Bearbada, andregaya Azkoitikoa izanik, emen ezkonduko zirala ta abixua eman nion Azkoitiko erretoreari. Badakit ango paperak aztertu ditula bañan ez du ez jayotzako ta ez ezkontzako paperik arkitu. Lenengo semea 1870 urtean izan zuten, amak 24 urte zituala, ta 1869 urtean-edo, ezkonduko ziran..

Bi seme ta alaba bat izan zituzten: Benito (1870-I-12), Pio Franzisko (1871-VII-ll) ta Maria Ana Hilaria (1874-VII-26). (9).

Esan degun urtean ezkondu baziran -askoz lenago ezin ezkonduko ziran beintzat- Bilintx berandu xamar ezkondu zan, 38 bat urteekin. Beraz egia dirudi erriak diona: alegia, itxusia izanik (txikitan erori zan exkeroztik, esan degunez), neskatxak etzutela begi onez artzen. Au ala izanik, Loyolako Ja-jai arek egiazkoa izan bear du, ta bere amore kontuak kontu ugariak izan bear dute..

Bilintxen amoriozko bertsoak zein urtetan jarriak diran, beti ez bañan batzutan badakigu. Auei begiratu ta 1857, 1862 ta 1868 urtean jarriak dirala ikusten degu. 1868 urteko ori ez ezik, gañerakoak Nikolasak amaika eta amasei urte zituala jarriak daude. Beraz, ez dirudite arentzat jarriak diranik, ta alderdi ontatik ere egitzat ar dezakegu erriaren esana..

1868 urteko bertso oyetaz Manterola’k esaten digu Nikolasa’rentzat jarriak zitula. Garai ontan bazitun onek ogei ta bi bat urte. Azkeneko bertsoan dio lau bat urte bazirala dama ori “bere oroitzan faltatu gabe zegola gau ta egun”..

Au ta beste bat edo bi ez ezik, bere amoriozko kanta danak badute barrenen alako samintasun bat: galayak damari maitatu bai, bañan damak galayari kasorik ere egiten ez diola. Zea onek ere egia dala ematen du. Itz batean esateko, bere amoriozko kantetan Bilintxek bere biotza zabal zabalik jartzen digu..

Manterola, Benito Jamar, Antonio Peña y Goñi ta Mourlane Michelena’k Bilintxen gauza asko kontatu dizkigute (10):.

Esterlines kalean bazan garai artan “Cafe Oriental” zioten bat. “Heladuak” egiten sona aundikoa zan. Iñor ez edo jende gutxi egoten zan orduetan, literatura-zale batzuk biltzen ziran ara. Ayetako bat Bilintx. Onek bere bertsoak esaten zitun. Antxe ezagutu zitun Campoamor olerkariaren Doloras izendatutako itz-neurtuak. Izugarri gustatu ta alakorik asmatu nai izan zun, bañan ezin. Etzan ori bere bidea..

Bañan Benito Jamar dalako orrek irakurri zizkion ordun Becker’en Rimas ta Aguilera’ ren Elegías. Bilintxek entzun omen zitun arrituta, bere anima olerkariaren animarekin zearo bat eginda. [10'].

Beste bein, kayeko taberna batean, Benito Jamar onek irakurri zizkion erderara itzulitako Heine’ren zenbait bertso. Bilintxek entzun zitun biotza saltoka ari zitzayola: “¡Ederrrraa!...” esaten zun, edo bestela txapela eramaten zun malkoz bustitako bere begietara. Ta Jamar’ek -au berriz Bilintx ala ikusiaz arrituta- aldamenekoari esaten zion: “Ikusi al dek arpegi luze orreri?...”..

Urrutiko ibillaldien kontaerak ere gustokoak zitun. Maiz aitatzen zitun Mac-Clure, Hue, ta Livingstone ibiltzale ospetsuak. Ta urrutiko tokien irudiak gorde egiten zitun: Tibet, Lago Victoria,....

Soraluze, gau batean, izarren izenak esaten ari omen zitzayon. Bilinx arrituta zegon zeruaren edertasunari begira. Ta alako batean esan zun: “Auts ariña naiz”..

Bein batean esan zion Jamar oni: “Ni ez nazu maixua. Bertsoak antolatzen ditut udazkeneko arratsaldetan kupelako lenengo zizarrarekin kantatzeko modukoak.”.

Erdera poliki xamar zekien, bañan etzun izan bear eskola aundirikan. Arratsalde batean esaten omen zun: Iya ez baidakit irakurtzen. Bañan irakurri egiten det irakurri bear dana”..

Bere suerte txarragatik esaten omen zun: “Bizitzak makillazoka erabilli nau, asto biyurri baten gisan”. Ori zionean, etzekien gizajoak zer gurutz-bide ikusteko zegon..

