15. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Elizondo Jose »  Alkate ona »  15. Irudia

Jose Elizondo. Alkate Ona

Hamabosgarren Irudia

Lehengoak, Mikeletea, Ijitoa eta Ijito andrea

(Ijitoa eta Ijito andrea sartzen dira Mikelete batek aurrean dakartzala)



Mikeletea.- Alkate jauna: hona hemen lapur bi non dakarzkiodan.

Alkatea.- Lapurrak al dira? Zer ostu dute?

Mikeletea.- Atezabal baserritik astoa ostu dute, baserrikoak soroan lanean ari zirela, eta jabeak ezagut ez zezan begi bat atera diote animalia gaixoari.

Alkatea.- (Ijitoari) Zer? Begietako operazioak egiten ere ikasi duzue? Nik bilatuko dizuet bezeri (parroki) ona ofizioa ahatz ez dezazuen; kartzelako euli guziei begiak atera arteraino ez zaituztet handik aterako.

Ijitoa.- Jauna, guk ez diogu inori astorik ostu; gurea da.

Mikeletea.- Zuena izan balitz ez zen laga dugunean Atezabalgo ukuilura joan den bezala joango.

Ijito andrea.- Goseak zegoen eta lasto usainera joan da.

Txomin.- (Ijito andreari) Eta zu zeren usainera etorri zera lehen onera, etorkizunaren igarlea zinala esatea? (Ijitoagatik) Beste honekin panpantxo eginda niri hamar duro ziplatzeagatik? (Ijitoari lepotik heltzen dio) Itoko zaitut nire dirua atzera ematen ez badidazu.

Alkatea.- Laga egiozu, Txomin, zuk ere erruak badituzu eta; gogora zaitez ardoari zer egiten diozun urarekin eta Sangrijuelasi sendakuntza pagatu izan nahi ez diozula; gainera, ez dagokizu zure eskutik justizia egiterik; zerbaitegatik nago ni hemen.

Bizargina.- Bai, alkate jauna; berorrek justizia egin beza, eman diezadala zor didana.

Alkatea.- (Bizarginari) Zu ere isilik zaude, erruak dituzu-eta. Zertan eduki duzu Txomin gaixoa horrenbeste denboran sufritzen, sendatu edo hil, zirt edo zart egin gabe? Sendakuntzan ez dakizulako edo zure irabazia luzatzeagatik? Batera edo bestera dela errudun zera.

Urtzale.- Hori da ondo hitz egitea, hori.

Alkatea.- (Urtzaleri) Zu ere mutu bazeundeke, gazta ostu duzu-eta.

Urtzale.- Baina nik ez dut inor engainatu; goseak nengoan eta zer egingo nuen zegoan lekutik hartu baino?

Alkatea.- Mendira joanda belarra jatea zendun. (Aguazilari Ijitoagatik) Eraman itzazu hauek kontzejupeko ostatura eta hango euli guziak itsutu edo begibakartu arteraino eduki itzazu.

Ijito andrea.- (belauniko) Barka biezagu alkate jauna; ez dugu gehiago horrelakorik egingo eta.

Ijitoa.- (Urtzaleri) Anai; lagundu nazak kartzelatik libratzen.

Urtzale.- Ni zure anaia?

Ijitoa.- Bai, ni nauk, Juan hire anaia, txikitan Juantxo deitzen zidatena eta Frantzia aldera joanda aspaldian nengoena; sinisten ez baduk, hona hemen (kentzen ditu Ijitoak bizar ordezkoa (postizoa) eta peluka) Ezagutzen al nauk?

Urtzale.- (harrituta) Juantxo! Nire anaia haiz, bai, baina nola ijitotu haiz?

Ijitoa.- Goseak ijitotu nauk.

Alkatea.- (biei) Zuek goseak egindako umeak zarete, noski.

Txomin.- Ijito madarikatua! Bere ama ere engainatuko luke; darion hitza ere besterena dela esango nuke, birau arranoak.

Urtzale.- (Ijitoari) Ondo nengoan hire aberastearen zain egon banintz.

Txomin.- Baita ni ere, horien esanaz gainera andrea mututuko zitzaidala sinistuta; deabruak eramaten baditu ere ez da askorik galduko.

Kaxilda.- Ondo egin zaizu, ondo; hemendik aurrera isildu gabe jardungo dut nahi dudana esaten.

Alkatea.- Tira, orain guziak isildu zaitezte, justizia egitera noa eta.

Guziak.- Bai, bai, justizia nahi dugu.

Alkatea.- Sasi-alkate banaiz ere ez naiz zentzu-argiz motza; ez dut behin ere belarra hasten ikusi baina, badakit zapoa zer zulotan ezkuta daiteken. Ez dut justiziako liburuetan estudiatu baina gogoan daukat aitonari ikasi nion esaera gogoangarri bat.

Guziak.- Zer? Zer?

Alkatea.- Hobe dela errukia gogorkeria baino.

Guziak.- Egia, egia.

Alkatea.- Eta... horrengatik ez zaituztet gogorrean hartu nahi.

Guziak.- Ondo egina, ondo egina.

Alkatea.- Batez ere, niri kalterik egin ez didazuelako.

Guziak.- Ezta egingo ere.

Alkatea.- Beraz, elkar barka iezaiozue, izan dituzuen ezbaiak eta kito.

Guziak.- Bizi bedi gure alkate ona.

Txomin.- Nik ezbaiak barkatzen ditut baina ez hamar duroak.

Alkatea.- (Ijitoari) Zerorrekin al dauzkazu Txominen hamar duroak

Ijitoa.- Bai jauna.

Alkatea.- Ekar iezazkidazu, bada.

Ijitoa.- Har bitza. (ematen dizkio)

Alkatea.- (Ertzainari) Berrogeita hamar pezeta hauek herriko gaixoen artean banatzeko dira, gehienak ardo minarekin daude-eta.

Txomin.- Lehen ere esan diot ura bakarrik egiten diodala.

Alkatea.- Berdin da; uraren diruak dira eta ura herriarena da; zuria ez.

Guziak.- Herriarena da, bai.

Alkatea.- Orain Urtzaleren gazta, guzion artean jan dezagun, Txominek ardo puska bat eman nahi badigu.

Ertzaina.- Baina gazta ez da Urtzalerena, artzainena baizik.

Alkatea.- Hori ez da herrian gertatu dena eta ez daukat nik berarekin zer ikusirik; geldi dadila Urtzaleren kontzientziarako.

Urtzale.- Bai jauna; laga nire kontzientziarako.

Alkatea.- Gainera nire justiziak, horrenbeste balio dula uzte dut.

Guziak.- Baita gehiago ere; jan dezagun, bada, jan dezagun! Bizi bedi gure alkate ona.

Alkatea.- Egon zaitezte nik zerbait esan artean. (jendeari)

Jendeak egin arren irri eta farra
ez naiz mundu honetan alkate bakarra;
makina bat badago eme edo arra
non daukan ez daki(e)la begiko makarra.

Txomin.- - Orain euskaldunari on dagokiona da txaloz ondratzea gure Alkate ona.



Amaia













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org