9. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Elizondo Jose »  Alkate ona »  9. Irudia

Jose Elizondo. Alkate Ona

Bederatzigarren Irudia

Urtzale eta Txomin



Txomin.- (sartuaz) Orain puska baterako bakea egin dugu. Andrea etorriko ez balitz nahi nuke, arranopola.

Urtzale.- Zu zeran gizonarekin andrearen beldurrez zaude? Ez dakit horrenbeste arraiorekin nola oraingoz kiskaldu ez duzun.

Txomin.- Kiskaldu? Berak bai kiskaltzen didala odol guzia; galtzarbean daukadan txoria ere berak eragindakoa da

Urtzale.- Zer? Galtzarbean kaiola al daukazu?

Txomin.- Kaiolarik ez daukat, baina txoria bai.

Urtzale.- Eta ez al du ihes egiten?

Txomin.- Atea zabaltzen diot baina ez du alde egin nahi, arrano madarikatuak.

Urtzale.- Arranoa alda bada?

Txomin.- Ez gizona, ernada*.

Urtzale.- Ernada? Aurtengo pasakoa izango da, beraz?

Txomin.- Bai zera! Bi urte hauetan neronekin daukat eta; berbera, egun bitik batean sendakuntza egitera etortzen zait.

Urtzale.- Zer bada? Txoria gaixorik al dago?

Txomin.- Ez gizona. Zer arrano da berau? Nire andrea baino berritsuago zera. Ez al dakizu galtzarbean sortu ohi den zuldarrari ernada deitu ohi zaiola; erdaraz golondrino?

Urtzale.- Angela Maria! Zuldarra daukazu beraz?

Txomin.- Bai laster etorriko zait barberua sendakuntza egitera, baina, alatxanpaina bidaliko dut, ez dit ezer ere aurreratzen.

Urtzale.- Hori, bikearekin sendatuko zenuke.

Txomin.- Bikearekin? Ipini ezazu zuk mingainean. Mormuarekin nagoela uzte al duzu? (haserretuta)

Urtzale.- (bere artean) Hau da jenio txarra daukana! (Txomini) Zure onagatik esan dizut, baina, onesten ez badiozu, barka iezadazu.

Txomin.- Berriketari utzita, tragoxka bana edan dezagun, Urtzale.

Urtzale.- Nahi duzuna, Txomin.

(Txominek ateratzen du zahagitik pitxarra bete ardo eta mahaian lagata aulkian esertzen da Urtzalerekin batera. Betetzen ditu bien edontzi edo basoak eta eskaintzen dio bat Urtzaleri.)

Txomin.- Tira Urtzale ardozalea; horrenbeste jardun eginda egarriz egongo zera-eta edan ezazu.

Urtzale.- (edontzia hartuaz) Eskerrik asko, Txomin. Zure ernadaren osakuntzagatik edatera noakizu. (edaten du Urtzalek)

Txomin.- Eta ni zure korkoxaren osasunagatik (edaten du Txominek) Nola egin zenuen korkox zorrotz hori?

Urtzale.- Nik ez nuen egin; amak egin zidan.

Txomin.- Jaiotzezkoa duzu, beraz?

Urtzale.- Ala izan behar du; nire gogamenaz geroz, neronekin darabil eta. (bere artean) Gezurretan atsituko ote nau?

Txomin.- Iruditzen zait, hemen sartu zerenez geroz, korkoxa hazi egin zaizula.

Urtzale.- Izan daitekeena da; ilgoran hazi eta ilbeheran gutxitu egiten zait.

Txomin.- Beraz ilargiari igartzeko ez duzu pronostiko beharrik.

Urtzale.- Ezta palometrorik ere.

Txomin.- Utziko al didazu korkoxaren gainetik neurria pasatzen?

Urtzale.- Leun-leun bada, bai, baina, kontuz ibili zaitez alperrik galdu ez diezadazun.

(Txomin jaikitzen da eta Urtzalek ikusi gabe patrikeratik loteriako txartela aterata pasatzen dio hiru edo lau aldiz korkoxaren gainetik; gero korkoxari usain eginaz txartela patrikeran gordetzen du.)

Txomin.- Hauxe da usain gozoa korkoxean daukazuna. Gazta usaia dela esango nuke gezur handi gabe.

Urtzale.- Izan daiteke; bularrekoa nintzala amak eman zizkidan esne guztiak hor dira eta.

Txomin.- Ez daukazu gose beldurrik, beraz.

Urtzale.- (bere artean) Baina bai juez jaunarena.

Txomin.- Edan dezagun, Urtzale, laster aberastuko garenen pozean bada ere.

Urtzale.- Nik behintzat sinisten dut aberastuko naizena; nire anaia hori lehen ere txit saiatua zen eta ez diot gaitzesten aberats porrokatua etorriko denari; etorrita pulmonia bat harrapatuko du edo txakur amorratu batek kosk egingo dio eta hilko da; orduan bere diru guziak niretzat izango dira.

Txomin.- Bejondeizula eta hala izan dadila, Urtzale.

* Ernada = enara









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org