Bañan au dana ala izanik ere, Bilintx benetako bertsolaria al zan? Au da: bertsoak jarri ez ezik, bat batean botatzen ere ba al zekin? Bayetz erantzun bear degu. Ta ona emen ezaugarri batzuk:.

Domingo Kanpañari botatako bertso famatu ura bat bateko izan zala, ongi asko dakigu, Dunixi jaunaren lan baten bidez. Lan ori liburu ontan azaltzen da, azkeneko orrialdeetan..

Liburu ontan estrañako aldiz agertzen diran bertso batzuetan, “Aspaldiyan deitzen diranetan, Bilintxek adierazten du Ondadarrabi-ra bertsotara joan izan dala ta berriro ere bertsoetan aritzeko prest daukala bere burua. Bertso oyek ez dira “desapiyo” bat baizik..

Pepe Artola-k kontatzen digu Bilintx igande arratsalde batean Ernani-n bertsolari batekin elkartu, bertsoetan asi ta Bilintxek etorri aundia zuen ezkero bereala menderatu zuela bertsolari ura. Gertaera au ere azkeneko orri-aldeetan arkituko du irakurleak..

Laugarren ezaugarria da Antonio Peña y Goñi jaunak kontatu diguna:.

Garai artan, austerre egunarekin, merienda on bat egiten omen zan. Oitura alaxe zegon. Jateko danak edo geyenak beintzat, “mariskuak” izaten omen ziran: lanpernak, lapak,... ta zea luzetxo batzuk, “deitus” deitzen ziranak..

Ori dala ta 1860 urte inguruan, austerre egun batean, Arsuaga Bilintxen laneko nagusiaren etxean meriendatzera bildu omen ziran Arsuaga bera, Ramon Emparanza, Jose Javier ta Policiano Serrano, Domingo Peña, Antonio Peña y Goñi, ta... Bilintx ta Domingo Kanpaña. “Paseo de Atocha-n” omen zegon Arsuagaren etxea..

Ari omen ziran jan da edan guztizko sasoyean ta alako batean Kanpañak bertsoa bota omen dio Bilintxi, ziria sartuaz..

Kanpaña ori sekulakoa omen zan: aundia, gizena ta oso lotia. Bonbardinuaren jotzallea zan ta soñu-banda prozesioan edo kale-jiran kaleetan barrena jotzen zijoala ere, iya lo artu egiten omen zun. Bein “La Fraternal” zeritzayon lagun-artean “billar” dalako joku ortan ari zan. Makillazo bat jotzera zijoala txistua botatzeko arpegia beste aldera jira ta erdi lo-tan gelditu omen zan. Bañan ala ere, polikitxo omen zekin bertsotan..

Ba, Kanpañaren bertso orrekin izugarri bertso-festa ederra asi omen zan Bilintx ta Kanpañaren artean..

Bilintx etorri aundikoa omen zan ta aren erantzuna errex, zorrotz ta tximista bezin bizkor sortzen zan..

Kanpañak berriz “manxo” xamar itzegiten omen zun ta asnasa ere soñu aundiz erabiltzen zun..

Ikustekoa omen zan: Bata, Kanpaña, lodia, umore txar guzien ontzia balitz bezela; bestea, Bilintx, estu ta medarra, arpegi puskatutako deabrutxo baten antzekoa..

Orrela aritu ziran bertsotan, alkarri gorputzaren akatsak agertuaz ta itz txarrak erantsiaz, kupira gabe gaizki esaka, ayen lagunak ayen ateraldi ta xelebrekeriz parre algaraz eztanda egin bearrean ari ziran bitartean..

Beraz, Bilintx benetako bertsolaria zan. Ez du onek esan nai bere bertso danak bat batekoak izan ziranik. Bertsolariak batzuetan “jarri” ta besteetan “bota” egiten dituzte bertsoak. Orrela egin zun Bilintxek ere, eta bertsolarien artean leku eman bearrean arkitzen gera, eta ez alajaña bazterreko lekuren bat..

Bilintxen beste zea bat joku zalea izatea omen zan. Ez diru zalea zalako. Suerte utsezko jokuak begitan artuak zitun. Nor gallen geratzea, ori omen zan Bilintxek jokuan nai zuena. Ez omen zun dirurik jokatzen, bañan kontrarioa azpiratzeko irrikitan egoten omen zan..

