11. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Elizondo Jose »  Alkate ona »  11. Irudia

Jose Elizondo. Alkate Ona

Hamaikagarren Irudia

Txomin, Urtzale eta Kaxilda



Kaxilda.- (sartuaz) Zer iskanbila da hau? Ez al dugu une bateko bakerik behar?

Txomin.- Zu bezalako deabruak diren lekuan, bakea nekez izango da. Emakumea, gu bakean gaude eta zaude isilik, mila arranorekin.

Urtzale.- (bere artean) Orain ere, arranoak milaka irten zaizkio ahoko zulotik; arranoz betetako habia dauka zintzurrean, Txomin arrano honek.

Kaxilda.- (Urtzaleri) Ez dakizu ondo, honen onduan daukadan infernua, batean arranoa dela, eta bestean galtzarbeko txoria.

Txomin.- Eta nik zure ondoan zerua daukat. Nire oinaze eta atsekabe guziak zure berritsukeriagatik dira, igarri dizut.

Urtzale.- Baliteke, bai; emakumeen mingaina zorrotza baita.

Kaxilda.- Zuria leuna! Ardoa milizkatzeko bai. Hobe zenuke sor duzun ardoa pagatuko bazenu.

Urtzale.- Emakumea, ez zaitezela estutu; aberastutakoan propina eta guziarekin pagatuko dizut.

Txomin.- Tira Kaxilda, zoaz sukaldera zazpiehun mila arranorekin; bakea behar dugu; bakea.

Kaxilda.- Ez naiz joango zer iskanbila izan duzun jakin arteraino.

Urtzale.- Hutsa izan da; Txominek, Bizarginari sendakuntza pagatu nahi izan ez dio, arrazoi zuen-eta.

Txomin.- (Urtzaleri) Txitua bezala itoko zintuzket, berritsu arranoa. Orain zer dauka andreak zer jakin Bizarginarekin gertatu zaidana?

Kaxilda.- Hori ere badugu? Nik pagatuko diot, soinekotarainoko guziak salduko baditut ere.

Urtzale.- Laga iezaiozu Txomin soinekoak saltzen; gero salbajeak bezala taparraboarekin ibiliko da.

Txomin.- Bai, eta bera eta zu, ferietako barraka batean aterako zaituztet. A zer pilumeno parea!

Kaxilda.- Hori ere egingo zenuke zuk, baina ez duzu lortuko, zure egin ahal guziagatik ere.

Urtzale.- (sabelari eutsiaz) Ai... ai... ai!

Txomin.- Zer duzu, gizona?

Urtzale.- Hil behar dut; hauek oinazeak!

Kaxilda.- Non?

Urtzale.- Hesteak, urdaila eta biriketarainoko guziak erretzen dauzkat... Ai!

Txomin.- Hori hutsa duzu, gizona; laster joango zaizu.

Urtzale.- Ez, ez, ekarri ezazue sendakina edo apaiza; hil behar naiz-eta.

Txomin.- (heltzen dio Urtzaleri eror ez dadin eta eramaten du aulkian esertzera) Eseri zaitez hemen eta joango zaizu; ni ere horrela egoten naiz ernada mokoka hasten zaidanean; zuri ere ernada arranoren bat hesteetan sortu zaizu.

Kaxilda.- Edo ardo kumea; zure galtzarbekoa bezalakoa.

Txomin.- Berritsu arranoa.

Kaxilda.- Banoa, sendakinari deitzera, nahigaberik izan ez dezagun zorioneko korkoxarekin (Kaxilda ateratzera doala, sartzen dira erdiko atetik Alkatea eta Bizargina)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org