7. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Elizondo Jose »  Alkate ona »  7. Irudia

Jose Elizondo. Alkate Ona

Zazpigarren Irudia

Txomin, Urtzale eta Ijitoa

(Sartzen da Ijitoa bizkarrean tximua eta kotorra bat barruan daukan kaiola, dakarzkiela, filarmonika zahar bat jotzen).



Ijitoa.- Jinkuak adur on dizuela, jaunak

Txomin.- Musika ere badugu?

Urtzale.- Komedianteak herriratu zaizkigu, Txomin.

Ijitoa.- Tximua dantzan ikusi nahi baduzue, sos batengatik ikusiren duzue

Txomin.- Ez dugu tximu beharrik; aski tximuak gara gu ere.

Ijitoa.- Orduan, kotorrak, gure presidenteak senatuan egin dun mintzaldia egingo dizue.

Urtzale.- Zer? Ijitoak ere presidentea baduzue?

Txomin.- Bai hauen aziendak gobernatzeko.

Ijitoa.- Gure presidentea dela erratea nahi ez baduzue frantsesena dela errango dut.

Txomin.- (eskuekin bere kopeta joaz) Arranoa! Non daukat burua? (Ijitoari) Zaude, zaude; salduko al zenuke kotorra?

Ijitoa.- Ez baitaukat saltzeko, baina sos premian nagoelarik animali biak salduko dizkizut.

Txomin.- Ez dut tximu beharrik.

Ijitoa.- Ezin saldu nitzake biak baizik.

Txomin.- (bere artean) Tximua ere erosi egin beharko diot (Ijitoari) Zenbat nahi duzu bada animalia biengatik?

Ijitoa.- Ehun libera; ez bat gutxiago eta ez gehiago.

Txomin.- (Urtzaleari) Zenbat dira ehun libera?

Urtzale.- Ehun pezeta edo ehun lau errealeko.

Ijitoa.- (Txomini) Nahi duzu edo ez?

Txomin.- Bai zera! Asko da; gure andreak xahutuko ninduke; gau eta egun marmarka isildu gabe jardungo luke.

Urtzale.- Askotxo da, bai; (Ijitoari) Eskatu duzun erdiarekin ere aski duzu.

Ijitoa.- (Txomini) Tori bada animaliak, baina, bihar artean ezkutuan eduki behar baituzu. Ekar iezazkidazu berrogeita hamar libera.

Txomin.- (Ematen dizkio berrogeita hamar pezetak eta tximua eta kaiola hartzen dizkio)

Ijitoa.- Agur jaunak. (joaten da erdiko atetik)

Beste biak.- Agur.

(Txomin tximua eta kaiolarekin, eskuineko atetik joaten da).









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org