Tutea oso maite omen zun, batez ere iru lagun arteko tutea, garai artan “la pincheta” esaten zana. Durduri ta asarre ta bere onetatik aterea bezela jartzen omen zan batzuetan. Gabino Iribas patxara aundiko gizona izan ta uraxe omen zan Bilintxek kartetan aritzeko nayago zuen laguna. Au kontatu diguna, Antonio Peña y Goñi ere, maiz aritu omen zan tutean Bilintxekin, bañan bera ere jokurako Bilintxen antzekoa izan ta askotan sesiyoa izaten zuten azkenerako. “Cafe de la Marina” zeritzayonean aritzen ziran ortan..

Bañan karlisten bigarrengo gerratea sortu zan. Donostian liberalak “Batallon de voluntarios” zeritzayona sortu zuten. Oik ziran erritik kanpora ibilli ez bañan etsaya ingurura etortzen bazan, ari gogor egiteko..

Bilintxek bereala eman zun bere izena. Laugarren konpañian sartu zuten (11)..

Asieran karlisten partidak mendiz mendi ibiltxen ziran, Santa Cruz-eta buru zutela. Bañan pixkanaka batalloyak antolatu, Tolosa artu, ta 1875 urtean, itxas-bazterreko erri batzuk ez ezik Gipuzkoa guziko nagusi ziran..

1875 urteko Agorraren 23’an Donostia bonbardeatzen asi ziran. Kañoyak Arratsain mendiaren egalean zituzten. Gazteluan beti egoten zan bat edo bat begira jarrita, ta kañoyaren kea-edo ikustean, kanpayari eragiten zion, jendeak bere burua al zun tokian izkutatu zezan. Oraindik ere ageri da gazteluan kanpai ori zegon tokia. Kanpaya entzun ta granada erori artean, Bulebarra alde batetik bestera igarotzeko denbora izaten zan (12)..

Bein batean kalean zijoan gizon bati granadak jo ta burua kendu zion. Burua bueltaka erori omen zan lurrera. Bestean, emakume bat astoarekin zijoala, kanpai-otsa entzun ta sartu egin zan ezkaratz batean. Granadak astoa jo ta zearo purrukatuta utzi omen zun (13)..

Ori izan zan ia bost illabete buru Donostiaren biziera..

1876 urteko Ilbeltza etorri zan ta 20’an San Sebastian eguna, erriko patroya. Arratsaldearen asieran Bilintx etxean zegon, bere gelan ain zuzen ere (14). Manterola’k berriz dio (15) bere gelan, goizean, traje berri bat estrañatzera zijoala. Entzun ere izan degu bere burua meza nagusirako prestatzen ari zala. Seguruena izango da Diario de San Sebastián dalako orrek diona, arratsaldearen asieran gertatu zala. Ta ordua edozein izanda ere, bere gelan zegola beintzat, granada bat bertan erori ta anka biak zearo purrukatu zizkion..

Sei illabete bizi izan zan oraindik, oyean, miñez ta oñazez, esate baterako, eriotzaren zai..

Bitartean liberalak egundoko soldau-pillak gertu ta berreun bat milla gizon bota zituzten karlisten kontra. Auek jende gutxi ziran ainbesteri gogor egiteko. Otsaillaren 18’an alde egin zuten Donostiko ingurutik ta 28’an Don Carlos’ek bere “volveré” famatu ura esan ta izkutatu egin zan Arnegi’tik barrena..

Pakea beraz etorria zan, bañan oyetik ta oñazen tartetik jasoko zun Bilintxek pakearen berria..

Uztaillaren 22’an Madriden euskal fueroak kentzeko agindua firmatu zan. Bilintx ordea egun artan-bertan il zan goizeko lauretan 45 urteekin eta etzun ezagutu fuerorik gabeko Euskal-erririk (16)..

Lur-ematea urrengo egunean izan zan. Illetako Meza zortzi t’erdietan Santa Mariko elizan. Gorputzari laguntzen, aideak, adiskideak, ta esandako batalloyaren buruzagi ta lagunak izan ziran. Balta ere gobernadore ta alkatea (17)..

Meza bukatu ta gorputza Teatro zarraren parera irixtean, soñu-banda bat azaldu zan. Bere batalloyaren soñu-banda zan ta il-soñu bat joaz lagun egin zion gorputzari (18)..

San Bartolomeko kanposantuan lur eman zioten. Andik amabi bat urtera, oraingo Polloe-ko kanposantura ekarri zuten (19) ta orain ontan dago San Prudencio kalean 72’garren illobian, bere emazte, bi seme ta erraña ta iru billoben gorputzen batera. Gu ara joan giñanean igartutako lore-mordoxka bat zegon arriaren gañean..

Ill-obiak goiko aldean Bilintxen irudia du ta beraxeago onako au dio: ¡Bilintx! / Donosti maite ontan zure / bertsoak entzun genituenok / esan genezake Jaunaren / miserikordiak kantatzera / joan ziñan ezkeroztik / zerua bera gozoagoa / izango dala. * * *.

Bilintx il da gero, alargunari estanko bat eman zioten, bizimodua nolabait ere atera zezan. Teatro zarraren aurre aurrean zegon, kale nagusia ta Embeltrán kalearen kantoi kantoyean, gaur “Granja Urumea” dagon ortan..

1880 urtean “Juana Bixenta Olabe” inprentatu ta salgai jarri zun bere dendatxo ontan..

Seme zarrena, Benito, bularretik gaixotu ta 1898 urtean 28 urteekin il zan..

Beste semea, Pio, 1946 urteko Otsaillaren 16’an il zan, 73 urteekin. Oso ezaguna izan zan Donostian. Denbora asko Madriden bizi izan zan. Baita bere ama ere. Orain Pio onen semeak bizi dira..

Alaba, Maria Ana Hilaria’k, ez dakigu zer bizimodu izan zun. Bere izenik azaltzea nai ez duen Donostiar zar batek, gertaera polit bat kontatu digu alaba onetzaz. Entzun genion bezela jarriko degu emen:.

Tabuyo izan zan garai bateko sona aundiko kantaria. Errenteriarra zan..

Bein, Madriden zala, lagun batzuekin bildu zan gau-festa batera. Lagunak atsegin zuten ta Tabuyo kanta kantari ari zan Bilintxen kantak ere bai..

Gau txarra zegon: otza, euria, elurra,... Bañan jende geyegiz-edo tokia berotu ta leyoa idiki bear izan zuten aizea berritzeko. Kalea uts utsik zegon, bañan leyoa idiki zunak ikusi zun balkoi baten azpian emakume bat zegola geldi-geldi. Esan zien lagunai: “Ara, emakume bat dago or, dagon egualdirekin gure kantak aditzen”..

Deitu ta galde egin zioten: “Bañan nolatan dezu kanturako orrenbesteko zaletasuna?”.

Erantzun zuen: “Nere aita zanaren kantak kantatzen ari ziñaten da...”..

Bilintxen alaba zan. Alaxe kontatu zidan Donostiar zar arek ta nik galdetu nion: “Ta nundik dakizu ori edo nork kontatu dizu?”..

Segituan erantzun zidan: “Tabuyo’tarrak berak, gure etxeko lagun aundiak bait ziran”..

Joakin Muñoz-Baroja jaunak ere alako zer edo zer aditua du.

Oharrak:

1) Orain arteko berri danak San Bizenteko paperetatik artuak ditugu. Lan ori egin diguna Pepe Artola’ren billoba da, Juan Maria Artola, Milla esker.
(2) J. Manterola: Cancionero Vasco, 2.ª serie, Tomo I, Abril de 1878.
(3) J. Manterola: “Cancionero Vasco, 2.ª serie, Tomo 1, Abril de 1878”.
(4) Dunixi jaunak (Dionisio Azcue) kontatua.
(5) Makiña bat tokitan ageri dana.
(6) Joakin Muñoz-Baroja jaunak esana.
(7) J. Manterola: “Cancionero Vasco, 2.ª serie, Tomo I, Abril de 1878”.
(8) Dunixi’k kontatua.
(9) Santa Mariko paperetatik.
(10) J. Manterola: “Cancionero Vasco, 2.ª serie, Tomo I, Abril de 1878”..
Antonio Peña y Goñi: “Euskalerria, 1885, 433 orrialdea” .Lan ontan esaten dunez, badu jaun onek Bilintxen bizitzaz beste lan bat “El Imparcial” zeritzayon Madriko periodikuan, bañan ez degu eskuratu al izan.
[10'] Benito Jamar: “Poesía Euskara, Biblioteca Selecta de Autores Vascongados, San Sebastián, 1896, Prólogo de Benito Jamar”..
Mourlane Michelena: La poesía vasca en el siglo XIX, Primer Congreso de Estudios Vascos, Oñate, 1918.
(11) Diario de San Sebastián, 1876-VII-22 ta 23.
(12) Zarrai entzuna.
(13) Zarrai entzuna.
(14) Diario de San Sebastián, 1876-I-21.
(15) J . Manterola: “Cancionero Vasco, 2.ª serie, Tomo I, Abril de 1878”.
(16) “Diario de San Sebastián”, 1876-VII-22.
(17) “Diario de San Sebastián”, 1876-VII-23.
(18) “Diario de San Sebastián”, 1876-VII-23, ta Antonio Peña Goñi “El Día”-n (1931-V-1) aitatua.
(19) Francisco López Alen: “Iconografía de Guipúzcoa”, San Sebastián, 1898.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org